GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

BRENAN DUARTE

Diziplina anitzeko artista da Brenan Duarte gasteiztarra, eta hainbat materialekin esperimentatzearen zalea. Artea egoera puruan erakusteko xedea du, helburu horrek hamaika muga dituela ondo asko dakien arren. Ironia tresna nagusi duela, publikoaren erreakzioa bilatzen du, inor hotz gera ez dadin.


Batzuetan “Brenan Duarte, argazkilaria” irakurri izan dugu hedabideren batean. Argazkigintzan, ordea, autodidakta samarra dela dio, «argazkilari batekin solasean hasten banaiz, mila buelta emango dizkit». Konposizioaz, argiaz, enkoadraketaz «zerbait» badaki, argazki on bat egiteko beharrezkoak diren oinarrizko gauzak, baina ez omen da tresna hori ondo ezagututa gara daitezkeen tekniken jabe. Egiaz, ez du bere burua ez argazkilaritzat ez beste diziplina zehatzetako egiletzat ere jotzen. Argazkigintza bezala, pintura edo beste zenbait diziplina baliatzen ditu, istorio jakin bat kontatzeko aukeratzen dituen tresnen arabera. Bere bideoak edo arte instalazioren bat musika elektroakustikoarekin lagundu izan ditu, bere konposizioak baliatuta, nahiz bere konposizioez hitz egiteak nolabaiteko lotsa ematen diola dioen. Horregatik esaten diote, baita berak onartu ere, diziplina anitzeko artista dela. Haren obra eklektikoa omen da; edonola ere, bere erakusketa bat ikusi ondoren esan izan diote «oso desberdina» zela, baina berea dela nabari dela.

Molde errealistako erakusketak egin izan ditu, baita handik zenbait urtetara bideo lan ezin abstraktuago eta esperimental bat ere. Baina, artista gasteiztarrak dioenez, badira bere lanen arteko konexioak, asko «norberak ikusten ez dituenak, baina kanpotik sumatzen direnak». Ez omen du gustuko inolako modari lotuta egotea, ezta iturri finko batetik edatea ere, eta erreferentziak izatea ere saihesten ahalegintzen omen da, modu naturalean erreferentziak denok ditugula onartuta ere. Horrela ulertzen du berak artea, eta horregatik omen da artea desberdina, norberak barrutik ateratzen zaiona egiteko aukera ematen duelako. Ez luke galeria batentzat lan egingo, «hala egiten dutenenganako errespetu osoa erakutsita, jakina», diosku bere estudioan, solas patxadatsu baina etengabean.

Gaztetatik datorkio artearekiko harremana. Gainera, bere aitak marraztu eta margotzen zuen eta seme-alabak zirikatu egiten zituen haien gaitasunak garatzeko. Baina, aita gisa, haien ogia zuen kezka nagusi. Musikari «zapuztua» dela dioen arren, Musika ikasketak egin zituen akademia batean soinua jotzen hasita, berak nahi zuen tresna ez bazen ere; ondoren pianoa eta klarinetea jotzen ikasiko zuen, baina berak musikari profesionala izateko ikasi nahi zuen. Etxean, ordea, «bizitzeko» ikasi behar zuela esan zioten, eta, marrazkilari ona zenez, Delineazioa ikasi behar zuela, bide batez aitaren enpresatxoan lan egin zezan. Hartara, marrazketa teknikoa ikasi zuen, baina musikaren eta arteen harrak bere horretan iraun zion. Izan ere, ikasketak amaitu baino lehen sormen lanak egin ohi zituen, eta ondoren lana eta Arte eta Lanbideen Eskolako ikasketak bateragarri egingo zituen. Ia diziplina guztiak ikasi zituen Arte Eskolan: Marrazkia eta Pintura, Grabatua, Eskultura edo Ikus-entzunezkoak. Jende askok Brenan hango irakaslea zela uste omen zuen, urtero-urtero bertan ikusita.

Dioenez, sarri pentsatzen du ez ote dagoen jende asko Arte Ederrak zer egin jakin ezean egiten duena. Ba omen dago aukera hori izan ez duen beste jende asko, sinisten duen horretan gauzak egiten urte piloa daramana, eta horientzat penagarria omen da hori ikustea. Gauza bertsua gertatzen omen da arteari ematen zaizkion bekekin. «Ondo daude, jakina, baina desorekatuak iruditzen zaizkit. Arte Ederren fakultatetik ateratzen diren gazteek sostengua behar dute, bai, baina 20 urteko ibilbidea duen eta balio duela erakutsi duen artistak ere bai», dio, eta instituzioek arlo horretan huts nabarmena dutela. Ez da diruaz ari, baizik eta, esate baterako, museo batek tokiko artisten jarraipena egiteaz, museo batek edo arte zentro batek tokiko artisten lanak kanpoan erakusteaz. «Artiumek, kasu, truke lan horretarako gaitasuna du. Kanpotik obrak ekartzea ondo dago, baina bertako produkzioarekiko arreta ere, ez hainbeste diru aldetik, beharrezkoa da».

Kolektibo artistikoa konplexua dela dio, eta hain zuzen kolektibo gisa agertzeko zailtasunak dituela. Bakarrik lan egiten duen jendea da, eta kudeaketaren arloan ez omen dira oso onak; horregatik uste du sindikatu moduko bat, elkarte bat, beharko luketela, beren arazo burokratikoak kudeatzeko, halako linbo batean daudela uste baitu. Bera autonomo gisa alta ematera joan zenean, arteen atalean denak ziren toreatzaileak, banderilleroak, kopla kantariak… Argazkilari epigraferik ere ez omen zegoen, eta atal horretatik kanpoko bat hautatu zuen: “Beste kultur industria batzuk”. Esan nahi du lan profilik ere ez dutela. Estatu frantsesean, esate baterako, eta Brenanek ondo ezagutzen du, bertan zenbait erakusketa egin baititu, badago artista sindikatu moduko bat, badira artistak sustengatzeko plataformak, eta haien soldataren, lan baldintzen eta aseguruen gaineko informazio bulegoak... «Sorkuntza ondasun bat gehiago dela aintzat hartzeko modua da hori».

Bere obrak ez omen dira etxeko egongelan jartzeko modukoak, ez dira arte apaingarria, nahiz berehala dioen ez dagoela arte apaingarriaren aurka; aitzitik, existitu egin behar duela, musika mota desberdinek bezala. Bururatzen zaizkion ideiek inguru soziopolitikoarekin zerikusia dute, arteak, berak ulertzen duen moduan, kontzientziak astintzeko balio behar baitu, giza miserian atzamarra sartzeko, kritika egiteko. Brenanek publikoaren erreakzioa eragitea bilatzen du, hura hotz ez geratzea. Horretarako ironia du tresna nagusi. Umoreak erraztu egiten omen du gai hainbat gai mahai gainean jartzea, hainbat gauza zail modu naturalean tratatzea.

Esandakoaren adibide garbia da Artiumeneko bilduma batean dagoen “Hamar Aginduak” lana, hain zuzen, erlijioa ez baita kritikarako gai samurra. Arbelezko hamar plantxa dira, haietan agindu horien gaineko ikuspegia erakusten duten fotolito gaineko argazkiak ageri direla. Lehenengo aginduan (“Maita ezazu Jainkoa gauza guztien gainetik”) jokoan ari diren zenbait futbolari profesionalen hankak ageri dira. Zortzigarrenean (“Ez duzu gezurrezko testigantzarik egingo, ez gezurrik esango), berriz, Juan Pablo II.a aita santua ageri da, argazkirik argazki sudurra hazi eta hazi ari zaiola. Baten bat muturtu egin omen zitzaion, aita santu harenganako irain gisa ulertuta. Brenanek dioenez, Eliza katolikoaren kontraesanen kritika baino ez zen, haren ordezkari nagusiaren bidez, eta ez Karol Wojtyłaren aurkako ziria.

Teknikari dagokionez, materialekin esperimentatzea ezinbestekoa duela dio, baita arterako eginak ez diren gauzekin ere, eta makillaje kaxa bat seinalatu du. Horretaz diharduela, “Jus de chaussettes” bildumatxoko ale gehienak atera ditu. Joan den urtean, lehenik Gasteizko Warhol tabernan eta gero Bilboko Nuevo Portu Berrian ikusgai egon zen bilduma, bideo lan batez lagunduta. Hamarretik gora koadroetan gaurkotasun albiste bana islatu zuen, kafea akuarela balitz bezala erabilita. Bernizatu ere egin zituen koadroak, penaz, horretara koadroei zerien kafe usaina galdu zelako. Langabezia, ETAk nazioarteko egiaztatzaileen aurrean egin zuen lehen arma zigilatzea, Pablo Iglesias Podemos alderdiko liderra, Mariano Rajoy espainiar presidentea, Melillan Guardia Zibila immigranteen aurka oldartu zenekoa.. dira albisteetako batzuk.

Brenanek hamazazpi urteko ibilbidea egin du artearen munduan buru-belarri; hala ere, oraindik hasi ez den sentsazioa omen du. Haren motibazioa egoera puruko sorkuntza da. Hori du xedea, behinik behin, onartzen duenez, lana beti aldarteak, inguruko egoerak eta abarrek baldintzatuta dagoen arren.

Bestetik, kultur kudeatzailea ere bada. «Alderdi hori lan profesionalarena da», dio, «gure lan egoera den modukoa denez, eta oraingoz aldatzeko itxurarik ez duenez, sortzeko gaitasuna ez ezik kudeatzeko eta antolatzekoa ere badudala ikusita, biak nahastea pentsatu nuen». Erakusketak antolatzen ditu –oso gogokoa du poesia esperimentala, eta berak ere egiten du–, edo liburuak argitaratzen ditu: «Ez naiz literatura editorea, baina katigatzen nauen proiekturen bat edo arte katalogoren bat badago, gustura egiten dut», baita beste artista batzuen ikus-entzunezko lanak ekoitzi ere, hala nola “Argi eta garbi”, Juan Arrosagaray iruindarraren lana.

Brenan IMVG Gasteizko mural-ibilbidearen fundatzailea da, Veronica Werckmeisterrekin batera. Horma-irudien tailer bat eginez hasi ziren eta egun Alde Zaharreko eta hiri osoko hainbat fatxadatan horma-irudi ikusgarriak daude. Lankidetza eta herritarren parte hartzea oinarri. Herri kulturaren adibide eta arlo pribatuaren aurrean eremu publikoaren garrantzia nabarmendu nahi duena. Artistena, profesionalak zein ez, eta edozein herritarrena. Herritarren arteko kohesio tresna izan daitekeena, Brenanek bere jardunean ikusi duen bezala.

Brenan Duarte, artea egoera puruan erakustea helburu, inor axolagabe uzten ez duen diziplina anitzeko artista abegitsua. •