14 NOV. 2015 Plataforma logistikoa Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB Arkitektoa Indar espekulatiboentzat oztopo izan ohi dira hirigintza eta lurralde antolakuntza. Haien intereserako hazkunde librea arautzen eta mugatzen dutelako. Horregatik, presio urbanistiko handieneko zonetan zailtasun gehiago biltzen dira bertako plangintza egiteko eta eguneratzeko. Bilbok, esaterako, 1994tik ez du berritu bere Plan Orokorra. Edo Donostialdeak, adibidez, Lurraldea antolatzeko 4/1990 Legea onetsi zenetik dagoeneko 25 urte pasa direnean, oraindik ez du Lurralde Plan Partzialik. 2010ean saiakera bat egin zen. Orduan, Donostialdeko Lurralde Plan Partzialaren hasierako onespena egin baitzen, beste azpiegitura handi batzuen artean Pasaiako kanpo-portua aurreikusiz. 90 alegazio jaso zituen Lurralde Plan Partzial desarrollista horrek. Baina uneko baldintzak aldatu ziren orduan: bai politikoki bai ekonomikoki. Ondorioz, bigarren bertsio bat egin behar izan da 2015 honetan. Bihar bertan, azaroak 15, amaituko da alegazioak jartzeko epea. Eta alegazioak jartzeko arrazoiak badaude. «Izaera estrategikoko areak» dira zalantzagarrienak. Haien artean, Lezo-Gaintxurizketa korridoreko plataforma logistiko ikaragarria da, beharbada, deigarrienetakoa. 91 hektareako azalera hartuko baitu, Gipuzkoako handiena bilakatuz. Alegia, Pasaiako portua zerbitzatzeko terminala portua bera (77 hektareako lur-azalera duena) baino handiagoa izatea proposatzen du Donostialdeko Lurralde Plan Partzialak. «Lurralde-eskalako» poligonotzar bat eratu nahi baita, jarduera ekonomiko logistikoak lantzeko, portua, Abiadura Handiko Trena zein autobidea baliatuta. Kosta ahala kosta. Esan gabe baitoa ingurumen-eraginaren ebaluazioak «gogortzat» jotzen duela Donostialdeko lurraldea oraindik gehiago artifizializatzen duen plataforma logistiko horren inpaktua, eta, hala ere, hasierako onespena eman zaiola Lurralde Plan Partzialari. Proposatzen den azpiegitura-mordoak eragiten duen ingurumen-gatazka zehazki zerrendatzen du ebaluazioak: balio agrologiko altuko lurzoruen afekzioa, paisaiaren gaineko inpaktua, lurzoruaren artifizializazioa eta horren ondorioak, baso autoktonoen suntsiketa… Ez legoke soberan, halaber, plataformatzarrak ekar lezakeen gizarte-eraginaren ebaluazio bat. Proiektuak, besteak beste, Lezoren, Oiartzunen eta Hondarribiaren etorkizun urbanistiko, eta, ondorioz, soziala, erabat baldintzatuko duelako. Euskararen giro hauskorra (Oiartzungo zein Hondarribiko euskara gaitasunak % 70eko langa gainditzen du, eta Lezokoa hortik oso gertu dago), adibidez, kaltetuta gera liteke. Zer dio horretaz guztiaz Lurralde Plan Partzialaren Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak? A, orduan, noiz egiteko asmoa dago? Lurralde Plan Partzialak Donostialdeko lurzoruen artifizializazio-maila % 19 areagotuko du. Ez da gutxi. Soilik jarduera ekonomikoetarako 330 hektarea berri okupatzea proposatzen du. A posteriori bideratutako neurri zuzentzaileek denbora oso luzea beharko dute egindako kaltea apur bat konpentsatzeko, ingurumen-eraginaren ebaluazioak berak aitortu bezala. Hortaz, hobe genuke dena a priori berriz pentsatu. •