GAUR8 - mila leiho zabalik

Ni


Batzuetan jolas egin nahiko nuke, jolas izan, eta nire geruza guztiak erantzi. Eta edalontzien atzean ezkutatzen naiz, argi ilunen atzean eranzten ditut nire ni guztiak, nire ordulariak, nire agendak, nire betebeharrak, nire buruz ikasitako hitzak eta beste norbait bilakatzen ahalegintzen naiz, tabernaren sabai iluna joz ibiltzen naiz oinez buruz behera, garai bateko kea bezala. Denok egin dugu jolas hori, ezta? Herriko festak iristen direnean arropak aldatzea, beste norbait izatea astebetez, astebetez besterik ez, eta loa galarazten diguten hariak, sabela estutzen diguten hariak soinetik kenduta libre ibili nahi izaten dugu kalean.

Baina nik hariak eta harriak daramatzat soinean. Nik aukeratutako korapiloak dauzkat eskumuturretan, baina ohartu gabe lotzen nautenak ere bai eztarrian. Eta patrikak harriz kargatuta dauzkat; batzuetan kostatu egiten zait nire lekutik mugitzea eta libre sentitzen naizenean ere aurrez ibilitako lekuetan ibiltzen naiz, aurrez esandako hitzak esaten ditut, aurrez beste batzuek forma emandako harriak pilatzen zaizkit eztarrian eta ustez nireak ez ziren pentsamenduak igarotzen zaizkit begien atzealdetik. Eta bai, nik ere nahiko nuke jolas egin, jolas izan, libre sentitu; nik ere janzten ditut zapiak eta txalekoak, mozorrotzen naiz, beste norbait bilakatzen ahalegintzen naiz, baina aske naizenean baino ez naiz konturatzen zenbat hari daramatzadan, zenbat harri dauzkadan. Eta taberna erdi-erdian jarriko naiz, inork baino ozenago, inork baino seguruago, inork baino norago hitz egingo dut. Eta ez naiz ohartuko nor dauden ertzean, nor dauden isilik, nor ez dauden seguru, nor ez diren nor. Askatasunak ere baditu albo-kalteak. Askatasunak sakeletan harriak daramatzanean behintzat bai. Begiratzeko modu hori, hurbildu eta sorbaldatik gogorregi heltzeko modu hori, hizketan belarrira gehiegi hurbiltzeko modu hori.

Eta bai, nik ere buruz ikasi ditut diskurtsoak, nik ere aldarrikatzen ditut mundu hobeak, mundu parekideak, erasorik gabeko gauak; nik ere ikusten dut argazkietan nor falta den. Argazkikoak besteak direnean behintzat. Egunez esandakoaz oroitzen naiz, baina gauak ere baditut barruan; nik ere badauzkat nire zoko ilunak, nik ere ezagutzen ez ditudan harri eta hariak. Batzuetan nik ere edalontzi atzean ezkutatu nahiko nuke, edanda nengoen esan, edo ez naiz gogoratzen, edo ez nintzen konturatu edo ez zen hainbesterako edo lasaiago hartu gauzak. Eta hasiko gara erasoa zer den definitu nahian. Akaso galdera erasoa nork definitzen duen izan arren. Nik egindako erasoak ikustea, buelta emandako edalontzi batetik munduari begiratzea bezain zaila delako.

Mundua aldatu nahi dut, eta ni aldatzea ahaztuko zitzaidan akaso. Festetan iraultzak amesten ditut, amesten ditugu. Eta gau eroak erroetan dauzkagu; dantzan adina dakigu bultzatzen ere; gure zirkuluaren zentrora begiratzen ikasi genuen noizbait; gure hitzak bakarrik entzuten. Eta mundua aldatzea, akaso, ertzetara begira hasten da. Argazkian nor falta den baino, argazkian falta dena non zegoen, zertan ari zen, zer pentsatzen zuen jakitea. Udan gauetako ekaitzen moduan altxatzen gara, ke bihurtzen gara, arinak gara, arinegiak gauza inportanteez hitz egiteko. Baina udan begien bistara agertzen da garai inportanteetan ez zegoena, argazkietan falta zena. Nik ere, udan ikusten dut nire buruari ateratako argazki neurtuetan ezkutatzen nuen hori, disimulatu nahi nuen hori, taberna galdu honetako edalontzi hustu honen atzean ezkutatu nahi dudan hori. Libre izan nahi dut, jolastu egin nahi dut, jolasa izan nahi dut. Baina, nire jolasak beste batzuenak eteten ditu. Eta inoiz ez naiz ni ez naizenean bezain ni. •