02 JUIL. 2016 IKUSMIRA SVAVARSSON BIKINGOAREN ONDORENGOEN EUFORIA Jose Angel Oria UEFAk Eurokopan izan diren zalerik onenak saritu nahi ditu, Marseillan eta beste hiri batzuetan lehen egunetan izan ziren istilu beldurgarriek utzitako irudiak nolabait estali nahian. Islandiako zaleek sariren bat merezi dute, zalantzarik gabe, herrialdearen populazioaren (330.000 biztanle gutxi gorabehera) %10 inguru joan baita frantses Estatura bere futbolariei babesa ematera. Egunotan esan da Ipar Atlantikoko uhartean 100en bat futbolari profesional besterik ez daudela, eta horietako 23 daude egunotan Eurokopan, beste inon izaten ez den proportzioa. Gardar Svavarsson Suediatik iritsitako bikingoa izan omen zen Islandia uharte bat zela konturatu zen lehen gizakia (860. urtea), ekaitz baten eraginez irlari itzuli osoa eman baitzion. Aurkariak kikiltzeko Svavarssonen garaikoek erabiltzen zituzten oihu eta txaloak erabiltzen dituzte gaur ondorengoek, eta futbola asmatu zuten ingelesak kanporatu dituzte. Poztuko ez dira bada? Eta bihar, Frantzia. joseangel.oria@gaur8.info