16 AVR. 2016 IKUSMIRA BESTE PALAKADA BAT DEMOKRAZIAREN HILKUTXARA Jose Angel Oria Beren jaioterrian ez zieten onartzen gizakiak izanik beraiek ere giza eskubideak dituztela, baina pertsona horien historia ez zitzaigun iristen. Sirian, Afganistanen, Iraken eta beste leku askotan ez dago duintasunez bizitzerik. Herritar ausartenek, argienek, egoera hobetu nahian protesta egitean, egurra baino ez dute ezagutu. Ihes egin zuten. Europako bidean, polizien gas negar-eragileak (irudia igandean Greziako Idomenin hartutakoa da) egin die ongietorri tristea. Momentu batez eskubiderik ezagutzen ez zaien gizaki horien aurpegiak eta istorioak ezagutzeko aukera izan dugu. Baina aurki desagertu egingo dira gure pantailetatik, bestelako izenen bat jarriko dieten atxilotze zentroetara eramango baitituzte. Eta ahaztu egingo ditugu. Eta Baxar al-Assad bezalako tipoek diseinatuko dute beren herrialdeen geroa. Eta Europako agintariek beraiekin negoziatuko dute. Guztion artean, beste palakada bat botako dugu demokraziaren hilkutxaren gainera.