20 AOûT 2016 KIROL HEZITZAILEA Hezkuntza esparruko kirolak hezitzailea behar du, ez elitekoaren kopia txikia Eliteko kirola eliteko kirola da. Emaitzak, errendimendua, espektakulua. Fenomeno kultural, ekonomiko eta sozial indartsua. Eta hezkuntza alorreko kirola? Nolakoa da? Nolakoa behar luke? Eliteko kirolak dena zipriztintzen du, dena kutsatzen. Gogoeta horretatik abiatuta jarri dute martxan Huhezin Kirol-hezitzailearen Aditu Titulua. amagoia.mujika@gaur8.info Kirola tresna bikaina izan daiteke gizartea josteko, pertsonak indartzeko, balioak janzten laguntzeko. Baina kirolak triskantza handia eragin dezake gaizki erabiltzen bada, elitera begira bakarrik badago eta erabat emaitzen menpeko bihurtzen bada. Gaur egun gure jendartean kirola eta jarduera fisikoa fenomeno kultural, ekonomiko eta politiko oso indartsua da. Presentzia horrek, baina, baditu aurpegi dezente. Batetik, gero eta garbiago dugu jarduera fisikoak gure bizitzari mesede handia dakarkiola. Bestetik, baina, kirol batzuk sekulako presentzia daukate komunikabideetan eta kirolaren eta gorputzaren inguruan zabaltzen dituzten exijentziak ez dira beti jendearen bizimoduaren eta zoriontasunaren mesedetan izaten. Eliteko kirolak, errendimenduari begirako kirolak eta kirol konpetitiboak jarduera fisiko guztiak zipriztintzen dituzte, baita hezkuntza esparruan egiten direnak ere. Eta horrekin kezkatuta sortu dute Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean Kirol-hezitzailearen Aditu Titulua. Fakultateko irakasle eta titulu berriaren koordinatzaileak diren Amelia Barquinek eta Izaskun Uribesalgok azaldu diote GAUR8ri titulazioaren mamia. «Kirolak sekulako garrantzia dauka gure munduan, presente dago momentu oro komunikabideetan eta pertsonen bizitzan. Presentzia hori lotuta dago, hein handi batean, eliteko kirolarekin, errendimendua bilatzen duen kirolarekin, konpetizioarekin... Hori da gure jendartearen eta gure kulturaren ezaugarri bat. Eta elementu horiek guztiak hezkuntzara ere heltzen dira; hezkuntzarenak izan behar duten eremuetara. Errendimendura bideratutako kirolean erabiltzen diren irizpideak eta bultzatzen diren balioak iristen dira hezigarria izan behar duen kirolera. Gure ikuspegitik beste balio batzuk eta beste irizpide batzuk bultzatu behar dira hezkuntzaren arloan. Ezin da gertatu Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan kronometroa eskuan eta markak ezartzen aritzea hezkuntza fisikoko irakaslea. Hortik gatoz,, baina beste balio eta irizpide batzuk garatu behar ditugula ikasten ari gara. Hori da aditu titulu honen abiapuntu filosofikoa», agertu du Amelia Barquinek. «Gauzak egin dira esparru hori berritzeko eta egungo gizartera egokitzeko. Baina oraindik eliteko kirolak indar handia du. Esparru semiprofesional horretan beharrezkoa zen marko hezitzaileago bat jartzea», gaineratu du Izaskun Uribesalgok. Esparru semiprofesionala aipatu du Uribesalgok, hain justu, errotazio handiko eremua izaten delako askotan. Hezkuntza formalean ez, baina hezkuntza ez formalean eskola kirolaren arloa maiz gazte askoren lehen lantxoa izaten da, lan duinago bat lortu edota bizibidea aurrera ateratzeko modua ematen duen ogibide bat eskuratu aurretik egiten den lantxoa. Eskola kirolaren lan esparrua dekretu bidez araututa dago eta zenbait titulazio eskatzen dira. Egia da, gainera, administrazioaren aldetik eta zenbait ikastetxeren aldetik saiakerak egin direla norabide horretan. «Baina egia da errealitatera jauzi egiten duzunean hor denetarik topatzen duzula; Batxilergoko ikasle ohiak, gurasoak... eta beste leku batzuetan irakasleak. Panorama nahiko anitza da, baina egia da dekretuak gauza bat esaten duela eta errealitatean beste gauza bat dagoela», nabarmendu du Uribesalgok. Badirudi kirolaria bazara eta kirola gustatzen bazaizu, prest zaudela kirol hezitzailea izateko. «Uste dugu oinarrizko formazioa behar-beharrezkoa dela, ez dela nahikoa kirola maitatzearekin eta kirola praktikatzearekin. Irizpide hezigarriak behar dira», azaldu du Barquinek. Huhezitik, beraz, sumatu dute profil profesional horri «txapel hezitzaileagoa» janzteko beharra. Profesional gogoetatsua Kirol-hezitzailea Aditu Titulua hiru ardatzen gainean eusten da: hezkuntza inklusiboa, profesional gogoetatsua eta berrikuntza. Izaskun Uribesalgoren hitzetan, «hiru esparru horiek elikatzen ditu aditu tituluak». «Egia da historikoki hezkuntzaren mundua eta ikerketarena nahiko banatuta egon direla eta guk, Huhezin, badugu profesional gogoetatsuaren profila lantzeko lan ildoa: norberak bere jardueraren eta bere praktikaren inguruan hausnartzearen garrantzia nabarmentzen da. Ez du inork etorri behar kanpotik zure jarduera aztertzera. Zu, profesional gisa, profesional gogoetatsua eta ikertzailea izan behar zara», agertu du. Horrek esan nahi du profesionala gai dela bere jarduera aztertzeko eta badituela irizpideak hori eraldatu eta berrikuntzak txertatzeko. «Huheziko elementu indartsua da hori eta aditu titulu berrian txertatu nahi izan dugu», zehaztu du Barquinek. Hala ere, kirolaren aurpegi lehiakorrena eta elitistena hezkuntzaren arloan sartu den kezka ez da berria. «Nik uste dut gero eta garrantzia handiagoa ematen zaiola kirolaren esparruari ikuspuntu pedagogikotik eta titulazio hau pauso bat gehiago da bide horretan. Aniztasun handia dago, talde batzuek kultura hezigarria daukate, beste batzuk garatzen ari dira... baina iruditzen zaigu azken bultzada falta dela formazio berritzailea eskuratzeko. Akaso formakuntzak zaharkituak geratu dira, akaso etengabeko berrikuntzak eta zikloak ez dira behar adina dinamikoak izan kirolaren esparruan». Izan ere, azken urteotan hezkuntza arloko kirolaren inguruko formakuntzak, gidaliburuak, protokoloak eta halakoak martxan egonagatik, futbol zelaietan, kantxetan eta kiroldegietan guraso batzuen jokaera ez da eredugarria, ezta entrenatzaile batzuena ere. Eta ikasleen arteko harremanetan ere gehiegitan geratzen da bistan zeri ematen zaion garrantzia, emaitzari edo prozesuari. «Arazoa ez da eskola kirolean bakarrik ematen, eskolan bertan heziketa fisikoko irakasleen artean izugarrizko aniztasuna dago eta batzuek eredu hezitzailea oso garatuta daukate eta beste batzuk oraindik kirol konpetitiboaren parametroetan mugitzen dira. Hor aniztasun handia dago eta guk gure ekarpen propioa egin nahi dugu», esan du Uribesalgok. Kirola, tresna oso baliagarria Kirola tresna oso baliagarria izan daiteke, ondo erabiliz gero, noski. «Kirolaren bi alderdi nabarmenduko nituzke; alderdi pertsonala eta alderdi soziala. Kirola beharrezkoa da pertsonaren, umearen eta gaztearen garapen integralari begira. Hori ez da eztabaidatzen gure gizartean. Kirolak onura fisikoak eta mentalak ditu. Baina beste alderdia, gizarteari dagokiona, oso-oso indartsua da. Ikusten dugu kirola gizarte kohesioari begira tresna oso eraginkorra eta oso ona izan daitekeela», hasi da nabarmentzen Amelia Barquin. Esaterako, gure jendartean immigrazioa oso fenomeno esanguratsua da. «Umeak eta gazteak edozein adinetan iristen dira herrietara, auzoetara. Bertako hizkuntzak ikasi baino lehen, posible da eskola kirolean aritzea edo auzoan eta herrian dauden taldeetan aritzea. Agian matematikan oraindik ez da moldatzen, baina hezkuntza fisikoan molda daiteke. Horregatik beharrezkoak dira irizpide pedagogiko eta kulturartekoak edukitzea. Hori da gure formazioaren alderdi bat: nola kudeatu kulturaniztasuna, beste herrialde batzuetatik etorri diren umeak, gazteak, familiak.... Nola kudeatu aniztasun hori kirol hezitzailea zaren neurrian», segitu du. Barquinek beste ertz bat ere nabarmendu du. «Badakigu gure gizartean gizonek eta emakumeek modu desberdinean bizi dutela kirola. Ez zaio garrantzi berbera ematen bati eta besteari, kulturalki oso markatuta gaude eta matxismoa eta sexismoa oso presente daude. Aniztasun hori ere kudeatu beharra dago. Elkarrekin kirola eta hezkuntza fisikoa egiteko, balio batzuk bultzatzeko eta jarrera batzuk deseraikitzeko erabili behar dugu kirol hezitzailea». Parekotasun ekonomiko eza ere landu daiteke kirol hezitzailearen bitartez. «Gure gizartean desberdintasun sozioekonomikoak gero eta handiagoak dira zoritxarrez. Nola kudeatzen da hori eskoletan eta kirol jardueretan? Zer sentiberatasun daukagu arazo horrekin? Zein irizpide eduki ditzakegu?». Galdera benetan interesgarriak mahai gainean. Eta euskararen arloa ere hor dago. «Badakigu ordutegiz kanpoko jarduerek zer-nolako garrantzia daukaten haur batzuei beren euskara maila hobetzen laguntzeko. Euskararen normalizazioaren bidean tresna moduan erabiltzen da kirola, aisialdia... Eta hor ere badaude estrategia eta teknika batzuk erabil daitezkeenak. Horiek ikasita kirola euskararen normalizaziorako tresna ere bihur daiteke». Huheziko titulazio berria koordinatzen dutenek oso garbi daukate: «Kirolak kohesio sozialari begira sekulako balioa dauka eta ondo erabilita oso tresna eraginkorra izan daiteke». Baina alderantziz ere gerta daiteke, modu okerrean erabilita kirolak hezkuntzaren esparruan kalte handia egin baitezake, «eta egin izan du historikoki». «Beti hitz egiten dugu lana gaizki egiten baldin bada hiru ikasle multzo sortzen direla. Elite motorrak, trakets motorrak eta objektore motorrak –kirolaren eta jarduera fisikoaren inguruan ezertxo ere jakin nahi ez dutenak–», agertu du Uribesalgok. Denek ezin dute Messi izan Amelia Barquinek garbi dauka, «adin hauetan kirola eta hezkuntza fisikoa eraikitzailea izan behar da. Dibertigarria izan behar da, ez da sufrimenduarekin lotu behar. Une batean konpetitiboa izango da eta ikasiko dugu galtzen eta irabazten. Baina ez da lotu behar errendimendu handiarekin eta sufrimenduarekin. Badauka zer eskaini ikuspegi berri honek». Sufrimendua, eliteko kirola, sakrifizioa... oso txikitandik edaten du haurrak horietatik. Komunikabideetan agertzen diren eliteko kirolarien erreferentzia ere hor dago. «Nik uste dut horiek ere egon behar dutela, zergatik ez. Ume batzuek badute adimen hori garatzeko gaitasuna. Baina horrek ez du esan nahi ume guztiek sartu behar dutenik hortik. Gure ideia da ume guztiek eta gazte guztiek eskubidea dutela kirolaren arloan gaitasun batzuk lantzeko eta bakoitza den modukoa izateko», segitu du Barquinek. «Denek ezin dute Messi izan. Messi bat detektatzen bada, bide batetik bideratzen da, beste gaitasun batzuk antzematen direnean bezala. Adibidez, ume batek adierazten badu pianoarekin sekulako gaitasuna daukala, akaso familiak hortik bideratuko du. Bada, kirolarekin, berdin. Baina hori ez da izan behar beste guztientzako ardatza eta neurria. Umeek disfrutatu egin behar dute eta mila gauza ikasi», gaineratu du. «Esparruak bereizi behar ditugu. Gauza bat da kirol espektakulua, errendimendua bilatzen duena. Kulturalki XXI. mendeko fenomeno oso garrantzitsua da kirol errendimenduarekin lotutako kirol espektakulu hori. Baina hortik aparte dago gu jorratzen ari garen nortasun propioa duen esparrua; eskola kirola, kirol hastapena, hezkuntza fisikoa... eta eliteko kirolak ez du hori guztia zipriztindu behar, baina zipriztindu egiten du. Guk hori kudeatzen eta bideratzen jakin behar dugu eta gauzei betaurreko hezitzaile batzuetatik erantzuten», agertu du Uribesalgok. Eliteko kirola eta hezkuntza esparruko kirola gauza desberdina dira. Hezkuntza esparrukoa den neurrian, kirol horrek marko pedagogikoa behar du. «Eliteko kirola ez da hezigarria, espektakulu bat da, beste paradigma bat da eta horrek ezin du agindu eskola esparruaren baitako kirol jardueraren norabidea». Baina, nola iritsi gogoeta horietatik ikaskuntza eta irakaskuntza prozesu berrietara? «Berrikuntzaren hanka hori berrikuntza didaktiko eta metodologikoetan ere azaldu beharko litzateke. Nola egin harrera, saioen egitura, zein metodologia erabili, nola ebaluatu ikaskuntza-irakaskuntza prozesu horiek... Hori guztia jasotzen du Kirol-hezitzailearen Aditu Tituluak», zehaztu du Izaskun Uribesalgok. Kirol eta hezkuntza munduko profesionalei begirakoa da Huheziren eskaintza berria; gorputz hezkuntzan eta eskola kirolean dihardutenak, administrazioaren kirol sailetan dabiltzanak, kirol enpresa eta erakundeetan dabiltzanak, kirol elkarte zein federazioetako kideak, aisialdiko jarduerak eta ekintzak antolatzen dituztenak... «Hezitzaile horiei guztiei betaurreko berriak eskaini nahi dizkiegu; profesional gogoetatsuaren eta berrikuntzaren betaurrekoak, beren lana kalitate hobeagoz egin ahal izateko», bukatu dute azalpena Kirol-hezitzailearen Aditu Tituluaren koordinatzaileek. Urritik apirilera bitarte eskainiko dute titulazioa Aretxabaletan Pasa den maiatzean modulu pilotu bat jarri zen martxan Huhezin Kirol-hezitzailea Aditu Tituluak zer-nolako erantzuna izan zezakeen neurtze aldera. Interesa piztu zuen eta, ondorioz, datorren urritik apirilera bitartean eskainiko dute aditu titulua. Astean behin izango dira saioak, arratsaldez, 17.00etatik 21.00etara. Praktikak eta amaierako lana ere izango dira. Bi modulu indartsu izango dira. Lehena, marko profesionala. Eta modulu horrek hiru ardatz izango ditu: profesional gogoetatsua, hezkuntza inklusiboa eta berrikuntza. Bigarren modulua, kirola eta gizartea batzen dituena izango da. «Alegia, lehenengo moduluan ikasitako guztia nola jaisten da errealitatera? Kulturartekotasuna, aniztasun sozioekonomikoa, generoa eta aniztasun afektibo sexuala, euskara... esparru horietara guztietara nola irits gaitezke praktikaren bidez? Hori da bigarren moduluan landuko duguna», zehaztu dute tituluaren koordinatzaileek. Aditu titulua euskaraz eskainiko da eta klase presentzialak Huheziren Aretxabaletako campusean izango dira. Guztira 250 orduko titulazioa izango da; horietatik 125 ordu presentzialak izango dira, 100 ordu praktikoak eta bukaerako lana egiteko izango dira eta 25 ordu lan ez presentzialentzako. Gogoeta eta eztabaida mintegiak ere aurreikusten ditu titulazioak, gaiak modu parte hartzailean lantze aldera. Eta praktikaldiak kirol-erakundeetan egiteko aukera izango da. «Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakaslea kronometroa eskuan eta markak ezartzen aritzea ezin da gertatu. Beste irizpide batzuk landu behar ditugu» «Gauzak egin dira aldatzeko, baina oraindik eliteko kirolak indar handia dauka. Esparru semiprofesional horretan beharrezkoa zen marko hezitzaileago bat jartzea» Kirola beharrezkoa da pertsonaren, umearen eta gaztearen garapen integralari begira. Hori ez da eztabaidatzen gure gizartean. Kirolak onura fisikoak eta mentalak ditu «Baina kirolaren beste alderdia, gizarteari dagokiona, oso-oso indartsua da. Ikusten dugu kirola gizarte kohesioari begira tresna oso eraginkorra eta oso ona izan daitekeela» «Denek ezin dute Messi izan. Messi bat detektatzen bada, bide batetik bideratzen da, baina hori ez da izan behar beste guztientzako ardatza eta neurria» «Eliteko kirola ez da hezigarria, espektakulu bat da, beste paradigma bat da eta horrek ezin du agindu eskola esparruaren baitako kirol jardueraren norabidea»