22 AOûT 2015 analisia Ekonomia zirkularrerantz Ekonomia zirkularreranzko bidea hartu du Europak, inplizituki bada ere egungo garapen ereduaren porrota aitortuz. Baliabideen ustiapen egokia arazo ekologikoaren eta etorkizuneko erronka ekonomikoen soluziobide izan daitekeela onartu du Etxeberria, Aimar Europak berak onartu du: egungo baliabideen ustiapen ereduak marka guztiak hautsi ditu eta ez da jasangarria etorkizunera begira. Hori horrela, ekonomia zirkularrerantz abiatzeko lehen urratsak egitea adostu du; baliabideen ustiaketa ereduak paradigma aldaketa bat behar duela onartu du. Gauza jakina izan arren, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula Europako Legebiltzarrean kontu hauetaz eztabaidatzea, are gutxiago egungo panomara iluna aitortu eta etorkizunera begira eredu aldaketa bat proposatzea. Sirpa Pietikäinen europarlamentari finlandiarrak eraman zuen eztabaida Legebiltzarrera. Finlandiako National Coalition Party-ko kidea –zentro eskuineko alderdia, Europako Alderdi Popularraren baitan kokatzen dena– bera, Europa mailan ikuspegi ekologikotik jasangarria den eredu baten alde agertzen da; jasangarria, bizi ereduari dagokionez, garraioari begira, produkzioan eta kontsumoan; eta hori baliabidez hornitzeko –lege-esparruez, batez ere– borrokan dihardu. Abiapuntua sinplea da; helburua lortu arteko bidea, berriz, oztopoz betea dago. Baliabideen erabileran dago gakoa, hauen ustiapen eraginkorra lortzean. Egungo egoeran, baliabideak modu jasangaitz batean ustiatzen ditugun garaiotan, ingurumena kaltetzen eta etorkizun ekonomikoa zalantzan jartzen ari gara: mundu mailan produzitzen den guztia sortu eta eragiten diren hondakinak kudeatzeko, mundu mailako ekonomia, baliabideen ikuspegitik, planeta bat eta erdi erabiltzen ari da. Gainera, egoera hau aldatu ezean, 2030era begira aurreikusten da bi planeta beharko liratekeela. «Bide honetan jarraitzen badugu, irteera ekologiko eta ekonomikorik gabeko kale itsu batean amaituko dugu», adierazi zuen Pietikäinenek Europako Legebiltzarrean. Gizakiari Lur planetak jarri dizkion mugak gainditzen ari gara, eta horren adibide besterik ez dira klima aldaketa, deforestazioa, desertifikazioa, biodibertsitatea galtzea eta gisako efektuak. Horregatik, ingurumenari kalte gehiago egiten jarraitu gabe, baliabide gutxiago ustiatzea proposatu zuen politikari finlandiarrak, bizi baldintzak eta egungo ongizatea galdu gabe, hori bai. «Lehiakortasunean urratsak egin ditzakegu, Europa berrindustrializatu dezakegu eta gure bizi maila hobetu dezakegu, ekonomiaren hazkundea baliabideen ustiapenarekin erlazionatzeari uztearekin soilik», nabarmendu zuen. Egun, Europak arazo larri bat dauka: munduko beste edozein eremuk baino gehiago behar du baliabideen inportazioa; erabiltzen dituen gaien %40 inportatzen ditu. Zifra horrek, gainera, gora egiten du estrategikoak diren hainbat baliabidez hitz egitean, mineralak eta substanzia elikagarriak kasu. Baliabideen ustiapen eraginkorra egiteko beste arrazoi bat, Pietikäinenentzat. Gainera, Europako Batzordeak eginiko kalkuluen arabera, baliabideen emankortasuna handitzeak bi milioi lanpostu berri sortuko lituzke Europar Batasunean 2030. urtera bitarte. Finean, politikari finlandiarrak defendatzen duena da baliabideen ustiaketa eraginkor bat egun pairatzen dugun arazo ekologikoaren eta etorkizuneko erronka ekonomikoen soluziobide izan daitekeela. Paradigma aldaketa Sirpa Pietikäinenek proposatutako bideak, baina, paradigma aldaketa bat eskatzen du halabeharrez. Ez da egungo baliabideen neurrigabeko ustiapenarekin eta kontsumo mailekin ekonomia zirkularraren zikloan sartzeko aukerarik. Hala, baliabideen ustiapen eraginkorra sei kontzeptuon bidez kokatu du politikari finlandiarrak: ekonomia zirkularra, baliabideak «ur-jauzi» gisan erabiltzea, hondakinen arloko hierarkia, ekoizleen jarrera arduratsuagoa, industria arloko sinbiosia eta negozio ereduen aldaketa. Ekonomia zirkularrari dagokionez, lehenengo urratsa ekonomia linealari amaiera ematea izango litzateke, hau da, hartu-egin-kontsumitu-ezabatu eredua bertan behera uztea. Ekonomia zirkularraren baitan material ez berriztagarri guztiak zirkuitu itxian mugitzen dira. Hondakinak bildu, birziklatu eta berrerabili egiten dira, hau da, ez da zaborrik sortzen. Bestalde, baliabideak «ur-jauzi» gisa erabiltzeak esan nahi du hauei ahalik eta eraginkortasun gehien ateratzea. Horretarako, balio gehigarriak dituzten baliabideak ustiatu behar dira, eta ondoren, hauek ahalik eta aldi gehienetan erabili. Hondakinen hierarkizazioari esker –prebentzioa, berrerabilera, birziklapena, berreskuratzea eta ezabatzea– baliabide bakoitzetik probetxu handiena ateratzen da, apenas hondakinik sortu gabe eta, azken buruan, zero zabor eredu batera iritsiz. Baina, ekoizleek ere badute zereginik ekonomia zirkularreranzko bidean. Eurek izan behar dute produktu baten azken zikloa ixtearen arduradunak, hau da, eurek arduratu beharko dute saldutako produktu horren jarraipena egin eta azken unean produktua ziklora kateatzeaz. Sinbiosi industrialaren bidez, berriz, ekoizleak elkarlanean aritzen dira euren artean, batak bestearen subproduktuak erabiliz. Azkenik, eta negozio ereduari dagokionez, hainbat dira baliabideen erabilera eraginkorra hobetzea helburu hartuta sortzen ari diren negozio ereduak. Honen adibide bat izan daiteke alokairu-salmenta eredua lantzen dutenena. Honen bidez, produktua bera saldu beharrean produktu horrek eskaintzen dituen funtzio edo zerbitzuak dira saltzen direnak. Eredu honek enpresek diru-iturri egonkor bat izatea ahalbidetzen du, eta baliabideen erabilera gutxitzea eta produktuen mantentze egokia bermatzea sustatzen du. Aldaketa sustatu Sirpa Pietikäinen parlamentariaren aburuz, egungo politikek ez dute ekonomia zirkularrak beharrezko duen paradigma aldaketa bultzatzen. Haren iritziz, material baliotsuak –zeinetariko askok kostu ekologiko eta sozial handia duten– zabortegietan edo erraustuta amaitzera kondenatzen dituen eredu batean kateatuta dago Europa. Egoera hau iraultzeko pizgarrien beharra dagoela ondorioztatu du politikari finlandiarrak, pizgarri ekonomikoak nahiz lege mailakoak. Ondorioztatu ez ezik, adibideen berri ere eman zuen Europako Legebiltzarrean. Hala, hainbat finantziazio-mekanismo bidez berrikuntza sustatu daitekeela adierazi zuen, zerbitzu eta produktu eraginkorretan zentratuz, batez ere. Era berean, produktu hauen eskaria handitzen lagun daitekeela gaineratu zuen, kontratazio publikoko prozesuen bidez zein ingurumenarekiko mesedegarria den fiskalitatea ezarriz. Produktuei diseinu ekologikoko elementuak txertatzea ere proposatu zuen, eta egungo legedia aldatzearen beharra azpimarratu zuen, baldin eta egungoak produktu berrien garapena edota eredu ekonomiko berri bat garatzea oztopatzen badu. Ildo horri jarraiki, pixkanaka, ingurumenarentzat kaltegarriak diren jardueretarako diru laguntzak bertan behera uzten joatea proposatu zuen. Europako herrialdeetako legerian zentratuz, hauetan ekosistemikoak diren zerbitzuak edota biodibertsitatea bezalako elementuak ez daudela txertatuta salatu zuen, ezta arrisku ekologiko edo sozialak ere, hauek ekonomiaren epe laburreko emaitzetan eragina dutela aldarrikatuz. «Horrek kapitalaren kudeaketa oker batera garamatza», azpimarratu zuen. Horregatik, estatu finantzarioetan, kontabilitatean eta informazio integratuan arrisku sistemikoak kontuan hartzeko proposamena luzatu zuen: «Beharrezkoa da baliabideen eskasia, ingurumen arriskuak eta halako kontzeptuak legedia finantzariora gehitzea». Gainera, beharrezkoa iruditzen zaio inbertitzaile eta erakundeen arteko inbertsio eredua aldatzea, hau denboran luzeagoak izango liratekeen inbertsioekin ordezkatuz. «Enpresen eta ingurumenaren artean ez dago kontraesanik, interes eta onura bateratuak baizik», adierazi zuen. Talka, bere esanetan, berrikuntzaren eta baliabideen eraginkortasunaren alde egiten dutenen eta politikoki eta merkatuen menera kateatuta geratu direnen artean dago Pietikäinen ustez. Ildo horretan, lehenengo multzoko enpresen aldeko apustu garbia egin zuen. Egindakoa neurtu Ekonomia zirkularraren gaineko irakurketa, proposamen, lege aldaketa eta abarrek ez dute baliorik egindakoaren azterketarik egin ezean, ezta atzerapausoak onartuz gero ere. Horregatik, arloz arlo aurreratutako hori guztia neurtzearen aldekoa da politikari finlandiarra. Neurtze hori, ordea, guztien parte-hartzearekin egin behar delakoan dago, hau da, guztien artean hitzartutako adierazleak ezarriz: «Ondorioz, Europar Batasunak oinarrizko adierazle bat garatu behar du, baliabideen eraginkortasuna neurtzeko orduan loteslea izango dena». Baina adierazle komun bat nahikoa ez eta azpiadierazleak eratzearen proposamena ere luzatu zuen. Helburua, horien bidez baliabideen eraginkortasuna alderdi ezberdinetatik neurtzea izango litzateke, hartutako konpromisoen artean zentzuzkoenak zein diren aztertzeko edota kostuen arabera eraginkorrenak zein diren ikusteko. Sirpa Pietikäinenen esanetan, adierazle komunen garrantzia erraz uler daiteke kontabilitatean pentsatuz gero: «Enpresek aldiro euren irabazien berri ematen dute. Zifra horrek denbora tarte jakin batean enpresa jakin batek irabazitako diruaren berri ematen du. Hainbat azpi-adierazleri esker, sortutako defizitaren edo irabazien zergatien berri jakin daiteke». Horregatik, enpresen finantza fluxua modu bateratuan aztertu daitekeen bezala, estatuen baliabide ustiaketa ere modu komunean aztertu beharko litzatekeela uste du politikari finlandiarrak. «Europar Batasunak anbizio handiko helburu bat zehaztu behar du energia eraginkortasunari dagokionez, adierazle komunetatik abiatuta. Era berean, ateak irekita utzi behar dizkie negozio eredu berriei eta erabaki politikoei», adierazi zuen Europako Legebiltzarrean. Garatutako analisiaren oinarri den agiriak –‘Sobre el uso eficiente de los recursos: avanzar hacia una economía circular’– babes zabala jaso zuen Europako Legebiltzarrean igaro uztailaren 9an egin zen bozketan: 394 aldeko boto jaso zituen, 197 aurkako eta 82 abstentzio. Beraz, eta paperean bada ere, esan daiteke Europa ekonomia zirkularreranzko bidean jarri dela. Datozen urteetan frogatu ahalko da abiatutako bidea etapak egiten doan ala guztia Bruselan onartutako paper batean geratzen ote den. 1,5 planeta ari da erabiltzen gizakia, baliabideen ikuspegitik, mundu mailan produzitzen den guztia sortu eta eragiten diren hondakinak kudeatzeko %40 Europak erabiltzen dituen materialen artean inportatzen duen kopurua. Zifrak gora egiten du estrategikoak diren hainbat baliabideez hitz egitean