GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

INDIA ETA ALDAKETA KLIMATIKOA KINIELAN «2»: LEHORTEA ETA BEROA


Aldaketa klimatikoaren inguruan ari garenean Ipar eta Hego poloak nola urtzen ari diren erakusten duten irudiak etortzen zaizkigu berehala gogora. Ama lurraren, bertan bizi garenon eta gure ondorengoen etorkizuna kolokan jartzen duen fenomeno larriak nonahi eta nolanahi du eragina. Indian, argazkian bere krudeltasun osoan agertzen den lehortea aldaketa klimatikoaren ondorio zuzena den erabat ziur daude zientzialariak. 330 milioi indiar –biztanleriaren laurdena (europarron erdia)– ur faltan bizi dira. Nekazaritzatik bizi direnentzat, gehiengo zabala, egoera ezin larriagoa da. Hori aski ez, eta Asiako herrialde handiak –hobeki esanda kontinenteak– ez du ezagutu azken urteotan asteotan izaten ari direnen pareko tenperatura alturik. Udako montzoiaren euriaren zain zerura begira daude indiarrak. Baina iaz %14 euri gutxiago bota zuen. Kiniela guztietan ateratzen dira galtzaile indiarrak, baita kiniela klimatikoan ere!