GAUR8 - mila leiho zabalik
analisia

Zoriontasunaren neurketaz

Bizitza emozionalak baldintza ekonomikoen aldaketen aurrean erresistentzia handia erakusten du. Bizitzaren plazer txikiak gozatzeko normalean diru asko ez da behar; hala ere, batzuetan, diru kopuru minimo bat beharrezkoa da


Behobia-Donostia lasterketa garrantzitsua da jende askorentzat. Denbora ematen du jendeak ekimen hori prestatzen eta lasterketa eguna jai handia izaten da, lagunekin edota familiarekin pasatzeko aproposa. Lasterketak duen eragin ekonomikoa neurtu zuen unibertsitate pribatu batek. Lortutako emaitza gorabehera, unibertsitateak horrelako ariketa batean baliabideak jartzea bera deigarria da.

Pasa den astean Gasteizko Gobernuko Hizkuntz Politikako sailburuordeak antzeko neurketa bat aurkeztu zuen. Kasu honetan euskara zen hizpide. Euskarak eta euskararen industriak ekonomian duten pisua neurtu omen dute. Euskararen errentagarritasun ekonomikoa azpimarratu nahi izan zuen sailburuordeak neurketaren aurkezpen ekitaldian. Berak esandakoaren arabera, baina, hizkuntza baten balio eta legitimitatea balio ekonomikotik aparte eta harago justifikatzen da. Hori horrela, ez da oso ondo ulertzen zertarako agindu horrelako neurketa bat.

Dena den, adierazpenok honakoa ezkutatzen dute: gure gizartean gauza baten pisu ekonomikoa neurtzea ez da inolaz ere neurketa bat gehiago, benetan balio duen eta kontuan hartzen den neurketa bakarra baizik. Edozein datu ekonomiko beste edozein datu edo balioren aurrez aurre kokatzen dugu beti. Eta normalean hori nahikoa izaten da edozein eztabaidari amaiera emateko. Horregatik, mentalitate burokratikoa duten pertsonentzat oso baliagarria da horrelako neurketak egitea. Alde batetik, bestelako argudioen lanketa aurrezten dutelako; eta, bestetik, edozein eztabaidaren aurrean badutelako helduleku nahiko baliabideak eskatzeko, edota ekimen hori lehentasunen hurrenkera batean aurrealdean kokatzeko. Bertute horiek oso ondo baloratuta egoten dira, aise betetzen dutelako burokraziaren lelo nagusia: gauza bakoitzarentzako leku bat eta leku bakoitzarentzako gauza bat.

Mentalitate burokratikoaz ezin zaio ezer aurpegiratu aurten Nobel saria jaso duen Angus Deatoni. Ekonomialari eskoziarrak bere ibilbide akademiko osoa neurketa ekonomikoen artean egin du. Deaton «plangintza indikatiboaren» inguruko proiektu batean hasi zen lanean, egungo barne produktu gordinaren oinarrian den eredu bateko kalkuluak egiten. Lanketa kolektibo horretan, kontsumoa eta eskaera modelatzea tokatu zitzaion eta hori izan da bere interes zientifikoaren atal nagusienetarikoa. Berak umorez aitortu duenez, bizitza osoan hori egin du, aldi batez salbu. Kalkuluak egiteko makinak muino batean zeuden Bristolen eta garai hartako makinen txartel zulatuen kutxekin gora eta behera ibiltzeaz nazkatu zenean, lanketa teorikoetan murgildu omen zen.

Neurketa ezberdinak egin baditu ere, bere lanen ikuspegia ez da sinplea izan, hau da, ez du mugatu bere jarduera kopuru batzuk beste kopuru batzuekin alderatzera. Bere ikerketetan elementu ezberdinen arteko harremanak aztertu ditu. Esate baterako, produktu baten eskaera ez zela produktu horren prezioaren gorabeherekin soilik aldatzen ikusi zuen, baizik eta elementu askok eragiten zutela: beste produktuen prezio mugimenduek, eroslearen diru sarreren aldaketek, eta abar. Horrelako harreman aldeaniztunetan jarri izan du arreta Angus Deatonek bere ikerketetan, betiko leloak zalantzan jarriz.

Horrek aukera eman zion, adibidez, barne produktu gordinaren balioak eta bizi baldintzen gaineko inkestetatik ateratako datuak erkatzeko. Alderaketa horietan kontraesan asko antzeman zituen. Neurketa ezberdinen arteko desadostasunak herrialde guztietan topatu zituen. Horrek barne produktu gordina kalkulatzeko erabiltzen diren prozeduren eta ereduen hutsuneak agerian utzi zituen. Hala ere, ongizatearen eta aberastasunaren inguruan hitz egiten denean, normalean, adierazle hori erabiltzen da, nahiz eta ahula izan. Deaton berak autoen salmenta, altzairu kontsumoa edota barne produktu gordina bezalako adierazle agregatuak baztertu zituen, ez baitute herritarren ongizatearen gaineko informazio egokia ematen. Horien ordez datu xeheak aztertu ditu, hala nola, pertsonako kontsumitutako kaloria kopurua, botika gastua, osasun sistemaren erabilera, eta abar. Horrelako datu zehatzak biltzen dituzten inkestek politika publikoak herritarrengan duten eragina askoz ere hobeto neurtzea ahalbideratzen dute.

Deaton beraren aburuz, munduari buruz ezagutzen duguna datuen bidez iristen zaigu. Hala ere, kasu batzuetan, datu horiek ez dute guk ematen diegun esanahia, edota kontraesankorrak dira beste datu batzuekin. Azken datu horiei, baina, ohituraz edo besterik gabe pisu txikiago ematen diegu, eta, hortaz, ez ditugu kontuan hartzen.

Zoriontasuna

Bere filosofiari leial, Angus Deaton Gallup erakundearekin lanean aritu da inkestak lantzen. Galdera zahar bat izan du hizpide lan horretan: diruaren eta zoriontasunaren arteko harremanak zeintzuk diren. Azterketari ekiteko hiru kontzeptu erabili ditu. Alde batetik, erabat ekonomikoa den kontzeptu bat: diru sarrerak. Beste aldetik, bizitza emozionalaren konplexutasuna ikusirik, bi nozio definitu ditu bere ikerketetan. Bat, pertsonak bere bizitzaren inguruan egiten duen ebaluazioa, hau da, noraino dagoen ase bere bizitzarekin. Kontzeptu horretan atal ekonomikoa eta atal emozionala biltzen dira neurri batean. Beste nozioa, momentu zehatz batzuekin lotuta dago, plazer txikien gozamenarekin, adibidez, lagunekin denbora pasatzea, aisiaz gozatzea, eta abar. Atal emozionala soilik jasotzen du eta zoriontasuna deitu dio.

Bere ikerketetan hainbat kontu bitxi topatu ditu Deatonek. Hasteko, bizitza emozionalak baldintza ekonomikoen aldaketen aurrean erresistentzia handia erakusten duela. Bizitzaren plazer txikiak gozatzeko normalean diru asko ez da behar; hala ere, batzuetan, diru kopuru minimo bat beharrezkoa da. Esate baterako, adineko pertsona batek bilobak ikusteko bidaiatu behar badu diru sarrera minimoak izan behar ditu plazer txiki hori bizi ahal izateko.

Gabezia ekonomikoek gure bizitza emozionala baldintza dezakete, baina puntu batetik aurrera ez dute garrantzi berezirik. Hala, herri txiroetan herri aberatsetan bezainbeste aitortzen da zoriontasuna. Aldiz, bizitzaren gogobetetze sentsazioa handiagoa da herrialde aberatsetan, bi aspektu biltzen dituelako. Dena den, kasu batzuetan, herrialde aberatsetan herrialde pobretan baino zoriontasun gutxiago aitortzen da. Nonbait, aberastasun ekonomikoa lortzeko bidean, zenbait kasutan ohikoa da gauza txikiez gozatzeaz ahaztea.

Ameriketako Estatu Batuetan egin zuen inkesta erraldoi batek beste ondorio interesgarri bat ere utzi zion Deatoni: urteko 75.000 dolar inguru irabazten dituenari, diru sarrerak handitzeko saiakerak esperientzia positiboak ekartzen dizkio, baina baita negatiboak ere, eta, oro har, ez du bere ongizate emozionala hobetzen. Horrek ez du esan nahi diru sarrerak 100.000 dolarrera igotzen baditu zoriontasuna galduko duenik, baina muga batzuetatik aurrera esfortzuak ez duela konpentsatzen erakusten du.

Ikerketotan paradoxak antzeman ditu Deatonek. Seme-alabak dituztenek ongizate emozional txikiagoa agertzen dute, nahiz eta seme-alabok nahita sortuak izan. Gurasotasunaz galdetzean beren bizitzetako zati inportanteena dela adierazten dute, baina, oro har bizitzaz galdetzean, bizitzarekiko agertutako satisfazio maila gutxitu egiten da. Bestalde, inkestetan, galderaren formulazioak berak eragin zuzena du bildutako datuetan. Datuak biltzeko modu garbirik ez dago; denek kutsatzen dute emaitza.

Datuak datu, zoriontasuna gauza txikietan datza, lagunekin denbora pasatzean edo lasterketa batean korrika egitean.