11 JUIN 2016 «On line» eta euskaraz ikasi nahi duzu? Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Gero eta gehiago dira «on line» ikastera animatzen diren herritarrak. Batzuk lana egin behar dutelako, eta ezin direlako aurrez aurreko modalitatean sartu. Besteak, familia eta bestelako ardura eta zeregin pertsonalak dituztelako. Edozein kasutan, gero eta gehiago dira, ardura profesional eta pertsonalen baturagatik, etxetik eta «on line» ikasteko hautua egiten dutenak. Gero eta gehiago baitira, unibertsitate edo lanbide heziketaren ondoren, ikasten jarraitzen dutenak. Euren burua etengabe jantzi nahi dutenak. Izan egiten duten lanarekin zerikusia duten gaietan edo izan interes pertsonalek mugitzen dituzten arloetan. Jendartea aldatzen ari da zentzu horretan, jendartearen beharrak eta ikasteko moduak ere aldatzen ari direlako. Eta lanbide unibertsitateak gero eta kontzienteago dira. Horregatik ari dira, eurak ere, euren on line eskaintza sortzen eta indartzen. Aurrez aurrekoak izateko jaio ziren arren, badakitelako egun 22 urte baino gehiago dituztenak ere euren ikasle izan daitezkeela. Baina balizko ikasle horiek malgutasuna nahi dute. Euren erritmora ikasi nahi dute. Denbora gutxi dute eskaintzeko, eta ez dute desplazamendurik nahi. Eta eguneko edozein unetan ikasteko askatasuna nahi dute. Erabakitzeko aukera. Baina aurrez aurrekoak izateko jaio zirenentzat, logikoa denez, aurrez aurrezkoa da muina. Nekez asimila dezakete on line ikasketak eskaintzeak dakarren aldaketa. Aldaketa, besteak beste, eredu pedagogikoetan eta irakasleen roletan. Edozein kasutan, gradu mailako ikasketak euskaraz, on line eta modu malguan eskaintzen dituen aurrez aurreko unibertsitaterik ez dago Euskal Herrian. UNED existitzen da, Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du, baina ez du euskarazko eskaintzarik. Eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen diseinua zalantzan jartzekoa iruditzen zait niri. Are, UNED ez da on line unibertsitate bat. UNED urruneko unibertsitate bat da. Eta ez da gauza bera. Urruneko unibertsitate batean, urrun ikasten duzu. Zure kabuz. Zure erritmora. Azterketara joan eta kito. Eta zenbait kasutan ariketak izango dituzu tartean. On line unibertsitateetan ikaskuntza-irakaskuntza prozesu osoa on line izateko diseinatzen da. Ikaslean zentratzen da. Bere autonomian, eta bere ikaskuntza prozesuan. Eta horrek beste diseinu batzuk eskatzen ditu. Eta badira «on line» unibertsitateak. Eta «on line» ikasteko aukerak oparoak dira, noski. Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, esaterako, aukera andana dugu. Euskaraz ere bai, gutxi batzuk. Baina gradu mailako titulaziorik ez. Ez dago modurik, esaterako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza edo Psikologia euskaraz eta on line ikasteko. Eta are gutxiago ardura profesional eta pertsonalak dituzten ikasleen erritmoetara egokitzeko malgutasunarekin. Zentzu horretan, azken asteotan, UEUk antolatu jardunaldi bat izan dugu gai hau lantzeko aitzakia. Atzo izan zen, Koldo Mitxelenan. Mamitsua izan zen. Eta horretarako antolatu genuen. Hizlari gonbidatuak ez ziren zoriaren ondorio. Euskarazko on line unibertsitate berri bat sortzeko osagai guztiak izan genituen: administrazio publikoak (Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza), Euskaltzaindia, aurrez aurreko lau unibertsitate (Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa), UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Carles Sigales Conde (Ikaskuntza eta irakaskuntza errektoreordea), Juanjo Alvarez Rubio (UNEDeko zuzendari ohia) eta Iñaki Alegria Loinaz (UEUko zuzendaria). Carlesek argi utzi zuen zein den bidea. Zeintzuk izan ziren UOCen lehen urratsak. Eta zeinen ezinbestekoa den denen arteko elkarlana. Has gaitezen bada. Lehenbailehen. •