27 AOûT 2016 IKUSMIRA 53 KONTAKIZUN IPUIN ZITAL BATEN AURREAN Izaga, Xabier Hurrenez hurren 53 silueta, Iruñeko kartzelatik Cadreitara azken bidaia egin zutenena. Fusilatuak, ezkutatuak, desagerraraziak. Irabazleen kontakizunean existitzen ez direnak, beren senideen eta herrikideen oroimenean ez bezala. 53 kontakizun izugarri, adiskidetzeari buruzko ipuina, zigorgabetasuna zuritzeko ahalegin zitala, nabarmen uzten dutenak. Iragan asteartean Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak omenaldia egin zien Iruñeko kartzela zaharraren orubean. Herritarrak eta instituzioen ordezkariak bertan izan ziren, desagerturik nahi zituztenekin batera, urte luzeetako mehatxuek eta beldurrak ez dituztelako ezabatu. 53 preso «askatu» berri, gezurpean fusilatuak. Haietako bat bizirik atera zen, ihes egin eta gertatutakoa kontatu zuen, baina gainerakoen heriotzen errua sentitu omen zuen, hildako bizi bihurtuta, faxisten eta haien ondorengoek aitortu ez dituzten sarraskien errua bere gain hartuta. Orain berak eta beste 52ek beren herriaren aintzatespen publikoa dute. Maitasuna beti izan dute. Xabier Izaga Gonzalez