GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

PANKARTA OINEAN HAZITAKO UMEEN ZAIN OTE?


Dagoeneko oporretan daude. Oporretan zein eskola egunetan, baina, jolaserako adina dute. Hala ageri dira pankarta aurrean umeok, dagokien bezala, seguruenik pankarta atzean daudenak zer dela-eta bildu diren horra oso ondo ulertu gabe. Gurasoek, beharbada, azaldu diete gizon batek emakume bat hil duela. Jende askok, ume izan gabe ere, ez du ulertzen zergatik gizon batek hil duen emakume bat. Beste batzuek ez dute ulertu nahi. Emakumea zelako, izan liteke azalpenetako bat; alegia, gizonak bera baino indar fisiko handiagoa zuelako. Beste bat, berriz, emakumea zelako; alegia, erlijioetan bezala gizarte eraketan ere berdintasuna asmo polit baina hutsa baino ez delako, pertsonak beren izaeraren eta bizi baldintzen arabera hierarkikoki sailkatzen dituen sistemaren menpeko gizartean bizi garelako. Egun batean, beharbada, pankarta oinean hazitako umeok, neskek eta mutilek, mutilek eta neskek, emakumeak erailtzea ohikoa zen aspaldiko garai batez hitz egingo diete umeei. Beharbada. Agian!

Xabier Izaga Gonzalez