24 OCT. 2015 IKUSMIRA Jarri buruz behera edo hankaz gora Amagoia Mujika Altxa besoak edo hankak. Jarri buruz behera edo hankaz gora. Salto egin, dantzatu, korrika egin edo lurrean etzan zerua edertasun osoan ikusi ahal izateko. Itxi begiak eta amestu, edo zabaldu begiak eta amestu. Amestu une batean behintzat sorbalda gainetik kendu duzula jendarte arautu-pisutsua. Adin bakoitzari agindu jakinak bidaltzen zaizkio; haurrari artean baimena ematen zaio noizean behin munduari hankaz gora jarrita begiratzeko, aldrebeskeriaren bat edo beste egiteko. Beti neurrian. Gazteak lurrean markatutako geziak segitu behar ditu, zehaztutako tokietan eta moduetan dibertitu, agindutako moduan bete bere aisialdia. Helduagoak lan eta lan egin behar du. Eta lanean ez dagoenean kontsumitu eta gastatu, berriz lanera joateko ordua etorri bitartean. Eta helduxeagoak etxeko sofan eseri behar du puntua egitera, dibertitzeko zeukan denbora guztia gastatu duelako zigortuta balego bezala. Askatasunak baditu oraindik gotorleku gutxi batzuk; aisialdiak egiatako kolorea mantentzen du bertan eta, denbora bete baino, denbora gozatu egiten da. Gaztetxe esaten zaie, baina inori ez zaio adinik galdetzen. Mundua aldrebes jartzearen plazera sentitzeko grina da horietan exijitzen den baldintza bakarra. Tamalez asko arriskuan daude, Kortxoenea bezala.