24 SEPT. 2016 IKUSMIRA KONPONDU GABEKO ARAZOAK PILATU EGITEN DIRENEAN joseangel.oria@gaur8.info Zaborrak direla-eta iaz Beiruten sortu zen giza mugimendua erabat ahulduta dabilela dirudi, baina horrek ez du esan nahi arazoa konpondu zutenik. Gobernuak orain hilabete batzuk iragarri zuen zaborrak era egokian biltzeko egitasmo bat zuela (bi zabortegi abian jartzekoa zen), baina Joseph Eiden argazki ikusgarriak garbi uzten du arazoa konpondu gabe jarraitzen dutela: poltsa zuritan sartutako zaborra errepideko bi errailen artean pilatuta dago. Agintariek joan den martxoan Burj Hammoud auzoko kontseiluari agindu zioten hondakin solidoak tratatzeko planta moderno bat zabalduko zutela. Agindu bai, baina... Aipatu auzoko kontseiluak asteak daramatza bertan duten zabortegi zaharrera doazen kamioiei bidea ixten. Zubietako erraustegitik gertu bizi diren herritarren moduan, Burj Hammoudekoek salatzen dute egungo egoera oso kaltegarria dela beraien osasunarentzat, eta minbizia eta arnas eta larruazal gaixotasunak aipatzen dituzte. joseangel.oria@gaur8.info