05 DéC. 2015 IKUSMIRA EUSKARA IGANDEZ JANTZITA Amagoia Mujika Telleria Euskarak ba omen du egun bat. Horrek igoal esan nahiko du urteko gainontzeko egunak ez direla bereak. Igandez jantzita agertu zaigu, ekitaldi ofizialetan, gorbata ilunetan eta zapata distiratsuetan. Euskara garrantzitsu bihurtuta sikiera egun batez. Ez da txarra, baina egun bateko goratzeek mesfidantza pixka bat sortu ohi dute. Euskarak egunero egon beharko luke gorbatetan eta zapata distiratsuetan korapilatuta; lan-jantzietan eta katiusketan; korrika egiteko zapatiletan eta amantaletan; kafe katiluetan eta erosketa poltsetan; baloietan eta makuluetan; biboteetan eta kizkurretan. Hain korapilatuta egon beharko luke gure egunerokoan, gure pausoetan, konturatu ere ez genukeela egin beharko euskara aldean daramagula. Hain gurea beharko luke, pisatzen ez duen presentzia bat izan beharko lukeela. Euskara janzten dugunean, zein ondo ematen digun.