GAUR8 - mila leiho zabalik

Elikagai ekologikoak sustatzeko kanpaina


ENEEK sortu zenetik zortzi urte igarota, elikadura ekologikoaren sektoreak garapen esanguratsua izan du, 237 eragiletik 518ra pasatuz (%118,56 gehiago); azalerari dagokionez, garapena antzekoa izan da 1350,51 hektareatik 3232,6ra helduta (%139,36 gehiago). Edonola ere, garapenerako tarte handiari eusten dio gure sektoreak: egun, EAEko Nekazaritza Azalera Erabilgarriaren %1,6 besterik ez da ekologikoan lantzen. Urtez urte %10 inguruko garapena ematen da bai eragile kopuruan bai azaleran (behin betiko estatistikak kalkulatzeke badaude ere, aurrera daiteke 2015-2016 epean %8,37koa eta %8,8koa izan dela hazkundea, eragile kopuruari eta azalerari dagokionez, hurrenez hurren).

Euskaldunon artean elikagai ekologikoen kontsumoa zer-nolakoa den jakiteko askozaz datu gutxiago ditugu. Joera nondik nora doan ezagutzeko badago pare bat aztarna, ordea. Lehena, Ekokontsumo Federazioak ematen duena. Federazioan batzen dira mota guztietako produktu ekologikoen kontsumorako antolatutako herritar elkarteak (elikaduratik kosmetika edota etxeko garbikarietaraino, beren lokaletan ia erabat bizimodu jasangarria egiteko produktu-sorta eskaintzen dute). Gasteizko BioAlai, Donostiako Otarra, Ajangizko LurGozo, Durangoko Marisatsa eta Bidasoako Bidazi elkarteek osatzen dute Ekokontsumo Federazioa, 1.790 familia eta norbanako batuz. Bada, elkarte guztion artean 1.904.692,88 euroko gastua egin zuten (2009an 1.000.000 eurokoa soilik egin zuten). Bistan da herritarren artean elikagai ekologikoekiko interesa haziz doala. Estatuko datuek ere hala azaleratzen dute: 2014-2015 epean elikagai ekologikoen kontsumoa %24,5 hazi zen (“Caracterización del Sector de la Producción Ecológica Española, en términos de valor y mercado”, 2015. Mapama).

Elikagai ekologikoen inguruko interesa gorantz doala adierazten duen beste aztarna elikadura-mota hau eskaintzen duten saltokien ugaltzea da. Momentu honetan 32 saltoki daude ENEEKen izena emanda. Izan ere, elikagai ekologikoak pisura eskaintzen dituzten establezimenduentzat baldintza bat da ziurtapena izatea, bezeroen esku jartzen dituzten produktu ekologikoen trazabilitatea jatorritik azken kontsumitzailera arte mantentzen dela bermatu aldera.

«Izaera Bizia berreskuratu» kanpaina

Ekodenden ugaritzeak erakusten du jendarteak geroz eta gehiago bilatzen dituela ingurumenarekin abegitsuak eta substantzia toxikorik gabeak diren elikagai eta produktuak. Tankera honetako saltokiek funtzio garrantzitsua betetzen dute produktu ekologikoen inguruko ezagutzak zabaltzeko eta beste kontsumo eredu baten beharraz kontzientziatzeko. Askotan, saltokiok dira kontsumitzaileek elikadura ekologikoarekin lehen kontaktua izateko bidea. Esan gabe doa, horrenbestez, informazio puntuak ere badirela. Hori dela eta, ENEEKek jarraipena eman nahi izan dio udazkenean hiriburuetan bultzatutako “Izaera Bizia” kanpainari euskal geografian zehar sakabanaturik dauden 32 ziurtagiridun saltokietan “Izaera Bizia berreskuratu” kanpainarekin. Ekimen honen helburua bikoitza da: alde batetik elikagai ekologikoen sustapena egitea, eta, bestetik, saltokioi ikusgarritasuna ematea. Ekimenaren baitan, otsailaren 19ra arte bertoko elikagai ekologikoez osatutako saski bat zozkatuko da egunero. Zozketan parte hartzeko, www.izaerabizia.eus webgunean prestatu den formularioa betetzea besterik ez dago. Goizeko hamarretan, irabazlearen izena argitaratuko da egunero ENEEKen Facebook atarian, saskia kanpainan parte hartzen duten saltokietariko batean jaso ahal izateko.

Sari potoloago bat ere badago, bi lagunentzako asteburuko egonaldia nekazaritza ekologikoan jarduten duen landetxe batean. Ekoasteburu horrek, egonaldiaz gain, elikadura eta bizimodu ekologikoarekin lotutako hainbat ekintza ere eskainiko dizkio irabazleari. Zozketan parte hartzeko, ENEEKen ziurtatutako dendetariko batean erosketa bat egin besterik ez dago. Erosleak kode bat duen txartel bat jasoko du, zozketan parte hartu ahal izateko argibide guztiak azaltzen dituena. Bestela ere, www.izaerabizia.eus webgunean topa daitezke argipenak. Hurbildu elikagai ekologikoetara, berreskuratu izaera bizia. Irabazteko arrazoiak besterik ez dituzu topatuko.