30 JAN. 2016 IKUSMIRA EBOLAZ MOZORROTU AL DA ZIKA BIRUSA RIOKO INAUTERIETARAKO? Jose Angel Oria Zika birusak sekulako buruhausteak eragin ditu Amerikako makina bat herrialdetan. «Aedes aegypti» izeneko eltxoak kutsatzen ditu gizakiak eta normalean ez du arazo larririk eragiten, baina eltxoak zizta egiten diona haurdun badago kontua erabat aldatzen da, umea mikrozefaliarekin jaio baitaiteke: entzefaloa gutxiegi garatuta edukiko du, eta, kasu batzuetan, entzefalo-masarekin ere gauza bera gertatuko da. Brasilen iaz jaiotako umeetako 3.174k gaixotasun hori izan zuten, eta zika iritsi aurretik 160 kasu baino ez zituzten izaten urtean, Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Beraz, aurre egin beharreko arazo bihurtu da. Horregatik herrialde ezberdinetan makina bat toki fumigatzen ari dira, baita kanposantuak ere. Baina osasun langileak inon ez dira jantzi Rioko irudi horretan bezala, Sierra Leonan ebolaren aurka aritu direnen itxura hartu baitute. Sambodromoa bera ere fumigatu dute, gaur zortzi espero den jendetza hartu aurretik.