17 SEPT. 2016 IKUSMIRA EZ DA BERA, BAINA MAITASUN BERAK HARTU DU Izaga, Xabier Itzuli da marinela eta beharbada konturatu da ez dela jada joan zen bera, poetak iragarri bezala. Lantokitik eraman zuten gazte haren erretratua altxatu du, joan zenaren eta itzuli denaren arteko aldea, nahita edo nahi gabe, nabarmenduz. 25 urteko aldea. 25 kartzela urte, 25 atzerri urte, zigor latzeko 25 urte. Aspaldi behar zuen herrian, baina 10, 15, 20 urtek ez dute mendeku egarria berdintzen, ezta 25ek ere. Xabier Aranburu Xomorro ez da lantegian zela eraman zuteneko lekura itzuli. Hortxe dira etxekoak eta lagunak, bera bezala kaska zurituta edo soilduta. Baina ez dira itsasoan barrena abiatu aurretikoak, edo bai, baina Xabier, ez. Beste batzuk, berriz, ez dira. Beharbada oraindik ez du Usurbilgo eliza nagusiko hormak ikusteko astirik izan, Ameriketan eta Euskal Herrian hainbeste izerdi, odol eta negarren lekukoak berberak diren ikusteko. Itzuli da marinela eta beharbada ez da joan zen bera, baina maitasun bera topatu du herrian. Lantokitik eraman zuten gazte hura maite zuten bezala orain bera maite(ago) dutela sumatu baitu. Nolanahi ere, poetak arrazoi, ez da guztiz itzuli, «itsasoaren sare larrietan gatibatuta», elastikoan eta barrenean grabatuta dakarren leloak adierazten duenez. Xabier Izaga Gonzalez