13 FéV. 2016 IKUSMIRA ONDO PASATZEKO ESKUBIDE ETA ASKATASUN BERDINA? Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS Amagoia Mujika Telleria Inauteriak egunerokoa hankaz gora jartzeko egunak omen. Ez dirudi egia denik. Egunerokoa benetan hankaz gora jarriko balitz, egunerokoaren oso desberdina litzakeen errealitate horretan ez lirateke kabituko eraso sexistak. Horiek badaude egunerokoan; gehiegi, maizegi, bortitzegi, ohikoegi. Piraten, azafaten, behien, atsoen, indioen, txinatarren, tximinoen, sevillarren azpian ezkutatzen diren erasotzaileek ezin dute ezkutatu barrukoa, benetan direna. Ezin diote eutsi besteen ipurdiak eta bularrak bereak bailiran ukitzeko tentazioari. Mozorroari gailendu egiten zaio emakumeak begiratzeko duten modu ez osasungarri hori. Eta, batzuetan, gainera, taldean hauspotu egiten da laineza mingarri hori... Lantzen, Tolosan, Altsasun, Gasteizen eta toki guztietan, tamalez. «Ez jarri horrela neska, ez da hainbesterako, inauterietan gaude!». Horixe, inauterietan gaude zu eta ni, berdinetik berdinera. Eta ondo pasatzeko eskubide eta askatasun berdina daukagu. Edo ez?