06 JUIN 2015 TUAREGEN MESFIDANTZA Talde independentistek aldaketak nahi dituzte bake plana sinatzeko Maliko Gobernua, Estatu frantsesa eta inguruko herrialdeak presio egiten ari dira MNLAk eta tuareg talde independentistek Aljerko bake hitzarmena sina dezaten. Tuaregak autonomia onartzeko prest daude, baina aurreko matxinadekin amaitzeko sinatutako akordioak ezerezean gelditu zirela ez dute ahaztu eta mesfidati daude. Pablo RUIZ DE ARETXABALETA Azken mende erdian etengabe altxatu da tuareg herria Maliren aurka. 50 urteotako historiak lau iraultza, hiru hitzarmen eta beste hainbat porrot jasotzen ditu: 1963an, 1990ean eta 2006an. Batetik bestera, gainera, errepresioak gora egin du eta sinatutako bake hitzarmenak paper huts bilakatu dira beti. Ondorioz, urte gutxi batzuen buruan berriro piztu da sua, matxinada amaigabean. Hain zuzen ere, testuinguru historiko horretan ulertu behar da azken bake hitzarmena sinatzeko orduan tuareg taldeek erakutsi duten mesfidantza. Nazioarteko presioaren aurrean, maiatzaren 15ean bakearen aldeko testu bat sinatu zuten tuaregek Bamakon, Maliko hiriburuan, behin betiko hitzarmena lortzeko borondatea erakutsiz. Baina, ostera, Aljerren Maliko Gobernuak, nazioarteko bitartekariek eta Gatia Gobernuaren aldeko talde armatuak sinatutako testuaren aurrean zalantza ugari adierazi zituzten. Bien bitartean, gatazkak bizi-bizi jarraitzen du eta tentsioak eta erasoek gora egin dute azken egunotan, talde independentistek oraindik hitzarmenarekin bat egiteko esperantza agertu badute ere. «Ziur gaude Aljerreko ahalegin eta elkarrizketek fruitua emango dutela eta alde guztiek akordioa itxiko dugula, betiere Malin egonkortasuna, bakea, justizia eta garapena ziurtatzeko», adierazi berri du, baikor, Bial Ag Cherifek, Azawadeko Mugimenduen Koordinazioa (CMA) taldeko buruak. Maliko iparraldean dagoen tuaregen herria da Azawad, eta, historikoki, bidegurutze garrantzitsua izan da. Handik pasatzen ziren Sahara zeharkatzen zuten merkataritza ibilbide garrantzitsuak. Gaur egun ere interes asko gurutzatu dira bide horietan: tuareg herriarenak, Maliko Estatuarenak, talde jihadistenak, mota guztietako trafikanteenak eta Estatu frantsesarenak. Bamakoren aurka altxatu diren bakoitzean, tuaregek Maliko Gobernuak baztertu eta txirotasunean mantentzen dituela salatu dute. Eta hala izan zen azken gatazkaren hasieran ere, 2012an. Aurreko hitzarmenetan garapena eta autogobernua bultzatzeko jasotako neurriak ezerezean geratu zirela salatu zuten tuaregek. Matxinada eta independentzia Aldi berean, basamortuko ibilbide historikoan pilatutako arma kopurua izugarri hasi zen Libiako gudaren eraginez, eta Gadafiren alde borrokan aritutako hainbat talde antolatzen hasi ziren. Horrela, Azawaden Nazio Askapenerako Mugimendua (MNLA) talde armatua sortu zen eta berehala iparraldeko hainbat hiriburu –Kidal, Gao eta Timbuktu– hartu zituen. Matxinadaren arrakasta azkarrak estatu kolpe bat eragin zuen Bamakon, eta horrek eragindako kaosak are gehiago erraztu zuen MNLAk aurrera egitea. Hori horrela, konturatzerako, 2012ko apirilaren 6an, Azawadeko lurralde osoa hartuta independentzia aldarrikatzea baino ez zitzaien geratu tuaregei. Jihadistak ere tartean Baina saltsa nahasi horretan, talde islamista armatuek aukera paregabea ikusi zuten, eta, tuareg independentistekin batera, Ansar al Dine talde islamista ere posizioak irabazten hasi zen. Hasieran aliatuak izan ziren tuaregak eta islamistak, baina berehala etsai bihurtu ziren. Ansar Al Dinek, azkenean, MNLA hiri nagusietatik bota egin zuen. Helburu guztiz ezberdinak zituzten islamistek eta tuaregek. Islamisten egitasmoak ez ziren Azawadera mugatzen eta ez zuten independentzia bultzatzeko inolako interesik. Aitzitik, Mali osoan estatu islamista bat sortu nahi zuten, eta xaria ezartzen ere hasi ziren euren kontrolpeko herrietan. Gauzak are eta gehiago korapilatzeko, gutxika beste talde jihadistetako kideak ere heltzen hasi ziren inguruotara, Mujao edota Al-Qaedari lotutakoak. Lurraldea kontrolpean, estatu bat osatzeko prest zeuden jihadistak. Orduan Armada frantsesak esku hartu zuen. Jihadisten kontrako borrokatik harago, Parisek bere interesak arriskuan ikusten zituen, besteak beste tuaregen lurraldeetan ustiatzen dituen uranio erreserbak. Halaber, nazioarteko indar afrikar batek ere parte hartu zuen operazioan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren babespean. Hamar hilabete behar izan zituzten jihadistak herri nagusietatik botatzeko, eta, misioa, ofizialki behintzat, 2014ko bukaeran amaitu zen. Hala ere, egun oraindik ere lurralde zabalak daude Bamakoren kontroletik kanpo. Behin jihadistak euren gotorlekuetara kanporatu ondoren, Kidal hirian MNLAk ez zuen onartu Maliko Armada itzultzea: ez zegoen hasitako iraultza bertan behera uzteko prest. Horrenbestez, gatazkak aurrera jarraitzen zuen bitartean, negoziazioak hasi ziren, ondoko estatuen eta frantziarren bitartekaritzarekin. Presioak hitzarmena sinatzeko Egun Minusma Nazio Batuen misioko 10.300 soldadu daude Malin. Eta Armada frantsesak beste 3.000 soldadu ditu bertan. Nazio Batuek maiatzaren 15era arteko epea eman zieten talde armatuei bake hitzarmena negoziatzeko eta adosteko. Zigorren mehatxupean eta Parisen presioa tarteko, MNLAk sinatzeko konpromisoa erakutsi eta Bamakon hitzarmen orokor batekin bat egin du. Baina Maliko Armadaren aurkako erasoek jarraitu egiten dute. Independentistek ere Armadaren erasoak jasaten dituztela salatzen dute. Gainera, aktore berriak sortu dira azken hilabeteetan: Aljerko hitzarmena sinatzeko arazorik izan ez duen Gatia izeneko Maliko Gobernuaren aldeko talde tuareg paramilitarra da horietako bat. Bitartean, Aljeriak, Frantziak eta Malik presioa areagotu dute independentisten gainean. Horrela «ale onak eta txarrak» bereiztea lortu eta jihadisten aurkako borroka indartuko dutela diote behin eta berriz. François Hollande presidente frantsesak eta Mahamadou Issoufou presidente nigeriarrak presioa areagotu dute azken astean. Parisen bildu ostean sinadura ez atzeratzeko ohartarazi diete tuaregei. «Garrantzitsua da presioa egitea bake hitzarmena sinatzeko, terroristak isolatu ahal izateko», esan du Issoufouk. Baina aurkeztutako testuak CMAren kezka eragin du, hitzarmenak ez baitie tuaregen autogobernu eskaerei erantzuten. Atzerapausoa Abdoulahi Attayoub CMAko presidentearen arabera, erakundeak nazioarteko presioagatik eta bakea lortzeko asmoz egin zuen bat Bamakoko hitzarmenarekin. Independentziaren aldarrikapena alde batera utzi eta Maliko lurralde osotasuna onartzeko prest dago MNLA. Baina, horren truke, Azawadi eskumen handiak emango dizkion autonomia eskatzen du, besteak beste, bertako baliabideak ustiatzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Aitzitik, Aljerko hitzarmenak ez du autonomia estatusik jasotzen eta duela hogei urte ezertarako sinatutako beste akordio bat du oinarri. Bertan, «estatus berezia» aipatzen zen. CMAren arabera, egungo testuan ez da hori ere agertzen, eta, beraz, atzerapausoa da. MNLAk berak eta CMAko beste mugimenduek independentziaren inguruan amore eman ondoren, konpromiso handiagoa espero dute –batez ere Aljer eta Parisen aldetik–. Baina, trukean, presioa baino ez dute jaso. CMAren arabera, testua dagoen moduan sinatzeak «ez du logikarik», eta Azawadeko biztanle askok jarrera gogortuko dute, baketik urrunduz. Halaber, CMAko ordezkariek akordioa sinatzen badute, tuaregen aurrean legitimitatea galduko dutelakoan daude. Ildo horretan, «xantai eta mehatxuek» negoziazioen porrota ekarriko dutela ohartarazi du Attayoubek. Joan den martxoan, bitartekariek hitzarmena lortuta zegoela iragartzen zutenean, tuareg mugimenduak testua herritarren artean eztabaidatu behar zela ohartarazi zuen. Eztabaida prozesu horren ondorioz, hainbat aldaketa proposatu zituzten arlo politikoan, segurtasunaren inguruan, garapen sozioekonomikorako neurrietan edota bake prozesuaren kudeaketaren gainean. Alferrik. Nazioarteko bitartekariek ez entzunarena egin zuten, eta, eskaerak kontuan hartu gabe, akordioa sinatzeko eta sinatzeko tematu dira. Tentsioak gora egin du Egoera horretan, tentsioak gora egin du. Alde batetik, Armada eta MNLAren arteko borrokak daude. Eta bestetik, jihadisten eraso gero eta ugariagoak. Minusmaren aurkako erasoak ere etengabeak dira. Jada 35 kasko urdin hil dira 2013ko uztailean misioa hasi zenetik. Magreb Islamiarreko Al-Qaedak (AQMI) Nazio Batuen base baten aurkako misil bidezko erasoa egin zuen maiatzaren 25ean. Egun berean, Nazio Batuetako soldadu bat hil eta beste bat larriki zauritu zuten Bamakon. Hiru egun geroago, Timbuktu eta Teherdge lotzen dituen errepidean lehergailuak erabili zituzten konboi baten aurka. Bertan zihoazen Michael Lollesgaard Minusmaren buru militarra eta Adul Nassir Awale Nazio Batuen polizia burua Malin. Al-Qaedaz gain beste talde jihadista batzuk ere borrokan ari dira, esaterako Saharan eta Sahel osoan oso aktiboa den Al Murabitun –Mojtar Belmojtar du buru eta AQMIren aliatua izan zen iraganean–. Kontuak kontu, soldadu frantsesak etsai «ikusezin bati» aurre egin beharrean dira. Luc Laine koronelaren arabera, “Serval” operazioaren baitan Malin esku hartu zutenetik jihadistek ezin dute ekintza koordinaturik egin. Orain “Barkhane” operazioa dute abian jihadistek lurraldea berriz kontrolatzea galerazteko. «Banatuta daude, baina beti behatzen gaituzte, ikustezinak dira. Lotura eta helbururik gabeko ekintzak egiten dituzte, hari komunik gabeak», azaldu du. «Gogorra da etsai ikusezin baten aurka borrokatzea. Ez ditugu inoiz ikusten, baina badakigu beti hor daudela», dio Lainek. 57.000 iheslari gehiago azken hilabetean Duela hiru urteko borroken ondorioz milaka lagunek ihes egin zuten Azawadetik. Euren etxeak uztera behartu zituzten eta itzuli ez diren 43.000 pertsona geratzen dira oraindik Malin. Azken hilabetean, gainera, borrokak berriro ugaritu dira Gaon, Moptin eta Timbuktun, eta, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoaren (UNHCR) arabera, beste 57.000 lagunek egin dute ihes. «Segurtasun egoera okertu egin da Gobernuaren eta talde armatu batzuen arteko bake hitzarmenaren ondoren», adierazi zuen William Spindler UNHCRko bozeramaileak. Spindlerrek azaldu zuenez, segurtasun eza dela-eta, giza laguntzako taldeek ezin dute iritsi borrokak berrindartu diren guneetara. Toki horietan lagun askok egurats gorrian edo ezagunen etxeetan lo egiten dute, eta emakume eta haur asko aterpe, ur eta janari premia larrian daude. Bestalde, beste iheslari askok muga zeharkatu dute. Nazio Batuen arabera, urte hasieratik 3.500 lagunek utzi dute Mali, Niger, Mauritania edota Burkina Fasora joateko. Noiz eta oraindik herriotan geratzen ziren 137.500 iheslari pixkanaka-pixkanaka itzultzen ari ziren bitartean. Aldi berean, lehorteak elikagai krisia eragin du tuaregen lurraldean. MNLAk erakunde humanitarioen laguntza eskatu du bai herritarrak bai euren abereak salbatzeko, eta erakunde batzuek laguntza bideratu aurretik lurraldea Gobernuaren kontrolpean egoteko eskatzen dutela salatu du.