GAUR8 - mila leiho zabalik
analisia

Iraultzaren perla unibertsalak

Hobe da mundu berri baten egile izatea mundu zahar baten kritiko izatea baino. Bizi dugun kaosaren itsaso ekaiztsuetan nabigatzeko, iraganean bezala geroan ere, balio unibertsalak balio iraultzaileak dira eta itsasorratz ditugu.


Ezkerrak berezko demontrea izan du gai ezberdinen aurreko analisi egoki bat, ideologia apropos bat, definizio politiko zehatz eta posizio moral zuzen bat izateak, nolabait, boterea eskuratzera eramango zuen ustea. Hamarkadetan zehar, ikaragarrizko energia bideratu du zeregin horietara. Argi ikusi da, baina, horrekin ez dela nahikoa.

Teoria iraultzaile batek oso kontuan hartu beharko luke iraultza bat sekula ez dela egiten aurrez pentsatuta zegoen bezala, iraultzaileen usteen arabera. Oso zalantzagarria da estandar ideologiko zurrunak, ahalegin moralak, makinaria politiko egokia bat izateak hain aldakorrak diren zirkunstantzietan nabigatzeko beharrezko taktika eta estrategia sortzaileak eskaintzen dituen ustea. Itsaso ekaiztsuetan nabigatzen ikasi beharra baitago, edo itoko gara.

Bizi ditugun kaos betetako garaiotan, iraultzaren aldeko lanak ideologiaren mugaldeak gainditzen ditu. Agian horregatik, mugimendu iraultzaileek ezin dituzte egun herritarren bihotzak eta buruak ideologia soilarekin irabazi. Zerbait gehiago behar da, unibertsalak diren balioak behar dira: berdintasuna, bakea, maitasuna, lurra, askatasuna, demokrazia... Bai, jendeak balio unibertsaletan sinisten du. Eta bai, balio unibertsalak balio iraultzaileak dira. Izan ere, herri bat antolatu nahi duenak, ez du soilik herritarrak bizi eta lan egiten duten tokietara joan behar. Horrekin bakarrik ez da aski. Pentsatzen eta sinisten dutenarekin ere konprometitu beharra dauka.

Lehenagotik entzunda ditugu iraultzarako dei hauek guztiok, eta aurrerantzean ere beren oihartzunak entzuten jarraituko dugu: “Askatasuna, berdintasuna, senidetasuna” frantziar iraultzaren leloa, edo Leninen “Bakea, ogia eta lurra” sobietar iraultzan; biek ordezkatzen dituzte balio unibertsalak. Ameriketako Estatu Batuen independentziaren aldarrikapenean we the people zen subjektua eta «bizitza, askatasuna eta zoriontasunaren bilaketa» defendatzen zen. Pancho Villa eta Zapata mexikar iraultzaileen leloa “Lurra eta askatasuna” zen, eta Ho Chi Minh buruzagi iraultzaile vietnamdarrak bere programaren lehen puntuan «gizaki guztiak berdin sortuak dira» zioen irmo. «Munduko langileak, bat gaitezen!» Karl Marxen aldarria nola ahaztu...

Zalantzarik gabe, aipatutako dei guztiok unibertsalak diren balioen defentsa egiten dute. Are, Vietnametik Irlandaraino, munduan egon diren independentziaren aldarrikapen iraultzaile guztiek abertzaletasuna balio unibertsalekin lotzen dute, askatasunaren aldeko manifestu klasiko bihurtuz. Eta behin gogoratzen hasita, nola ez gogoratu Che Guevararen hitzok: «Utzidazue esaten, barregarri geratzeko arriskuak arrisku, benetako iraultzailea maitasun sentimendu handienek gidatu behar dutela». Patrice Lumumbak, berriz, antinperialismoa eta identitate politiko berriak lotuz, «independentzia eta afrikar batasuna» elkarrekin aldarrikatzen zituen.

Inspirazio, aspirazio

Balio unibertsalek balio iraultzaile klasikoak berrasmatu eta berrinterpretatzen dituzte. Har dezagun adibidez Power to the people edo “boterea jendeari” ideia. AEBen konstituzioan boterea we the people (“gu jendea”) subjektuaren esku jartzen da. Irlandar anai-arrebentzat gaelikozko sinn féin esamoldea da gakoa, hots, “gu geu”. Amandla awethu diote Hegoafrikan xhosa hizkuntzan; hau da, “boterea gurea da”. Pantera Beltzek all the power to the people edo “botere osoa jendearentzat” oihukatzen zuten eta John Lennonek kantatzen zuen power to the people hura, 60ko eta 70eko hamarkadetako mugimendu iraultzaile eta kontrakulturalen ideal maitatua zen.

Iraultza guztiok balio unibertsalak zituzten inspirazio eta aspirazio, eta milioika jende mugitu zituzten. Askatasuna, baina, ez da zapalkuntzatik libratzea bakarrik. Pertsona eta herri, nor bere burua gobernatzeko boterea izatea da.

Balio unibertsalok mugimenduen mugimendu baten elkartasuna eta koordinazioa lortzeko baliabide egokiak dira. Bihotzak eta buruak irabazteko aukera handiagoa eskaintzen dute. Zabalak dira, muga argirik gabeak, eta horregatik funtzionatzen dute. Jende ezberdinak modu ezberdinean ikusten eta bizitzen dituelako. Hala behar du gainera, eta il faut faire avec. Hau da, “errealitateren gainean eraiki behar da”.

Balio unibertsalak gure ideal iraultzaile gisa hartzen baditugu –ideologia zehatz bat baino askoz gehiago dena–, ezkerrak berezkoak dituen amaigabeko polemika eta behar ez diren banaketetatik alden daiteke. Jendearen pentsaerarekin konektatu eta aldaketa eraldatzaileetara hurbildu.

Gurean, euskal iraultzak aberria, askatasuna, berdintasuna, bakea eta senidetasuna esan nahi badu, orduan, bide hori komunitate, identitate eta mugimendu guztietatik barna pasa behar da. Ezinbestean. Bide guztiak ibili behar dira. Historiak erakutsi duelako mugimendu politikoak ezin direla ikuspuntu bakarrera mugatu. Borroka gaitezen, behar den gogortasun eta amorruz, askatasunaren, berdintasunaren, bakearen eta aberriaren alde. Iraultzaren bidean, balio unibertsal horien alde, beti.

Bata eta bestea, biak

Krisiak areagotu ahala, sakontasun eta hedadura puntu altuenera iritsita ere, bistan da baldintza objektiboek bakarrik ez dutela iraultza bat ekarriko. Jakina, ideiak eta ideologiak inporta dute, baina iraultzaren bidean, gure herri eta herritarrak mendean hartzen dituen boterearen kontra egin behar badugu, zorroztasun ideologikotik eta posizio moraletatik harago joan behar da.

Gure ikuspuntu ideologiko eta utopikoak egon badauden baldintza eta indar sozial errealetan oinarritutako sentsibilitate estrategikoekin osatu behar dira. Ez zaio soilik desira ditugun helburu eta idealei begiratu behar. Iraultza bat ez da opariak eskatzeko Olentzerori idatzitako gutun bat.

Jendea nola eta zergatik mugitzen den jakin behar da. Nola altxatzen diren kontzientziak. Eta hori, eztabaida bat irabaztea edo politikoki zuzena izatea baino askoz gehiago da. Kontua ez baita zeintzuk diren analisi txukun eta egokiena osatzen duten ideiak. Edo denetan analisia marxistenean zeinek irabazten duen “purutasunaren urrezko baloia”. Kontua milaka aberkide martxan jartzea da, ekintza beren gain hartuta, hori ahalbidetuko duen estrategia ardatz. Hartara, mugimenduen barrutik eta kanpotik eraginez, probisionalki sikiera funtziona dezakeen estrategia batek balio unibertsalak behar ditu nahi eta nahi ez. Baliook helburu eta arrazoibide izan behar ditu, eraldaketa eta berreraikuntza, bietan jarrai, iraultzaren neurri historiko eta modu gertagarriena bezala ulertuz. Hartara, onespen isil eta kontsumo pasiboak baino, botere iraultzailea konpromisoak, ekintzaletasunak, parte hartzeak eta eztabaidak sortzen dutela barneratu behar da.

Gure buruak zuzen-zuzena eta estu-estua den bide politiko batetik distantzia hartzera behartuz, hobeto aprobetxa daitezke aukerak. Erronka ederra baita argitasun ideologikoaren konfort, erantzun erraz eta makinaria politikoaren aurrean amore ez ematea. Ezinegonean egotea, beti. Hortxe nonbait baitu estrategia egoki batek egoitza naturala, egon dauden kondizio materialetan, kontraesana baita mugimendu politiko ororen kondizioa.

Beraz, erantzun estatiko binarioak, “zuria ala beltza”, “barruan ala kanpoan”, “ona ala txarra”, “dena ala ezer ez”, bere horretan, ez dira baliagarriak. Harago ikusi beharra dago, horizonte sakonagoetara begiratu. Bata ala bestea baino, bata eta bestea, biak, behar baitira.

Iraultza harribitxia da

Milaka eta milaka herritar antolatzeko, egiazko iraultza batek sortu egin behar du, ez bakarrik suntsitu. Benetako mugimendu iraultzaile masiboak eskuzabalak dira, kideen eta borroka tradizioen onena hartzeko gai. Eta sarri, balio unibertsaletan ordezkatzen dituzte beren buruak. Izan ere, kritika hutsa, oposizioa egitea eta eustea ez dira aski jendearen babesa lortzeko. Askoz hobea baita mundu berri baten egilea izatea mundu zahar baten kritikoa izatea baino.

Mugimendu iraultzaile batek kulturarekin eta historiarekin lan egiten du. Iraganeko eta oraineko material kulturalak moldatuz eta berreraikiz, aurreko ondarea jasoz eta bizi dugun munduan eraginez, mundu berria sortzen du. Iraultzaileak langilea izan behar du, ez berritsu hutsa, ezta troll oztopatzaile bat ere. Bere esku eta buruarekin existitzen den mundua laboratzen du, eta hori eginez mundua berritzen du, harribitxi bat den iraultzaren balioak distiratzen utziz. Gizakiek beren historia egiten dute, bai, baina ez nahi bezala, ez haiek aukeratutako zirkunstantzietan. Existitzen, iraganetik edanda eta jasotakoan eraginez baizik.

Hil diren belaunaldietakoen borroka tradizioek bizi direnen burmuinetan, amesgaizto ala ez, ikaragarri pisatzen dute. Oso presente daude. Iraganeko borroka izpirituak konjuratu egiten dira oraingo borroken zerbitzura. Haien balio eta borrokarako deiak maileguan hartzen dira, ez aurrekoen borrokak parodiatzeko, ezta imajinazioan magnifikatzeko edo nostalgian bertan gozo egoteko ere. Iraultzaren izpiritua behin eta berriz aurkitzeko eta bizitzeko baizik.

Nola ezagutu, baina, iraultza bat bertatik bertara ikustean? Etimologian, zaharrak berri, kantuak dioen bezala, revolution is in the air. Alegia, erdarazko revolution horren “re” aurrizkia. Iraultzak, baina, etsai handiak ditu. Beldurra eta fatalismoa dira denetan handienak. Izan ere, hain da zaila sinistea arazo izugarriak edo saihestezinak diruditen katastrofeak erraz gaindi daitezkeenik! Bi etsai horien aurrean konfiantza indartzen duen diskurtsorik gabe, balio unibertsaletan oinarritutako estrategiarik gabe, ahaleginak ahuldu egiten dira.

Ez da fede kontua. Edozein dela sortutako eta transmititutako historia edo ondarea, ez dugu gure burua engainatu behar. Iraultzak eta hura bultzatu duten mugimenduak oso-oso material eskasak dira, arraroak benetan. Agian horrek esplikatzen du zergatik gauden gauden bezala. Edonola ere, iraultzaileak berriz jarri behar ditu martxan narratiba handiak balio unibertsalen inguruan, askatasunaz, berdintasunaz edo herri botereaz. Bestela, beste batzuek egingo dute eta iraultzaren aurka erabiliko dituzte euren narratiba propioak.

Etsipenari tolerantzia

Ildo politiko zuzen-zuzenaren edo historiaren subjektuaren inguruko eztabaidek mugimendu erradikalen barne bizitzari forma eman eta herria antolatzen gasta zitezkeen ikaragarrizko energiak xahutu dituzte. Aurre egin behar zaien problema edo dilemetan kateatzen da iraultza gogoa: aldaketa ala jarraipena, edo bietatik pixka bat; arlo pertsonala eta politikoa banatu edo koherentziaz jokatzeko beharra; idealak edo interesak, zeren alde –edo zergatik ez bien alde?– egin behar den; dena antolatu –zorte ona ere bai?– edo aukerak aprobetxatu behar diren; eboluzioa ala (“R)boluzioa”...

Iraultzaileak aldaketa sozial eta kultural sakon-sakona desiratzen du, baina prest egon behar du halakorik ez dela sarri gertatzen barneratzeko. Etsipenarekiko tolerantzia maila handia izan behar du eta perspektiba historiko aski argazki handia eguneroko erresistentzia ekintza txikietan ikusteko, gogo-bihotz pixkanakako aurrerapenean eta aldaketa ebolutiboan jarduteko.

Historiako oso momentu arraroetan salbu, hala nola depresio ekonomiko handiak edo mundu gerrak, aldaketak pixkanaka ematen dira. Bestalde, iraultzaren erroa jendearengan dago eta pentsamenduak oso modu geldoan aldatzen dira.

Mentalitateak anbarrean harrapatutako intsektu prehistorikoen antza du. Teknologiak eta beste ziztu bizian alda daitezke, baina neurozientziak argitara ekarritako buruko misterioek diotenez, gure garunen funtzionamendua ez da milaka urteetan apenas aldatu eta pertsonen bizi zikloan ez da askorik aldatuko.

Mentalitateen iraultza batek, halaber, beharrezkoak diren maila askotako kontraesanak sortzen ditu: pentsatzeko moldea eta gure buruaz pentsatzen duguna aldatzea eskatzen du, gure uko, ezin eta errakuntzei begietara begiratzea, orain arte egindako gauza asko egiteari uztea, eta, gainera, hein handi batean, zailtasuna biderkatuz, hori guztia orain arteko jende berdinak egitea.

Hortaz, iraultzaileek pentsamenduaren eta ekintzaren eboluzioa lagundu behar dituzte. Izan ere, eboluzioa ulertu eta gauzatzen jakin gabe, nola jakin iraultza egiten? Proiektu ameslarienak ere tarteko helmuga edo programak behar ditu, iraultzarako kopuruak handitu eta kalitatea hobetu, ke eta ispiluen joko nekagarri batean galduko ez bada.

Iraultzailea egon dagoen mundutik abiatzen da beti, ez egotea nahiko lukeenetik. Den bezalako mundua onartzeak ez baitu, inolaz ere, mundua aldatzeko desira ahultzen. Ez ditu printzipio iraultzaileak alboratzen, ez ditu haren oinarriak, pipiak bezala, barrutik jaten, ez du estrategia konprometitzen, ez du betikoa egitera kondenatzen. Dagoena dagoela, iraultzaileak ez du haren gainetik aldarera igo eta handik sermoia botatzerik, mundua etengabe kritikatuz, fariseismoa ekintza sozialaren eta elkartasunaren etsaia delako. Ezin du sekulako botere fantasiarik kontsentitu. Botere ilusio handi-mandi horiek, tentagarriak izan arren, zer dakarten argi baitago: matxinada olatu handi bat gidatuko duten uste faltsua, arbela garbi-garbi utzita, mundua bere ideologiaren arabera berregiteko moduko ispilua bailitzan.

Iraultzaileak behatu eta ebaluatu egin behar du etengabe, horiek dira bere lehen abilidadeak. Ulertu egin behar du zeinekin egingo duen lan, entzun, paziente izan. Ez iritsi, hitza hartu eta jendeak zutitzeko eta matxinatzeko beharra balu bezala jardun.

Oinarri sozial eta militantearen esperientzia eta kultura errespetatu behar ditu. Ideologo bat balitz bezala ezin du jokatu, sinesmen erradikalen jabea dela sinistuta, horrek, azkenean, desmobilizatu egiten duelako. Bere ordena intelektualari, nagusitasun moralari eta ezaugarri estetikoei balio gehiegi emanez, mundu kontraesankor eta desordenatu honen aurrean horrela jokatzeak, harroputza izateaz gain, ez du batere laguntzen.

Ideologiak, jakina, inporta du. Ezin da, baina, mediku batek errezeta bezala, edozein gertakarien aurrean edonola dispentsatu. Ideologia izugarri erabilgarria da, bai, baina, formula bat baino, erreferentzia orokor bezala. Zurruntasun ideologikoak sentsibilitate esperimentala zauritzen du beti.

Kontzientzia historikoa izateak baretu egiten du aurrerapauso iraultzaile handi eta atzeraezinen narratiba, errotikako matxinada orokorretan oinarritua den historia bera pentsatzeko modua. Bestalde, aurreikuspen apokaliptikoek ia beti porrota dakarte altzoan.

Ideologia erradikal eta iraultzaile pila daude. Baina funtzionatzen duen iraultzaren teoriarik ba ote dugu? Protestek, amorru moralak, abilezia analitikoak eta zurruntasun ideologikoak, berez, boterea ekarriko duten zain bagaude, lasai egon gaitezke, beti zain egongo baikara. Horri ezin dakioke teoria deitu.

Plana, lana eta zortea

Iraultzaileak sortzailea izan behar du. Esperimentatuz ikasten duena. Estrategikoki pentsatu behar du, eta herria antolatzea beti asmo iraultzailearen erdian jarri. Bereak bezalakoak ez diren ikuspegi politiko aurrerakoiak preziatu eta ospatu egin behar ditu. Eta ahalegin eraldatzailea eraiki posizio aurrerakoi horien guztien ikuspegi, bitarteko eta estrategiak barnebilduz.

Eboluzioa ez delako lineala, eraldatu eta berreraikitzea, gure aurreko kultura eta tradizio iraultzaileen onenarekin konektatuz, mundua aldatzeko bidea da. Interesak eta idealak, biak defendatu behar dira, berehalako interesak eta ilustratuagoak direnak uztartu, balio unibertsalekin batera.

Iraultzarako lana antolatu egin behar da eta planak lanean jarri. Etorkizuna, baina, ezin da sekula aurreikusi eta horretan saiatzea denbora galtzea da. Hala ere, kontingentzia planak ezinbestekoak dira. Aurreikuspen onenen araberako agertoki bat sortu behar da, eta beste bat bigarren aurreikuspen onenentzat. Beti izan behar da kontuan, baina, plangintza batek ez dituela erruak ala zorte txarrak ekiditen.

Egia borobilaren zurrunkeria alboratu eta iraultzaileak behar-beharrezkoa duen malgutasun taktikoa besarkatu behar du. Eta duen plana duela, ezustearen aukerak beti aprobetxatu behar ditu, sarritan, arrakastaren atea direlako.