GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

Molenbeek «jihadisten hiria», Bruselatik hain gertu eta hain urrun


Bruselako erdigunetik gertu dago Molenbeek barrutia, A13ko atentatuen ondoren Europako puntu beroenetarikoa zalantzarik gabe. Hangoak ziren Parisen izugarrizko sarraskia eragin eta beren buruez beste egin zuten jihadistetako batzuk, eta, François Hollanderen arabera, han prestatu zituen Abdelhamid Abaudek Sirian planifikatutako erasook. Ihes egin omen zuten bi jihadisten aztarnen bila ari da bertan orain Polizia. Handik pasa omen ziren ere “Charlie Hebdo” aldizkari satirikoaren aurkako erasoa egin zutenak, Bruselako Museo Judutarrean lau hildako eragin omen zituen atxilotua eta Thalys abiadura handiko trenean armez josita atzeman zuten gizona. Kontuak kontu, “Europako jihadisten hiriburu” bezala bataiatu dute jada hainbat komunikabidek Molenbeek. 100.000 biztanle ditu, eta, nola ez, horietako gehienak musulmanak dira. Musulmanak eta txiroak. Poliziak badu bertan burua zapiarekin estaltzen duten emakumeak miatzeko lana. Raqqa edota Mosul bezalako “hiri jihadistekin” egin bezala, ez dagoelako Molenbeek bonbardatzerik. Bruselatik gertuegi dago. Hain gertu eta hain urrun.