GAUR8 - mila leiho zabalik
IKASTURTE HASIERA

Umeak eskolak jasotzen hasterako dena prest izan behar dute irakasleek

Irailarekin batera lanera itzultzen dira irakasleak. Euskal Herriko hainbat txokotan umerik gabe egiten dute itzulera hori, umeak itzultzen direnerako dena prest izateko helburuarekin. Baina, zer egiten dute denbora tarte horretan irakasleek? Azpeitiko Ikasberri Ikastolako eta Zubietako Eskolako arduradunek kontatu digute.

Irakasleen klaustro batekin eman ohi zaio hasiera ikasturte berriari.

Iritsi da iraila, eta oporren amaiera ekarri du berarekin. Bi hilabeteko oporren ondoren, ikastetxera itzultzea tokatu zaio milaka irakasleri. Batzuek umeak izan dituzte esperoan gelako lurra zapaldu dutenerako, beste hainbatek, aldiz, denbora tarte bat izan dute jardunera egokitu eta umeak iritsi bitarte arnas pixka bat hartzeko.

Azken horiek, astebete inguruz, ikasturte berria prestatzeko aukera izan dute umerik ez izateak ematen duen lasaitasunarekin. Jardun horretan harrapatu ditu GAUR8k Azpeitiko Ikasberri Ikastolako eta Zubietako Eskolako arduradunak, eta umerik gabeko garai horretan egin behar izaten duten lanen inguruan hitz egin dugu. “Etxe barruko” lana izan ohi da, “isilpekoa”, baina behar-beharrezkoa ikasturtea bide egokitik joan dadin.

600 ikasle inguru; bi lerro

Ikasturte berrian 600 ikasle inguru izango ditu Azpeitiko Ikasberri Ikastolak, Beñat Azurmendi zuzendari orokorrak azaldu duenez. Seigarren urtea du zuzendari moduan, baina aurrez ere ibilia izan da irakasle gisa. Ondorioz, ongi ezagutzen du umeak eskolak jasotzen hasi aurretik garatu behar den jardun hori. Aitortzen du, ordea, irakasle soil baten edo zuzendari baten jarduna oso ezberdina dela: «Orain besteek egiten dutenaz ere arduratu beharra dut».

Aurreprestaketa lan guztiek komunean hainbat elementu dituztela dio Azurmendik: gelen prestaketa lana, ikasleen zerrendak osatzea, lan egutegia zehaztea... Astebete inguru ematen dute hori egiten. Badu berezitasunik, ordea, Ikasberri Ikastolak: «Esan bezala, 600 ikasleren bueltan gabiltza. Gure ikastola bi lerroko ikastola da eta ikasle horiek 0 eta 18 urte bitarte dituzte; horrek, nahitaez, aurreprestaketa lanak modu ezberdinetan garatzera garamatza».

Azpeitiko Ikasberriren kasuan, lehenengo egunean bertan klaustroa egin zuten. Bertan, irakasle berriei ongietorria eman eta ikastolaren inguruko informazioa eman zitzaien: «Urteko erronkak edo ikasle kopurua, esaterako». Horrez gain, funtzionamenduaren inguruko azalpenak jaso zituzten berriek.

Oso ezberdina izan ohi da prestaketa lana irakasleen arteko rol ezberdinen ondorioz edota irakasle bakoitzak izango dituen umeen adina dela-eta. «Irakasle bat, era berean, tutore ere izan daiteke; ondorioz, gela propioa izango du. Hortaz, gela prestatu beharko du bere nahi eta beharretara, izango dituen ikasleen zerrenda osatu beharko du... Etapa aldaketa ematen den kasuetan, gainera, bilerak egiten ditugu gurasoekin, etapa berriaren nondik norakoen berri emateko», azaldu du Azurmendik. Bilera horietako bat kurtso hasieran egin ohi dute, eta horien ardura ere izaten dute tutore diren irakasleek.

Zuzendaritza mailan, berriz, igarotzen ari diren lehen egun horiek antolatzea dagokie batez ere; ordutegiak zehaztu, bileren hitzorduak egin... « Tutore batek bere zerrendak eskuan izan arteko urrats horien guztien ardura izango genuke zuzendaritza taldeko kideok», azpimarratu du. Era berean, gaineratu du azken orduko matrikulak egiten dituzten ikasleek ere lan asko ematen dietela, horiek geletan kokatu behar dituztelako.

Adinaren kontua ere ez da txantxetakoa. Irailaren 1ean bertan hasi ziren 0 eta 3 urte arteko haurren egokitzapen lanekin. Bi aste inguruko egokitzapenak planteatzen dituzte: «Denbora horretan gurasoak ikasgelan egoten dira eta aukera izaten dute irakasleek egiten duten lana ikuskatzeko. Kooperatiba garen heinean, gainera, gurasoak bazkide ere badira; hots, parte inplikatua dira une oro».

Zentzu horretan, umearen egokitzapen prozesua izango da garrantzitsuena adin txikiko ikasleen tutore izango den irakasle batentzat, eta kurtsoan jorratuko duen gaitegia izango da garrantzitsuagoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan eskolak emango dituen irakasle batentzat. Baina guztiek hartuko dute denbora autoformakuntzarako, «ikaslerik gabeko denbora hau oso aproposa izaten baita horretarako».

Hasieran aipatu moduan, ikastolaren inguruko informazioa jasotzeko egunak izaten dira hasierakoak. Ikasberriren kasuan ikastola bezala dituzten helburuen berri emateko baliatzen dute, euren ildo estrategikoak azaltzeko. «Guk hiru urtera begirako ildo batzuk ditugu, irakasle guzti-guztiekin konpartitzen ditugunak eurak ere ildoen garapenaren erantzule izan daitezen», adierazi du Azurmendik. Batez ere, matrikulazioan –bigarren lerroa egonkortzera begira–, ikastolaren proiektua herrira eta bailarara zabaltzean eta helburu pedagogikoetan egiten du azpimarra Ikasberriko zuzendariak.

Baina eskolak hasi ostean ere badago zereginik eta zer errepasaturik. Adibidez, bizikidetza plan bat dute Ikasberri Ikastolan eta tutoreen lana izaten da kurtsoa hasi berri den garaiotan tutoretzak baliatzea ikasleei bizikidetza plana birgogoratzeko. Prest, dira, beraz Azpeitiko Ikasberrin kurtso berriari ekiteko urte batzuk atzera abiatu zuten premisatik: «Ikasleei ikasten irakatsi behar zaie. Irakaslearen lan nagusia ez da irakastearena, ikasleak ikas dezala baizik».

Eskola txikiak; gertuko eskolak

Azpeitiko Ikasberrin 600 ikasle ingururen etorreraren zain badaude, Zubietako eskolara gerturatuko diren haurrak 50 inguru izango dira; esperoan, berriz, sei irakasle izango dituzte, Rosa San Roman eta Jugatz Illarramendi horien artean. Zuzendari eta ikasketa buru dira, hurrenez hurren, San Roman eta Illarramendi, eta ikasleak etorri bitarteko aurreprestaketa lanetan harrapatu ditu GAUR8k. 2 urtetik Lehen Hezkuntzako bigarren maila arteko haurrak dituzte Zubietako Eskolan, hiru multzotan banatuta: 2-3 urte, 4-5 urte eta lehen eta bigarren maila. «Ez ditugu adinaren arabera banatzen umeak, hiru multzo horietan baizik», azaldu du San Romanek. Gainera, urtean zehar egiten dituzten hainbat ekimen direla-eta, ume guztiak elkartzeko aukera ere izaten dute.

Zubietako Eskolan ere irakasleen arteko klaustro batekin ekin zioten prestakuntza lanari. Bertan funtzionamenduaren inguruko erabakiak hartu zituzten, metodologiari, administrazioari eta lan estrukturei dagozkienak. Pare bat orduko bileran, Zubietan lur hartu duten irakasle berriei eskolaren inguruko informazioa emateko denbora ere hartu zuten.

Illarramendi da irakasle berri horietako bat. Bera, adibidez, txikienekin arituko da: «Beraiek egin ditzaketen mugimenduak ari naiz aintzat hartzen gelaren antolaketarako». Tutore izateaz gain, aurrez esan bezala, ikasketa buru ere bada bera. Eskola txikietan maiz gertatzen den fenomenoa.

Ikastetxe batek bere garapenerako behar dituen zutoinez gain –zuzendaritza, ikasketa burua eta idazkaritza–, Zubietan bestelako funtzio batzuk ere bete behar izaten dituzte, ordenagailuen mantenua, konposta gunea edo baratzea kasu. «Horiek ere ardurak behar izaten dituzte, eta eskolaz kanpoko jendea izan ohi da, guraso eta herritar xumeak normalean», azaldu du San Romanek. Hori baita eskola txikiek duten abantailatako bat, sortzen dute komunitate izaera.

Izaera hori ikasgelan ere nabaritzen dela dio Illarramendik: «Gurasoekin dugun harremana estuagoa izan ohi da beste eskola batzuekin alderatuta, eta gurasoen inplikazioa ere askoz handiagoa dela ikusten da. Zuzenean hartzen dute parte proiektuetan; eskola beraren dinamikan txertatuta daude». Aldaketa bat izan da berarentzat eskola txiki batera pasatzea, nahiz lehendik ere antzeko ikastetxeetan ibilia izan den: «Batez ere, lan mota aldatzen da. Ardura bat baino gehiago hartu behar izan ditut, eta gelan adin ezberdinetako umeak izatea ere berezia da, aberasgarria».

Adin ezberdinetako umeak gelan berean izatean irakaslearen rola ere aldatu egiten dela dio San Romanek: «Orojakilea izateari uzten dio, helduenek gaztetxoenei irakasten baitiete». Eta metodologia ere ezberdina dute. Proiektuka egiten dute lan Zubietan, une oro gauzak bere osotasunean landuz, eskulibururik gabe. «Buruari buelta asko ematea eskatzen digu horrek», dio Illarramendik. Azken urteetan hainbat aldaketa eman direla onartzen du San Romanek, baina, aldaketok, teknologikoak baino pedagogikoak izan direla adierazi du: «Egun ikasten irakasten diegu umeei».