22 OCT. 2016 IKUSMIRA MOZAMBIKE (ETA AFRIKA) PIZTU ZUEN IRAULTZAILE APARTA Mikel Zubimendi Joan den asteazkenean bete ziren 30 urte Samora Machel buruzagi mozambiketarraren heriotzatik. Oraindik ere argitu ez den hegazkin istripu batean zendu zen. Hegoafrikako gobernu arrazistak hegazkineko pilotu errusiarren akatsa izan zela esan zuen. Errusiarrek, baina, amu gisa nahita jarritako baliza batzuei egotzi zieten errua, pilotuak mendilerro batean lur hartzen saiatzera eraman zituena. Samora Machelen alargunak, gerora Nelson Mandelarekin ezkondu zen Graca Machelek, Hegoafrikako zerbitzu sekretuei egotzi zien ardura. Portugaldarren aurka bere herria askatzeraino borrokatu zen FRELIMO gerrillaren buru, Mozambike independenteko lehen presidente, aztarna sakona utzi zuen. Sozialista sutsua, lurra eta ondasunak nazionalizatu zituen. Bere etsai zuri (eta beltzek) ez zioten hori barkatu. Oliver Tambo eta Thomas Sankararen (urte bat geroago hil zuten) lagun min, Afrikako nazio askapen borroken laguntzaile fin, kontinentean barrena loratu zen mentalitate iraultzailearen hazia landatu zuen Samora Machelek.