GAUR8 - mila leiho zabalik
EUSKARA JENDAURREAN

Jendaurreko euskararen erabilera areagotu eta hobetu nahi dutenen sarea

Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk bultzatutako Jendaurrean Erabili proiektuak bukatu du bere lehen fasea. Zenbait erakunde erreferentzialek osatutako sarea zabalik dago aurrerantzean erakunde eta bestelako eragile publikoek beren arazoak, eskarmentua eta ezagutzak parteka ditzaten.


Sobera dago komunikazioaren garrantzia azpimarratzea, noiz eta komunikazioaren aroan. Hala ere, eta jendaurrean komunikatzeak duen garrantziaren gaineko zalantzarik ez dagoela, berau egoki eta eraginkorra izateko eragozpenak ere nabarmenak dira. Are nabarmenagoak hizkuntza gutxitu eta normalizatu gabeko batean egiten denean. Eragozpen edo arazo horietatik harago, ez da harrigarria hainbatek komunikazio txarraren eta erabiltzen den hizkuntzaren arteko identifikazioa egitea. Horiek horrela, Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak jendaurreko euskarazko komunikazioa erraztu eta hobetzeko helburuari begira, egitasmo bat abiatu zuten iaz, ez nolanahikoa.

Jendaurrean Erabili proiektuak, bere izenburuak pentsarazten duenez, ez du misterio handirik gordetzen, jendaurreko komunikazioan euskara gehiago erabiltzea baitu xede. Esan bezala komunikazio hori erraztu eta hobetuz, aldi berean eraginkorragoa izan dadin.

Erakunde, enpresa edo elkarte ugarik komunikatzen dute euskaraz, eta praktika horrek esandako arazoak edota zalantzak sorrarazten ditu, baina baita ezagutza gero eta handiagoa ere. Jendaurrean Erabili egitasmoak arazo eta zalantza horiek ez ezik, ezagutzak ere mahaigaineratzea nahi du, eta partekatzea, Soziolinguistika Klusterra elkartearen printzipioek eta balioek seinalatutako ildoaren arabera. Hau da, «esparru zientifikoaren eta aplikatuaren arteko zubiak eraikiz eta eragileekin hausnarketarako zein lankidetzarako bilgune-sareak osatuz».

Joan den irailaren 30ean egin zuten sarearen aurkezpen publikoa, Bilboko Bizkaia Aretoan. Soziologia Klusterreko lehendakari Olatz Olasok azaldu zuenez, duela urtebete abiatu zuten proiektua, bederatzi erakundeko sarea osatuta. Alde batetik, euskaraz komunikatzean sortu zaizkien eragozpenen eta zalantzen berri eman diote elkarri eta, bestetik, zailtasun horiek nola gainditu dituzten azaldu. Proiektua ikerketan oinarritzen dela esan zuen Olasok: «Erakundeen beharrak kontuan hartu dira eta hori ikerketarako erabili da».

EHUko Euskara errektoreorde Jon Zaratek esan zuen proiektua oso tresna garrantzitsua dela Unibertsitatearentzat, alde batetik bertako ikasleak etorkizuneko profesionalak izango direlako eta, bestetik, EHUk bere ezagutza zientifikoaren eta adituen bidez proiektuari ekarpen handia egin diolako. Gainera, jarraitu zuen Zaratek, EHUren beraren komunikazio beharretarako «ezinbesteko laguntza» izango da sarea osatzen duten erakunde guztien esperientziak ezagutzea, hala nola bereak azaldu ahal izatea.

Hasierako sare horretako parte hartzaileetako bat Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza da, proiektua diruz lagundu duten erakundeetakoa ere badena. Haren zuzendari Mikel Irizar ere aurkezpenean izan zen. Euskararen eta gaztelaniaren arteko oreka lortzeko modua komunikazioan euskara lehenestea dela esan zuen Irizarrek, eta erakundeen prentsaurreko eta ekitaldi publikoetan euskara erabiltzeko protokolo komun bat sortzearen alde agertu zen.

Praktika komunitatea

Jendaurrean Erabili proiektua, beraz, euskara gehiago erabili eta komunikazio eraginkorragoa izan dadin nahi duten erakunde eta eragileei laguntzeko sarea da. Helburu horri begirako bide eta bitartekoak eskaintzen dizkie parte hartzaileei. Esan liteke proiektua parte hartzea jaso eta emateko jarduna dela, arazo eta zalantzei aurre egiteko ideiak jasotzen dituzten era berean, euren eskarmentua ematen baitute besteek balia dezaten.

Egitasmoaren xehetasun gehiagoren bila, Eduardo Apodaka EHUren Gizarte eta Komunikazio Fakultateko irakaslearekin hitz egin du GAUR8k. Nekez topa liteke horretarako lagun aproposagorik, Apodaka proiektuaren zuzendaria baita.

Apodakaren hitzetan, Jendaurrean Erabili egitasmoak praktika komunitatea abiatzea du helburu; hau da, jakintza eta ezagutzak kudeatzeko gunea. Praktika bera egiteko beharra dutenen sare bat. Eta sare horretan ikasitakoa, bertan izandako eskarmentua, jakintzak aplikatzea. Horiek komunean jarrita, handiagotuz joango dira, sinergiak sortuko direlako. Praktika hori, jakina, jendaurrean euskaraz komunikatzea da.

Hasieratik pentsatu zuten gai horretan esku hartu nahi bazuten, euskarazko komunikazio publikoa handiagotzeko, euskarazko komunikazioari eragin nahi bazioten, horretan dihardutenekin zuzenean lan egitea zela egokiena, eta horiek ere jakintza handia, esperientzia handia daukatenez, hori guztia komun egin beharra zegoela, eta horretara eragileek elkarri lagundu diezaioketela. «Guk elkarlaguntzarako gune hori sortu nahi izan dugu bakarrik», dio Apodakak.

Proiektuak bere «historiaurrea» du. EraLan (erabili lanean) izeneko proiektutik abiatu baita, Soziolinguistika Klusterraren proiektu haren hiru faseetatik, alegia. EraLanen lehen fasea 2006an hasi zen, 2008an haren jarraipena egiteko fasea zabaldu zen eta 2011n hirugarrena, proiektuen garapena. EraLan proiektuaren xedea da hizkuntza normalizaziorako planak onartuta dituzten lan munduko erakundeetan «euskararen erabileran eragiten duten aldagaiak identifikatzea, eta horietan positiboki eragiteko metodologiak sortu eta inplementatzea».

Ikerketa-ekintza paradigma da proiektuaren oinarrietako bat, eta erakundeen arteko lankidetza bestea. «Arlo teoriko eta akademikoan ari diren irakasleen eta plangintzen inplementazioan ari diren profesionalen arteko lankidetza bidez garatzen da proiektua, ezagutza teorikoan eta praktikoan aurreratuz». Gehienbat lan arloan euskararen erabileraz arduratu izan dira, hura sustatu eta normalizatzeko beharrez. «Hortik jauzi bat egin zen» eta euskararen normalizazio publikoari begira erakundeek ere euskaraz komunikatzeko beharrak zituztela ikusita, EraLan horretatik beste asmo bat abiatu zen, eta asmo hartatik sortu zen Jendaurrean Erabili proiektua.

Euskara erabili «behar» hori, hala ere, ez da sareko eragile guztietan berbera; alegia, motibazioa ez da berbera erakunde, enpresa edo elkarte guztietan. Nolanahi ere, Apodakak argi utzi duenez, «ez gara sartu euskaraz komunikatzeko hasierako pizgarria zein den ebaluatzera, ez gara sartu arlo horretan; beraz, alde horretatik berdin zaigu legea bete nahi duten edo benetan euskararekiko konpromiso handi bat duten… Azken finean, praktika horretan ari badira, euskaraz ere komunikatzen badute jendaurrean, zerbait egiten ari dira, arlo horretan badaukate praktika bat, eta praktika horretan arazoak ere izango dituzte. Nolabait ikasita edukiko dute nola egin, trikimailuak edo amarruak izango dituzte, edo besterik gabe kazetari batzuekiko harremanak… Hori dena da interesatzen zaiguna». Motibazioak neurri batean kanpoan uzten dituzte. «Oso inportanteak dira, gero egikeran ikusten da, baina praktikan komunitatean egoteko ez diegu ez erakunde ez elkarte ez enpresei galdetuko egiteko motibazioaz. Egiteko moduaz bai; hau da, nola egiten duten, zer oztopo dauzkaten, zer gainditu behar duten, nola egiten duten eraginkor».

Apodakaren ustez, egia da zenbait erakunde edo jenderentzat euskara apaingarri bat baino ez dela, «baina uste dugu proiektu honen bitartez, batez ere besteen aurrean zure jarduna agertzean, motibazioak ere aldatu egiten direla, eta, beharbada hasiera batean apaingarria bada ere, gero konpromisoa sortzen dela, komunikazio horrek abantailak izan ditzakeela eta azkenean erabilgarria izan daitekeela ikusita. Hori gure aurre-uste bat da, hipotesi bat. Gero horrela izango den, lortuko dugun, efektu hori agertzen den, ikusiko dugu». Momentuz interesatzen zaiena praktika bera da, nola egiten den eta praktika horretan nolabait metatutako jakintza osoa komun egitea eta «komun egite horretatik pentsatzen, benetan sinesten dugu, praktikari bizi indarra emango diogula».

Bi faseko proiektua

Proiektuaren lehen faseak urtebete iraun du, eta bederatzi erakunde edo elkartek osatu dute «taldearen muina»: Adegi, AEK, Athletic, EHU, EITB, ELA, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Guggenheim Museoa. Denak ere entitate handiak dira, eta hainbat arlotan erreferentzialak, Apodakak azpimarratu duenez. Eta motibazio aldetik, denetarikoak. «Ez dira gauza bera AEK eta Adegi, edo ELA eta EITB, edo EHU eta Getxoko Udala. Beraz, denetarik daukagu hor, baina guztiek daukate komunean erreferentzialtasun handikoak direla, eta erantzukizuna dutela», nabarmendu du. «Hau da, erakundeok euskarari begira erakunde traktoretzat jo ditzakegu, mugitzen dutenak ondorio asko izaten ditu. Badakite euren jendaurreko irudiak eta jardunak ondorio asko dituztela, baita euskararen arloan ere, eta euskararen normalizazioan eta bizi indartze horretan ere bai». Sare edo komunitate horretan parte hartuz kontzientziazio hori landu egiten dute alderdi guztietan.

Zer arazo eta oro har zer gai «partekatu» dituzten galdetuta, honakoa nabarmendu du Apodakak: «Esate baterako, kalitatea agertu zaigu behin baino gehiagotan gure bilera, iritzi truke edo eztabaidetan; behin eta berriro azaldu da kalitatearen arazoa. Kalitatea gaitasun komunikatiboei eta gaitasun linguistikoei lotuta dago, eta hori ere agertu zaigu. Hedabideekiko harremanak ere agertu zaizkigu, eta agertu zaigu Euskal Herrian momentu honetan dagoen hedabide mapa, nolabait, edo hedabideen egitura. Alderdi horiek guztiak landu nahi ditugu, ez bakar bat». Praktikatik bertatik abiatuta erabaki beharra dago zer landu, eta erabaki horiek partaideengandik ateratzen omen dira. «Baina ez da gauza bera lan egitea zeinek bere aldetik edo plataforma honetatik».

Sarean azaldu diren esperientzia edo ezagutzaren bat aipatzeko eskatuta, Twitter kontua kudeatzeko moduaz jardun zutela dio. Eragile bakoitzak bere eredua edo estiloa aurkeztu zuen, konparaketak egin zituzten, eraginkortasunari begira, bakoitzak lan egiten duen merkatua edo jendea kontuan izanda... eta adostasun puntuak agertu ziren. Guggenheim Museoak, EHUk edo Athleticek, kasu, garrantzi handia eman omen diote hizkuntza paisaiari, nola kudeatu, nola txertatu euskara. Denetatik hitz egin omen dute, kontu sinpleenetatik konplexuenetara. Apodakak, batez ere, elkarrengandik ikasteko aukera nabarmentzen du.

Egitasmoa publiko egin zutenean, haren aurkezpenean, hain zuzen, bigarren faseari ekin zioten. Ordu artekoa nolabait fase pilotua izan omen da. Bederatzi erakunde horiekin bospasei saio egin dituzte, gero elkarrizketa batzuk, jakintza horiek lekukotasun horiek batera jartzeko. Lehen fase hori bukatutzat eman dute jada, duela bi aste publiko egin zuten eta sarean egotea interesgarri izan daitekeen eta interesatuta dauden erakundeekin kontaktuak egingo dituzte. Proposamenak ere egingo dizkiete.

Hori horrela, Klusterrak eta ikerketa taldeak jarraipena prestatu dute, landu beharreko garapen ildo bat, fase publiko eta zabalagoa izango den horretarako. Beraz, ez da urtebeteko ibilbidea izan. «Sarea egiten ari gara, eta egiten ari garen bitartean eskaintza bat egiten diegu partaideei». Esate baterako, garapen ildoak. Baina baita baliabide eta jarduera arruntak ere, eta, inork kontsulta bat egin nahi izango balu edo zuzenean beste partaide batengana jo nahi izango balu, aukera hori ere ba omen du. «Hau azken finean gune bat da, gune horretan jarduerak, ekitaldiak eta abar egongo dira, baina gunea beti egongo da irekita jendaurreko komunikazioari buruz hitz egin nahi duten guztientzat». Hartara, «gaur egun dauden teknologiak baliatuta» foroak antola daitezke edo partaide batek zuzenean beste batengana jo dezake zerbait nola egiten duen galdetzeko. «Guk harreman hori bideratu egiten dugu eta, horrez gain, eskaintza bat egingo dugu, sortze lanean ari garelako. Idealena berez joatea izango litzateke, partaideek interesen arabera, beharren arabera, nahien arabera parte hartzea», dio Eduardo Apodakak.

 

Soziolinguistika Klusterra, asmo zahar bat baino askoz gehiago

Ez da atzo goizekoa euskararen normalizazioaren gaineko kezka, ezta soziolinguistika ikerketa normalizazio horren zerbitzuan jartzeko ahalegina ere. 1990ean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k “Bat Soziolinguistika Aldizkaria” bultzatu zuen, «beste herrietako saioak, arrakastak eta porrotak aztertu» beharra zegoela uste baitzuen. 2000. urtean, aldizkariko erredakzio batzordeak Erramun Baxok EHUko irakasle eta Euskal Kultur Erakundeko lehendakari ohiak aspaldi egina zuen proposamen baten gaineko hausnarketa berreskuratu eta bi lan ildo antolatu zituen: bata SEI Elkartea sortzeko, Soziolinguistika Institutuaren ideia sustatu eta garatzeko erakunde dinamizatzaile izan behar zen elkartea, alegia; bigarrena, arlo akademiko, instituzional zein pribatuko eta gizarte arloko zenbait erakunderekin harremanetan jartzeko, garatutako ideia horrek norainoko adostasun maila bil zezakeen sumatze aldera.

2000. urtean, Soziolinguistika Institutua sortzeko ahaleginari ekin zioten hainbat eragilek, eta lan haren emaitza 2004ko martxoan aurkeztu zuten Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika Sailak, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, Elhuyar Aholkularitzak, Emun Kooperatibak, Eusko Ikaskuntzak, EHUko Jendarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailak, EHUko Soziologia II Sailak eta SEI Elkarteak: Soziolinguistika Klusterra, hain zuzen.

Hainbat erakundek ziharduten hizkuntzaren normalizazioan, baina Soziolinguistika Klusterraren sortzaileek erakunde horiek guztiek ezin estali zuten hutsune bat ikusi zuten. Honela azaltzen zuen duela hamarkada bat Iker Salaberria Klusterreko sasoiko koordinatzaileak: «Hizkuntzaren normalizazio prozesuek, jendarte mailako prozesu gisa, nola funtzionatzen duten, zerk eragiten dien alde batera (hizkuntza normalizaziora) edo bestera (hizkuntzen heriotzara), zeren arabera hitz egiten duen jendeak hizkuntza bat edo beste... jakin behar dute. Hori guztia aztertu, ikertu eta horren inguruko jakintzan sakondu beharra jo genuen Klusterra sortzeko arrazoi nagusitzat. Finean, aipatutako guztiak aztergai dituen soziolinguistika arloko ezagutzan sakontzea, ondoren, euskararen egoera aldatzeko. Lortutako ezagutza euskararen normalizazio prozesuaren mesedetan erabiltzeko baliatu nahi dugu».

Bere ikerketaren eta hausnarketaren emaitzak euskararen normalizazio prozesuan diharduten eragile guztiei eskaintzen dizkie, haiek esandako eraldaketa gauza dezaten.

Luze joko luke Soziolinguistika Klusterrak bultzatutako proiektu guztiak zerrendatzeak. Aipatutako EraLan eta Jendaurrean Erabili dira horien bi adibide esanguratsu. Soziolinguistika Klusterrak aspaldiko asmo bat baino askoz gehiago dela erakutsi du dagoeneko.