19 NOV. 2016 IKUSMIRA NIMRUD, ATZO ETA GAURKO KRUDELKERIA Jose Angel Oria Gizon-emakume guztien ondare izendatu zituen Unescok Nimrud Asiriako hiriburu izatera iritsi zen hiriko aztarna arkeologikoak. Estatu Islamikoak (ISIS) sekulako txikizioa eragin zuen bertan iazko udaberrian, eta duela gutxi Irakeko indar armatuek lekua berreskuratu egin dute. Baina adituak oraindik ez daude egungo egoerari buruzko txostenak egiteko moduan, jihadistek makina bat lehergailu utzi dituztela uste baitute Irakeko agintariek eta Armadak lekua segurutzat eman arte ez baitira bertan lanean hasiko. «Deabruaren indar ilunen mendean egon diren hiria eta aztarna arkeologikoak askatzea irakiarron eta gizaki guztien garaipena da», Qais Hussain Rashid Irakeko Kultura ministroak adierazi duenez. Kristo aurreko XIII. mendean sortu zuten Nimrud, Tigris ibaiaren ondoan, ekialdean, mendebaldetik etortzen ziren arameoen erasoetatik babesteko. Garai hartan Asiriako Armadak etsai guztiak menderatzen zituen eta bere krudelkeriak oso ezagun egin zuen, Nimrud suntsitu duten jihadistak bezalaxe.