GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevue
Andrej Hunko
Die Linke alemaniako alderdi sozialistako diputatua

«SPDk, Berdeek eta Die Linkek osatutako Gobernua ez da posible izango gizartean sekulako babesa ez badu»

«Europako ezkerrak arlo sozialaren eta gerraren aurkako jarreraren inguruan berrantolatu behar du bere nortasuna», dio Andrej Hunko Die Linkeko diputatuak.


Andrej Hunko Die Linke (Ezkerra) alderdi sozialistako diputatua da Alemaniako Parlamentuan 2009az geroztik. Euskal herritar askok ezagutu zuten Logroñoko espetxean, inork espero ez zuenean, Arnaldo Otegi bisitatzeko aukera izan zuenean. GAUR8k Berlinen duen bulegoan hitz egin du politikariarekin: Alemaniako egoera politikoaz, udazkenean egingo diren hauteskundeen inguruan, bere alderdiaren egoeraz eta Europar Batasunean independentziaren alde sortu diren mugimenduei buruz.

Bundestag Alemaniako Legebiltzarreko behe ganberak Wilhelmstrasse kaleko 68an duen bulegoetako batean dago Andrej Hunko, Unter den Linden etorbidearen eta Berlin hiria zeharkatzen duen Spree ibaiaren artean. Telebista publikoaren lehen kateak oso gertu du bere egoitza eta frantses Estatuko Enbaxadak duen instalazio bat ere bertan du Hunkok, hori bai, Alemaniako polizia askok babestuta. 53 urteko politikariak 2005ean egin zuen bat Die Linke alderdiarekin, ekialdean indarra zuen PDS Sozialismo Demokratikoaren Alderdiak mendebaldeko WASG Justizia Sozialaren Hauteskunde Alternatibarekin (zenbait sozialdemokrata ohik, sindikalistek eta ezkertiarrek sortutakoa) bat egin zuenean.

Karlomagno eta Euskal Herria

Die Linkeko diputatua Alemaniako mendebaldean sortu zen 1963an, Akisgran hirian. Bizitzak herrialdeko hegoaldera eraman zuen aurrena, Friburgo hirira, eta gero Berlin hiriburura, Karlomagnoren gorpuzkinak hartzen dituen hirira itzuli aurretik. Frankoen erregea pertsona famatua zen, alemaniarrek zein frantsesek goraipatzen dutena, baina euskaldunek ez dute horretarako arrazoirik, Iberiar penintsulan Karlomagnoren indarrek egin zuten erasoaldian Iruñea zaharra suntsitu baitzuten. VIII. mendea zen. Gertaerak Orreagako gudua eragin zuen. Baskoien erasoaren ondorioz, Karlomagnoren gudarosteko atzeguardiak sekulako porrota jasan zuen. Euskaldunek Errolan basailua garaitu eta hil zuten. “Errolanen kantua” izeneko abestiak basailuaren heriotza kontatzen du.

778. urteko gertaera historikoarekin hasi dugu elkarrizketa Hunkoren bulegoan. «Nik ez nekien Euskal Herrian gudu haren inguruko oroimenik bazenik», onartu du parlamentariak. «GARA egunkarian irakurri nuela uste dut», erantsi digu. Berari oso kontu interesgarria iruditu zitzaion, Akisgran hirikoa izateaz gain, Karlomagno Sariketaren aurkari zorrotzenetakoa baita: 1950az geroztik Alemaniako hiriak Europaren alde eta oro har Europaren bateratzearen alde egindako lana saritzen du. Europako herrienak omen diren baloreen defentsa nabarmendu nahi zen: «Askatasuna, gizatasuna eta bakea, zapaldutako eta baztertutako herriei laguntzeko, eta hurrengo belaunaldien etorkizuna ziurtatzeko».

Kissinger, bakezale?

Sariketaren diskurtso hori jokoz kanpo geratu zen 1987an, saria Henry Kissinger AEBetako garaiko estatu idazkariari eman ziotenean, «elkarlanarengatik eta bakearengatik». Ez zuten kontuan hartu Kissinger bera izan zela Salvador Allende Txileko presidentearen, herritarrek hauteskundeetan aukeratutako agintariaren, aurkako estatu kolpearen egile intelektuala. 1982an Juan Carlos I.a Espainiako erregeari eman zioten «batasunaren eta gizakiaren duintasunaren alde egindako lanarengatik». 1993an, berriz, Felipe Gonzalezi, «Europako demokrazia eta askatasunaren paladina» izateagatik. «Karlomagnoren Sariketaren aurkari izaten urte asko daramat», dio Hunkok, Orreagaren inguruko interesa esplikatzeko.

Orain hamarren bat urte ezagutu zuen Alemaniako Estatuak lanik gabe geratzen direnei ezartzen dien erregimen zorrotza. Garai hartan, Akisgranen egiten ziren «astelehenetako manifestazioen» eledun bihurtu zen Hunko. Gerhard Schroeder kantziler sozialdemokratak abian jarritako erreformak ziren mobilizazio haien jomuga. Andrej Hunkoren bizitza politikoaren aro berria horrela hasi zen. Europako Parlamentuko diputatu baten laguntzaile izan zen aurrena, eta Alemaniako Parlamentuko diputatu da gaur egun. Gainera, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioko kide da.

Arnaldo Otegiri bisita

Azken batzar horretan ezker abertzaleko ordezkariek Aieteko Konferentziaren ondoren Euskal Herriko egoerari buruzko informazioa eskaini zioten. «Orduan hasi zen prozesu politikoari laguntza ematea normaltasun demokratikoa lortzeko urratsa iruditu zitzaidan». Euskal preso politikoei ematen zaien tratua «sistema demokratiko batean ezinezkoa» izan beharko litzatekeelakoan dago.

Hunkok euskal ordezkariekin izan zituen harremanak ez ziren Estatu espainoleko agintarien gustuko izan. Euskaldunek izaten zituzten elkarrizketak grabatzen zituzten, eta orduan Alemanian duten Enbaxadari agindu zioten Hunkoren komunikazioekin gauza bera egiteko. Akisgrangoa konturatu zenean euskal politikarien telefonoa kontrolatuta zeukatela, ordezkari diplomatikoen aurrean protesta egin zuen. «Oso egoera ezerosoa izan zen Enbaxada espainolarentzat», kontatu digu.

Garai hartan sortu zen Arnaldo Otegi espetxean bisitatzeko ideia. Estatu espainoleko makina bat erakunderekin urte eta erdiz eskutitzak trukatzen ibili ondoren, bisita egiteko baimena iritsi zitzaion: «Etzi». Ez zuen alferrik galdu aukera. Gela batean elkartu zen Elgoibarkoarekin, baina ukitzeko edo besarkatzeko aukerarik gabe, bien artean kristal lodi bat baitzegoen. Telefono baten bitartez hitz egin behar izan zuten. Hunko harrituta geratu zen, espainola bezain «demokratikoak» ez omen diren beste herri batzuetan bisita normalagoak egin izan baititu. Alemaniako egoera politikoaz eta Europar Batasunekoaz euskal presoak zuen interesak eta informazioak Hunko hunkitu zuten.

Euskal Herrian izan zenean Gernikako Bakearen Museoa bisitatzeko aukera izan zuen. Orduan ulertu zituen Luftwaffe naziaren Kondor Legioak egindako bonbardaketak Euskal Herrian izan zituen ondorio politikoak. Aldi berean, konturatu zen «ondorio horiek ez zutela inolako garrantzirik Berlinen atzerri politikan». Israelen kasuan, aldiz, Angela Merkel kantzilerrak «baldintzarik gabeko elkartasuna» ezarri zuen, 1940ko hamarkadako holokaustoa abiapuntu moduan hartuta. Hunkori salagarria iruditzen zaio, naziek egindako genozidioaren larritasuna zalantzan ipini gabe, baremo bera ez dela erabili izan ez Errusiarekiko ez Euskal Herriarekiko harremanei dagokienez. «Gobernuari galdera bat egin nion Aieteko bake konferentziaren inguruan eta erantzuna hunkigarria izan zen, adierazten zuen ezjakintasunarengatik».

Separatismo aurrerakoiak

Bide horretan urrats gehiago eginez, iaz jakin ahal izan zuen Hunkok Alemaniak oraindik Dibisio Urdineko kide ohiei pentsioak ordaintzen dizkiela. Espainol boluntarioz osatutako unitate militarra izan zen aipatu dibisioa, Sobietar Batasunaren aurkako borrokarako Francok eta Hitlerrek erabili zutena. Independentziaren aldeko mugimenduen izaerari buruz hausnarketa egitera eraman zuen Hunko Euskal Herrira egindako bisitak. Berak onartzen duenez, «separatismo nazionalistetatik» bere burua oso urruti ikusten zuen garai batean, Balkanetako gerren eraginez.

Alemaniako ezkertiarrak

Garaiko ezkertiar askoren ustez, Alemaniak Jugoslaviako Errepublika Federala zatitu nahi zuen, eta hori lortzeko Kroazia eta Esloveniako herritarrak erabili zituen, nazien garaian egin zuten moduan. Baina ikuspegi hori aldatzen joan da. Euskal Herriko esperientzia alde batera utzita, Eskozian egin zen erreferendumak erakutsi baitzion badaudela «independentziaren aldeko mugimendu aurrerakoiak», Alemaniako Die Linke alderdiaren zenbait proposamenekin bat egiten dutenak: «Esaterako, niretzako oso garrantzitsua da herritarrek pentsatzen dutena. Eskoziako independentziaren aldekoek egiten duten herritartasun kontzeptuaren definizioa Europa osoan aurki dezakezun aurrerakoienetarikoa da».

Gai horren inguruko eztabaida bat jarri nahi du abian bere alderdiko zuzendaritza taldean, Kataluniako erreferenduma dela-eta. «Separatismo aurrerakoiari buruzko» debatea prestatzeko Raul Zelik idazlearen laguntza du. Lortu nahi dute Die Linke alderdiak gaiari buruz oinarrizko informazioa izan dezan, Katalunian beste urratsen bat egiten dutenean, hedabideek eta alderdi politikoek markatutako bidea utzi eta bide propioari eusteko moduan egon dadin. Alemaniako alderdi barruan giro aldaketa lortu nahi dute, ikuspegi ezkertiar batetik abiatuta alderdikideek uler dezaten zergatik horrenbeste kataluniarrek espainol Estatua utzi nahi duten. Oztopo ugari izango dituzte eta lana ez da batere erraza izango. Alemaniako ezkerraren idiosinkrasiarengatik, alemaniar nazioa definitzea beti saihestu izan baitu, eta kide asko «Espainia gorriaren aldekoak» direlako, baina bat eginda jarraitzen duen Espainia.

SPD, Berdeak eta Die Linke

Hunkoren proiektu hori Alemanian hauteskunde garrantzitsuak egingo diren urtean gauzatuko da. Iraileko hauteskunde orokorrak dira inportanteenak. Hedabide batzuek uste dute oraindik posible dela SPD alderdi sozialdemokratak, Die Linkek eta Berdeek bat egitea, Merkel kargutik kentzeko. Berlingo Gobernua dute gogoan, lander horretan aipatu hiru alderdiek osatutako koalizio bat baitago Gobernuan. «Ezin da Berlin Alemaniako egoerarekin alderatu, hori egitea ausartegia da-eta», dio, gogora ekartzeko inkesten arabera hiru indar horien artean ez dutela gehiengoa inolaz ere lortuko. Hunkoren iritziz, «tankerako koalizio bat ez da posible gizartean sekulako babesa ez badauka, giza mugimendu indartsuak oinarrian ez baditu. SPDk eta Berdeek benetan nahi badute atzerrian egitasmo baketsuago bat eta etxean programa sozialago bat garatu, horrelako Gobernu batek izugarrizko presioa izango luke bere aurka: kapitala, konpainia handiak eta Estatuko aparatuen zati indartsuak».

AfD Alemaniarentzako Alternatibak ustez Die Linkerenak ziren boto asko eraman izan ditu azken bozketetan. Europako herrialde guztietan Eskuin Berriak suposatzen duen erronkaren inguruan, Hunkok uste du «herrialde horietako ezkerrak gai historiko garrantzitsu batzuen inguruan berrantolatu behar duela bere nortasuna: arlo sozialaren eta gerraren aurkako jarreraren inguruan».