13 FéV. 2016 EUSKALKIAK.EUS Ahozkoan bizirik dauden hizkerak bistaratu, bizirik segi dezaten Euskalkiak entzun egiten dira, baina ez dira ikusten. Horrekin kezkatuta eta euskalkiek euskararen osasun onean duten eraginaz jabetuta, Euskalkiak.eus webgunea zabaldu dute. Euskara batua beharrezkoa da, baina beharrezkoak dira euskalkiak ere. Eta ez dira inondik inora elkarren kontrako, bizilagun baizik. Amagoia Mujika Telleria Gehiegitan gertatzen da –eta aldiro ematen du min– pentsatu, sentitu, haserretu, poztu, gogoratu, kontatu, barre egin eta kexatu euskaraz egiten dituen adineko pertsona batek euskara bizi-bizian esatea berak ez dakiela ondo euskaraz, bere euskara ez dela ona, ez zuela ikasi eskolan euskaraz leitzen eta eskribitzen, bere euskara eskasa dela. Bere euskara, baina, bizi-bizia da, benetakoa, hizkera eta hitz jira bikainak dituena, zuzena, gauza txikienak modu zoragarrian esateko gaitasuna duena, betikoa eta gaurkoa. Bere euskara egunerokoan sortzen zaizkigun egoera guztietan janzteko modukoa da. Eta berdin da euskalki hori bat edo bestea izan, denek dute balio berdina, eta balio handia. Koldo Zuazo hizkuntzalariak hogei urtetik gora daramatza hango eta hemengo euskalkiak ikertzen eta jasotzen eta kasik toki guztietan bizi izan du kontatutako egoera; «adineko pertsona batekin hizketan ari zara, plazer hutsa da hura entzutea, eta grabatzen utziko ote dizun galdetzean –bere euskara jasotzeko eta ikertzeko– esaten dizu alabarekin edo bilobarekin hitz egiteko, haiek grabatzeko, berak baino askoz hobeto hitz egiten dutela euskara eskolan jaso dutelako», kontatu du. Galtzen ari garen «sekulako kapitala» ikusten du hor Zuazok. Eta galzorian dagoenaren kontzientzia pizte aldera jarri dute martxan Euskalkiak.eus Interneteko ataria. Hizkuntzaren osasuna Gertatzen ari den beste fenomeno bat ere jaso du Zuazok, «gurasoek seme-alabei hizkuntza transmititu beharrean, askotan seme-alabak dira hizkuntza erakusten dietenak. Eta azkenerako gurasoek aldatu egiten dute; ‘lehen horrela esaten genuen baina orain beste era honetara esaten dugu, seme-alabei horrela entzun diegulako’. Gauzak ez dira horrela, hizkuntza guztietan zaharrek erakusten diete gazteei, eta ez alderantziz». Eta buelta ematen ari den transmisio bide hori, gainera, euskalkiaren kaltetan da. «Ez da bakarrik euskalkia galtzen, hizkuntzaren osasuna ere galtzen da. Finean hizkuntza ez duzu lau edo bost urterekin ikasten, hizkuntza bizitza osoan zehar ikasten duzu». Euskalkien osasunean ikusitako pitzadura horiekin kezkatuta, Euskalkiak.eus webgunea jarri dute martxan, euskalkiek daukaten balioa nabarmentzeko eta euskaldunei abisu emateko oso garrantzitsua dela galtzeko arriskuan dagoena. EHUko Euskararen Errektoreordetzak babestutako webgunea sortu duen lantaldea Oneka Alvarez, Xabier Eizagirre, Iñaki Iñarra, June Lauzirika eta Teresa Portugalek osatzen dute, Zuazorekin batera. Euskalkien sorrera eta bilakaera osatua jasotzen du webguneak, historian barna izan diren eztabaidak, hartu diren erabakiak eta horiek ekarri dituzten ondorioak. Gainera, egun gazteak direnen ahotik jasotzen ditu zenbait euskalki, aurpegi ezagunak asko. Bideoz agertzen diren elkarrizketek garbi erakusten dute euskarak bere baitan daukan aberastasuna eta nola iritsi den aniztasun hori bizirik egunotara –gazte horiek euskara bizi-bizia darabilte, bakoitzak bere euskalkian–. Horien hizkerak entzunda garbi hartzen da euskalkiak galtzen uzteak ekarriko lukeen galeraren kontzientzia. Webguneak jasotzen duenez, 1964. urtean eman ziren euskara batuaren aldeko lehen pausoak, «berandu, beraz». Hori ulertzeko zenbait arrazoi jartzen ditu mahaiaren gainean. «Alde batetik, euskarak ez du joan den mendeetan ofizialtasunik eduki; ez da eskolan eta administrazioan ia sekula erabili. Idatzizko zereginetan ere gutxi baliatu da. Gaskoiak eta frantsesak bete dute zeregin hori Ipar Euskal Herrian; gaztelaniak, Hego Euskal Herrian. Azken batean, euskara inguru jakin batzuetako ahozko jardunetara mugatu da eta, horretarako, nahikoa zen lekuan lekuko euskalkia». Arrazoi nagusi horiez gain, beste bi gertakari ere azaltzen ditu atariak: Aita Manuel Larramendiren eta Arana Goiriren mezuak. «Larramendik (1690-1766) euskalki guztiak zirela onak eta guztiak erabili beharrekoak esan zuen bere hiztegiaren (1745) hitzaurrean. Egiari zor, eztabaidaren beroak ekarri zuen hori esatea. Haren garaikide zenbaiten iritzian, euskara hizkuntza basatia zen, arautu gabea eta arautu ezina eta, hori dela eta, hainbat euskalkitan zatituta eta guztiz desitxuratuta zegoen. Larramendik, horri aurre egiteko, euskara eta bere euskalkiak Jainkoak sortu zituela Babelen esan zuen eta, horrenbestean, onak eta zuzenak zirela. Ikuspegi horretatik etorri zen euskalki guztiak indartzea, eta, ondorioz, literatura euskalkiak garatzea». Bigarrenik, «Sabino Arana Goirik (1865-1903), Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuenean, egitura federala aldarrikatu zuen Euskal Herri beregainaren barruan eta, horrenbestean, herrialde bakoitzean bertako euskalkia landu behar zela esan zuen. ‘Lecciones de ortografía del euskera bizkaino’ saioan idatzi zuenez, sei euskalki behar ziren; inondik inora ere ez euskara batu bakar bat». Arrazoi eta iritzi desberdinak tarteko, euskara batuak berandu abiatu zuen bere bidea. Eta bidea egin duela urte batzuk joan direnean, zenbait ondorio nabarmendu dituzte aipatu webgunean. Batetik, euskara batuak jendarteari ekarritako onurak nabarmentzen dira: «Euskaldun guztiok batak bestearekin euskaraz jarduteko aukera daukagu; ez dugu erdaretara jo beharrik dagoeneko. Euskarari normalizatzeko bideak ireki zaizkio: irakaskuntzan, administrazioan, hedabideetan eta idatzizko zereginetan balia daiteke. Erdaldunek euskara ikasteko aukera sortu da; ‘euskaldun berri’ ugari agertu dira 1964tik hona. Administrazioak ezarritako mugak gainditu eta Iparraldea eta Hegoaldea gerturatu dira. Euskarak ospea irabazi du. Dagoeneko ez da euskalki sorta bat; benetako ‘hizkuntza’ da». Zabaltzeko moduan akatsak Baina euskara batua zabaltzeko moduan akatsak ere ikusten dira, eta horietako hiru nabarmentzen dituzte webgunean: «Ez dira herri erdaldunak eta euskaldunak bereizi. Euskara batua modu berean zabaldu eta erabili da Tuteran eta Lekeition, Santurtzin eta Gasteizen. Leku euskaldunetan ez dira bertako euskalkiak aintzakotzat hartu». Bigarrena, «euskara batua euskara ‘on’ eta ‘jaso’ modura aurkeztu da eta, beraz, batua ez zirenak ‘txar’ eta ‘basati’ modura agertu dira. Hori dela eta, euskalkiak atera dira galtzaile. Etorkizunari begira, batua eta euskalkiak hizkuntzaren osagaitzat aurkeztea komeni da; batari eta besteei dagozkien esparruak egoki zehaztea». Eta, hirugarrena, «zeregin jasoetarako baizik ez da egokitu euskara batua: testu liburuetarako, literaturarako… Euskalkirik ez dagoen eremu erdaldunetan ez dago lagunarteko erregistrorik. Ezta euskaldun guztiei begira egiten diren jardun informaletan ere. ‘Lagunarteko estandarra’ edo ‘estandar kolokiala’ lantzea komeni da». Ahozkotik gehiago edatea Zenbait esparrutan igarri da aldaketa. Telebistan eta zinemagintzan esaterako, garai bateko euskara batu jasoa eta ikus-entzule askorentzat urruna euskalkietatik gertuago eta sinesgarriago aurkezten ari da azken urteotan. «Garai batetik hona asko ari gara hobetzen, baina komeni zaigu noizean behin egur pixka bat ematea jendeak erabil dezan. Itzulpengintzan edo irakaskuntzan ari den jendeak, adibidez. Ez dut esaten erabiltzen den euskara txarra denik, baina bizirik dagoen hori ezagutzea eta baliatzea garrantzitsua da, eta ahozkotik gehiago edatea». «Benetako euskalkia jasotzeko asteburu-pasa joatea ez da nahikoa» Euskara eta nagusiki euskalkiak ditu ikergai Koldo Zuazok, mimoz eta pasioz egiten duen lana. Bere lanerako modua berezia da, denboraldi luzeak ematen baititu euskalkia bizirik dagoen tokian bertan, hizkera horren ezaugarriak jaso nahian. «Hasiera batean asteburu-pasa joaten nintzen herrietara, bertako euskalkia jaso nahian. Baina horrek ez du funtzionatzen, jendeak ez baitizu bere euskalkian egiten bete-betean, zuk egiten duzun horretara hurbiltzen saiatzen da. Aldiz, leku batean hilabete bat edo bi ematen dituzunean, bertakotu egiten zara eta benetako euskalkia jasotzeko aukera gehiago duzu. Jendearen eguneroko bizimoduan sartzen zara eta orduan lortzen duzu euskalkia benetan ezagutzea», kontatu du. Lehen egonaldia Donibane Garazin egin zuen, 2006. urtean. Ondoren, 2007 eta 2009 bitartean Urdiainen bueltan aritu zen lanean. 2010-2012 tartean, berriz, Araitz-Beteluko euskalkia izan zuen aztergai eta 2013. urteaz geroztik Saran dago. «Ez naiz denbora guztian bertan egoten, baina udazken partean denboraldi luzeak egiten ditut toki horietan, hilabete pare batekoak». Esa bezala, orain Saran ari da lanean, eta bertan bost urteko egonaldia egitea aurreikusten du. «Konturatu nintzen Ipar Euskal Herrian ez zegoela horrelako hiztegirik eta egin beharra zegoela pentsatu nuen. Saran hiztegi bat osatzen ari naiz, 2.400 sarreratik gora izango dituena. Oraindik lan handia daukat egiteko», agertu du hizkuntzalariak. Egonaldiak egin dituen tokietan harrera beroa egiten diote. «Oso ondo hartzen naute. Nik beti esaten diet ikaslea naizela eta beren euskalkiaren berri ikastera natorrela. Jendeak oso ondo hartzen zaitu bere euskalkiaren gaineko interesa agertzen duzulako. Garrantzitsua da apala izatea, horregatik esaten dut beti ikastera etorri naizela. Oso esperientzia onak izan ditut eta lagun handiak egin ditut bidean». «Adineko pertsona batekin hizketan ari zara eta grabatzen utziko ote dizun galdetzean esaten dizu alabarekin edo bilobarekin hitz egiteko, berak baino hobeto hitz egiten dutela» «Zeregin jasoetarako baizik ez da egokitu euskara batua: testu liburuetarako, literaturarako… ‘Lagunarteko estandarra’ edo ‘estandar kolokiala’ lantzea komeni da»