GAUR8 - mila leiho zabalik
EMAKUMEA ETA ZIENTZIA

Izan diren eta izango diren emakume zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur

Orokorrean, emakume gutxiagok aukeratzen du zientziaren bidea, eta, bide horretan gero eta aurrerago joan, are eskasagoa da emakumeen presentzia. Emakumeen rol zientifikoak gutxi dira eta daudenak ikusezin bihurtzen dira gehiegitan. Baina, hala eta guztiz ere, badira emakume zientzialariak, puntakoak, eta gaur dute beren eguna.


Stephanie Kwolek kimikariak Kevlar zuntza sintetizatu zuen. Inge Lehman sismologoak lurraren nukleoa bi atalez osatuta dagoela deskubritu zuen. Virginia Apgar medikuak jaioberrien osasunaren egoera aztertzen duen testa sortu zuen, gaur egun mundu osoan erabiltzen dena. Mary Anning paleontologoak lehen iktiosauroaren eskeletoa aurkitu eta zehatz identifikatu zuen. Nafarroan jaiotako Dorotea Barnes ikertzailea aitzindaria izan zen kimika alorrean. Marie Tharp geologoa izan zen itsas hondoaren lehen mapa egin zuena eta Lise Meitnerrek fisio nuklearra aurkitu zuen lankideekin batera. Denak emakumeak, denak zientzialariak eta denak –bide nekosoaren ondoren– lorpen oso garrantzitsuak egin dituztenak. Haien izenak, baina, askotan apartatuak izan dira historiaren kontaketa “ofizialetik”.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur, otsailak 11, Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala erabaki baitzuen 2015eko abenduan. Bigarren edizioa du, beraz, Nazioarteko Egunak, bidearen hasieran dagoen seinale. Egunak balio beharko luke atzera begiratu eta zientzian bide propioak eta garrantzitsuak ibili dituzten emakumeen izenak gorriz azpimarratzeko eta, era berean, aurrera begira neskek eta emakumezkoek zientziaren bidea aukeratzeko orduan topatu ohi dituzten trabak eraisteko. Horiek dira helburuak.

Nazio Batuak datuak jarri ditu mahai gainean; hamalau herrialdetan egindako ikerketa baten arabera, zientzia arloan ikasten ari diren emakumeek lizentziatura bat, maisutza bat eta doktoretza bat amaitzeko probabilitatea %18koa, %8koa eta %2koa da, hurrenez hurren. Ikasle gizonezkoen kasuan, berriz, %37koa, %18koa eta %6koa da probabilitatea.

Azken hamarkadetan unibertsitate ikasketak dituzten emakumeen kopurua dezente igo da eta ikasle guztien %50 baino gehiago izatera iritsi dira. Hala ere, ikasketen arabera banaketak desorekatua izaten segitzen du. Zientziaren zenbait alorretan, fisikan eta ingeniaritzetan kasu, emakumeen presentzia gizonezkoena baino askoz txikiagoa da.

Desoreka hori, gainera, nabarmendu egiten da karrera ikertzailean aurrera egin ahala. Biomedikuntzaren eta gizarte zientzien adarretan emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa da; baina, era berean, ikasketa mailan gora egin ahala, emakume kopurua dezente jaisten da.

Lidergo postua gero eta gorago, emakumeen presentzia urriago. Horren atzean daude emakumeek karrera ikertzailean aurrera egiteko topatzen dituzten trabak, generoagatik sufritzen duten ikusezintasuna eta beren lana sustatzeko dituzten oztopoak. Baina ez horiek bakarrik, bestelakoek ere zangotrabatzen dituzte. «Badirudi emakumeek garrantzia gutxiago ematen diotela lidergoari beren lan ibilbidean».

Nesken interes falta

Universumek herrialde desberdinetako 600.000 ikaslerekin egindako ikerketaren arabera, «zientziaren arloko ikasketak aukeratu dituzten emakumeen %21 ingururentzat lidergoa lehentasun bat da. Gizonen artean, %30 dira lidergoari garrantzia berezia ematen diotenak. Hori horrela gertatzen da unibertsitate garaian emakumeek erakutsitako lidergoa gizonezkoena baino handiagoa izaten den arren. Gainera, emakumeek interes gehiago agertzen dute lana eta etxeko bizitza uztartzeko orduan –%57– gizonezkoek –%49– baino».

Neskatoak gutxiago gerturatzen dira zientziaren bidera, karrera ikertzailera. Dagoeneko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean garbi sumatzen da joera hori. Oro har neskatoek beren etorkizunari begira mutikoek baino espektatiba hobeak dituzte, baina 15 urteko neskatoetan bostetik batek baino ez du lanbide teknikoetara bideratzeko interesa agertzen, %7 inguru. Aldiz, osasungintzaren alorreko ikasketetan interesa dutenen ehunekoa adin horretako neskatoetan %15-17 ingurukoa da.

Zientziarekiko interes falta horren atzean arrazoi bat baino gehiago daude. “When Women Stopped Coding” txostenak jasotzen dituen gako batzuk gertatzen dena ulertzeko lagungarri gerta daitezke.

«Normalean, inguru sozialak, etxekoak zein eskolakoak, ez ditu berdin bultzatzen neskatoak eta mutikoak ikasketa zientifikoak eta teknikoak aukeratzeko orduan. Neskatoak orokorrean urduriago eta ziurgabeago agertzen dira, esaterako, matematiken aurrean, nahiz eta beren emaitzak onak izan alor horretan. Irakasleek hobeto ebaluatzen dituzte neskatoak ikasgai ez zientifikoetan eta gurasoek ere espektatiba gutxiago izaten dituzte alabekin zientziarekin eta teknologiarekin lotutako lanbideetan. Errazago lotzen dituzte etorkizunean semeak halako lanbideekin. Gainera, teknologia alor maskulinoa bailitzan aurkezten da askotan».

Etxetik eta eskolatik jasotako estereotipo horiek karga handia dira neskatoentzat, handiegia. 2009an Estatu frantsesean egindako ikerketa bat da horren erakusle argia: «11 eta 13 urte arteko berrehun bat neska-mutikorekin neurketa batzuk egin zituzten, estereotipoek zer-nolako eragina daukaten jasotze aldera. Ariketa bat proposatu zieten ikasleei: marrazki geometriko konplexu bat buruan hartu eta kopiatzen saiatzea. Ariketa denentzat berdina zen arren, taldearen erdiari esan zioten proba geometrikoa zela, eta, beste erdiari, marrazketakoa. Neskatoen emaitzak nabarmen kaskarragoak izan ziren ariketa geometriko bat egiten ari zirela uste zutenen artean. Aldiz, marrazketari lotutako ariketa bat egiten ari zirela pentsatzen zuten nesken emaitzak askoz hobeak izan ziren. Mutilen artean ez zen desberdintasunik egon batzuen eta besteen artean».

Hori gutxi ez eta emakumeen rol zientifikoen falta handia dago. Emakumeen presentzia txikia da zientziaren munduan eta egon diren edo dauden gutxi horien lana ikusezin bihurtzen da askotan.

«Gainera, historian barna hainbat emakume zientzialarik egindako bidea ikusita, egungo neskatoek eta gaztetxoek pentsa dezakete zientziaren bidea oso gogorra dela, traba handiak daudela bereziki emakumearentzat eta lana bizitza pribatuarekin uztartzeko zailtasun handiak dakartzala».

Nola aurkezten diren

Orokorrean testuliburuetan eta komunikabideetan apenas ematen diren ezagutzera bai emakume zientzialariak bai emakume adituak. «Emakume horiei buruz hitz egiten den gutxietan, ohikoa da pertsona arraroak bailiran aurkeztea, erabat lanari lotuak bizi diren eta bizitza pertsonal eskasa duten pertsona moduan aurkeztea. Gainera, itxura fisikoa eta adimena ezin direla eskutik joan ematen da ulertzera askotan. Hartara, ematen diren estereotipo horiek direla eta gerta daiteke neskato asko eta asko bide horrekin batere erakarriak ez sentitzea eta aitzindariak izan diren horiekin ez identifikatzea».

Bada ikerketetan nabarmendu den beste joera bat: normalean, bide zientifikoa aukeratzen duten emakumeak kausa sozial batera lotzeko joera izaten dute.

«Ikerketa desberdinetatik ondoriozta daiteke nesken eta mutilen arteko ikasketa banaketa horretan eragina dutela interes sozialek. Alegia, neskek joera dute erabilgarritasun soziala duten espezialitateak aukeratzeko eta zenbait espezialitate teknikok ekar dezaketen onura soziala ez da hain ezaguna edo bistakoa, fisika eta ingeniaritzak kasu. Aldiz, biomedikuntzako alorrak askoz zuzenago lotzen dira onura sozialarekin. Horrek ere badu bere partea neskek aukeraketan».

Berriki egindako ikerketa baten arabera –ikasketa teknikoak egiten dituzten 600.000 ikasleri egindako galdeketak oinarri izan dituena–, zientzia karrerak egiten dituzten emakumeek %40 inguruk kausa sozialetara gerturatzeko joera dauka. Gizonezkoen kasuan, berriz, portzentaje hori %29koa da.

Nanogunean ospakizun berezietan aritu dira asteon. Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte, tartean Women in Nanoscience izeneko workshopa. Nanozientziaren arloan lider garrantzitsuak diren hainbat emakumek beren lanak aurkeztuko zituzten lehenbizi eta, ondoren, ibilbide zientifikoan gainditu behar dituzten oztopoen inguruan jardun zuten mahai-inguruan.

Irudian jardunaldian parte hartu zuten zientzialariak, ezkerretik eskuinera: Aitziber Lopez Cortajarena, Maria Jose Santesmases, Elke Scheer, Reyes Calvo, Judith Driscoll, Nagore Ibarra, Maica Morant eta Ana Beloqui.

 

Reyes Calvo

«Oso umetatik sentitzen dute neskatoek zientzia ‘mutikoen gauza’ dela»

NanoGUNEko ikertzaileak, bere ikerketa lerroaz gain, bestelako lanak izan ditu azken asteotan: Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira jardunaldiak antolatzea. Zertarako? Emakume zientzialarien lana bistaratzeko eta neskatoei zientziaren ateak parez pare irekita dituztela ikusarazteko.

Esanguratsua da Nazioarteko Egunaren izendapenean bertan neskatoa aintzat hartzea. Oso goiz ixten zaio zientziaren atea emakumeari, ala?

Hori horrela da, eta horregatik daude gero, karrera zientifikoetan, emakume gutxiago. Oso umetatik sentitzen dute neskatoek zientzia “mutikoen gauza” dela. Duela aste pare bat “Science” aldizkarian argitaratu den ikerketa batek garbi uzten du oso txikitatik, 6-7 urterako, neskatoek barneratzen dutela jarduera intelektual handia behar duten gauzak mutikoentzat egokiagoak direla, eta beraiek hobe dutela beste gauza batzuetara bideratu.

Burutazio hori ez zaie bat-batean okurritzen neskatoei. Sentipen hori jendarteak eraikitzen du.

Zalantzarik gabe. Jostailuetan bertan oso garbi ikusten da bereizketa bat egiten dela. Puzzleak, pentsatzeko jolasak, ordenagailuak –garai batean batez ere, gaur egun ez hainbeste–, askoz gehiago bideratzen zaizkie mutikoei. Neskei, berriz, panpinatxo bat zaintzen erakusten zaie maiz. Jostailuak aukeratzeko unetik bertatik dago bereizketa. Eta ez dut uste aukeraketa hori neska-mutikoek bakarrik egiten dutenik, uste dut jendarteak bideratu egiten duela zer gustatu behar zaizun eta zer ez.

Orokorrean, karrera zientifikoak gutxiago erakartzen ditu neskatoak.

Arazoa da hori nondik datorren, zergatik gertatzen den. Txikitatik ulertarazten zaie ez direla hain iaioak matematikan eta zientzia gaietan. Etxean zein eskolan espektatiba desberdinak sortzen dira neskatoen eta mutikoen inguruan. Azkenerako, noski, neskatoek interesa galtzen dute alor zientifikoan. Bada ikerketa bat, Israelen egina, frogatutzat ematen duena irakasleek desberdin ebaluatzen dituztela neskak eta mutikoak matematikan eta zientziatan. Ikerketa horren arabera, joera dago neskatoak okerrago ebaluatzeko ikasgai horietan. Horrek ere bere eragina dauka, noski. Estereotipo horiek hautsi egin behar dira eta neskatoei iristen zaien mezua aldatu egin behar da.

Unibertsitateko ikasketak aukeratzeko unean estereotipoak karga bat dira, beraz.

Unibertsitatean joera ez da hain nabarmena. Gogoan dut fakultatera joaten nintzenean, Fisikako ikasketetan, %60 inguru gizonezkoak zirela, eta, %40, emakumezkoak. Aldea ez zen hain nabarmena. Arazoa da karrera zientifikoan aurrera egin ahala proportzio horiek asko aldatzen direla, eta emakumeen kalterako.

Azken urteotan, hala ere, panorama aldatzen ari al da? Emakume gehiago animatzen al dira zientziaren bidea hastera?

Baietz esango nuke, nahiz eta aldaketa oso mantso gertatzen ari den. Emakume batek ingeniaritza bat egitea erabakitzen badu, oso garbi izan behar du hautua. Ikasketa horiek berez dira zailak eta gutxiengo baten parte izateko segurtasuna ere behar da. Alegia, segur aski ikaskide gehienak gizonezkoak izango dira eta egoera hori kudeatzen ere jakin behar da. Aparteko zailtasun bat izan daiteke kasu batzuetan.

Matilda efektuaz ere hitz egiten da, emakume zientzialarien lana ikusezin egiten duena; aldizkarietan lanak gutxiago argitaratzea, hitzaldietara ez gonbidatzea, sariketetan kontuan ez hartzea...

Nik uste dut oinarrian jendartearen joera dagoela eta gutxiengo guztiek sufritzen duten zerbait dela; gutxiago akordatzen direla haiekin eta ikusezin bihurtzen direla. Finean, jardunaldi batzuk antolatzen ari diren guztiak gizonezkoak baldin badira, seguru gizonak gonbidatuko dituztela.

Badira joera horri buruzko ikerketak ere. Bada “John eta Jennifer” izeneko ikerketa bat frogatzen duena curriculum berdina izan arren, John izena duenak abantaila duela Jennifer izena duenaren parean.

Aipatu Nazioarteko Egunak bigarren urtea du aurtengoa. Bidearen hasieran al gaude?

Duela 50 urte baino hobeto gaude, zalantzarik gabe. Baina oraindik lan handia dago egiteko. Denbora guztian gutxiengo bati buruz ari gara, zientziaren bidean abiatzen diren emakumeak gutxiengo direlako. Baina, jendartean, emakumeak ez gara gutxiengo bat, herritarren erdia gara. Niretzat garrantzitsua da datu hori ez ahaztea, nabarmen uzten baitu oraindik gauza asko ditugula konpontzeko. Parekidetasuna lortu gabeko helburua da oraindik eta bidean oso mantso goaz.

 

Aitziber Lopez Cortajarena

«Traba asko gainditu ditut, baina ez dakit bereizten horietatik zeintzuk izan diren emakumea naizelako»

Aitziber Lopez Cortajarena 2016ko urtarrilean hasi zen CIC biomaGUNEn Ikerbasqueko ikertzaile bezala lanean. Nanoteknologia Biomolekularreko taldea zuzentzen du eta Europako Ikerkuntza Kontseiluak finantzatutako proiektu batean dihardu buru-belarri.

ERC Consolidator Grant deituriko finantzazioa garrantzia handikoa da ikerkuntzaren alorrean, proiektu berritzaileak bultzatzen ditu eta babes ekonomiko handia eskaintzen du. Euskal Herrian finantzaketa hori lortu duen emakume bakarra da Aitziber Lopez Cortajarena, nahiz eta nahiago duen horregatik baino bere proiektuaren pisuagatik nabarmentzea.

Zertan da zure ikerketa?

Gure ikerketa lerro nagusia nanoteknologian erabiltzeko proteinen ingeniaritza da. Ikerketa zertan datzan azaltzeko orduan arazo nagusia izaten da kontzeptualki jendeak proteinak elikagaiekin lotzen dituela. Proteinak gure zeluletan edo sistema bizidunetan funtzio desberdinak dituzten molekulak dira. Esaterako, proteina bat da DNA gordetzen duen entzima; ilea proteinaz egina dago; muskuluak proteinaz eginak daude; muskulu-uzkurdura proteinen mugimenduen bitartez egiten da... Proteinek funtzio asko dituzte eta organismoak bizirik mantentzen dituztenak dira.

Hortik abiatuta, naturan inspiratuta eta proteinek sistema bizidunetan dituzten egitura eta ekintza ugariak kontuan hartuta, proteina horiek moldatzen saiatzen gara, ingeniaritza egiten, alegia. Hartara, sistema naturaletan existitzen ez diren diseinuzko proteinak sortzen saiatzen gara. Etorkizuneko ideia da beharren neurrira egindako proteinak sortzea.

Erabilera anitzak izan ditzakete, beraz, sortutako proteina horiek?

Bai, alor askotan erabil daitezke. Biomedikuntzan, esaterako, sistema bizidunak erregulatzeko balia daitezke eta gaixotasunak sendatzeko ere bai. Baina, era berean, zenbait egitura edo material sortzeko ere erabil daitezke. Esan dizudanez, ilea bera proteinaz osatuta dago, baita armiarma sarea ere. Hortik abiatuta, diseinuzko proteinak erabiliz ezaugarri oso interesgarriak dituzten materialak sor ditzakegu. Biomedikuntzatik hasi eta aplikazio teknologikoetaraino, eremu zabala har dezakete proteina horiek.

Europako Ikerkuntza Kontseiluko ERC finantzazioarekin ari zara lanean. Beka oso garrantzitsua da, ezta?

ERC proiektu bat da nirea eta bost urteko finantzaketa dauka. Ideia berritzaileak finantzatzen dituzte eta laguntza oso garrantzitsua dakarte proiektuarentzat. Proiektu pertsonalak direla esan daiteke; ikertzaile batek bultzatutako ideia bat da abiapuntua, eta, laguntza horri esker, lantalde bat osatzen du ikerkuntza horretan buru-belarri sartzeko. Gu sei gara taldean; doktoretzako bi ikasle, doktoratu osteko hiru ikerlari, teknikari bat eta ni.

Normalean proiektu oso lehiakorrak izaten dira. Ez da erraza ERC beka bat lortzea eta oso lagungarria gertatzen da ikerkuntzarako finantzaketa hain eskasa eta ezegonkorra den garaiotan.

Urte batzuetarako baliabideak ziurtatzea oso lagungarria da ikerketa batean abiatzeko. Finantzaketa urtez urte berritu behar duzunean, askoz zailagoa da proiektu berritzaileetan abiatzea.

Euskal Herrian ERC finantzaketa duen emakume bakarra zara. Zure inguruan nolakoa da panorama? Gizonezkoak edo emakumezkoak, gehiago?

Zentroan, orokorrean, erdi eta erdi garela esango nuke. Baina ikerketak zuzentzen dituzten ikerlariak kontuan hartuta, ni naiz emakume bakarra. Hala ere, konturatuta nago azkenaldian foku mediatikoa nire gainean dagoela jarrita emakume naizelako eta oso arraro sentitzen ari naiz. Egia da horrek bistaratzen duela parekidetasuna ez dela existitzen, gainontzean ni ez nintzateke nire lankideen desberdina izango hedabideentzat. Horrek adierazten du oraindik parekidetasuna urrun dagoela. Izan ere, parekidetasuna balego, nire kasua ez litzateke berezia izango eta arreta guztia ikerketa proiektuetan egongo litzateke, eta ez hainbeste ikerketa talde hori zuzentzen duenaren generoan.

Kristalezko sabaia zientzian ere existitzen da. Traba asko gainditu behar izan al dituzu zauden tokira iristeko?

Traba asko gainditu behar izan ditut orokorrean, karrera zientifikoa oso lehiakorra eta oso gogorra delako. Zaila egiten zait bereiztea gainditu ditudan traba horietan zeintzuk izan diren generoagatik, emakumea naizelako, eta zeintzuk ez. Nire lankideek, gizonezkoak izanagatik, traba asko gainditu behar izan dituzte eta ez dakit esaten zertan izan diren desberdinak haien trabak eta nireak. Kristalezko sabaia eta emakumearekiko diskriminazioa zientziaren alorrean akaso ez dira oso nabarmenak edo bistakoak, baina hor daude. Oso barruan sartuta dagoen eta akaso oso modu leunean aurkezten den zerbait da, zure ibilbidean argi eta garbi identifikatu ezin duzuna, baina hor dagoena.

Ikasketa garaian, nolakoa zen egoera zure inguruan?

Nik Biologia Biokimikoa ikasi nuen eta alor horretan emakumeak ez ginen gutxiengoa. Doktoretza egiterako orduan ere, paretsu ginen gizonezkoak eta emakumezkoak. Orokorrean horrela izaten da, gainera. Are gehiago, doktoretzatan askotan emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino. Baina garbi dagoena da karrera zientifikoan aurrera egin ahala, gero eta emakume gutxiago topatzen direla puntako postuetan. Une batean estatistiken kurbak gurutzatu egiten dira, eta emakume gutxiago eta gizon gehiago agertzen dira, nahiz eta ordura arte akaso joera kontrakoa izan. Esaterako, biomedikuntzaren alorrean emakumeak gehiengo dira unibertsitate karreran eta baita doktoretzak egiten ere. Doktoratu ostekoan berdintzen hasten dira gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak eta hortik aurrera, lidergo postuetan, gizonezkoak gehiago dira. Oso argigarria da.

Emakumezkoen rol zientifikoen hutsunea dago. Emakume zientzialari gutxi izan dira eta izan direnak ikusezin bihurtu dituzte. Zure kasuan, zein erreferente izan dituzu?

Nire kasua berezia izan da. Nire tesiaren zuzendaria emakumea zen. Doktoratu ostekoa Yaleko Unibertsitatean egin nuen, Ameriketako Estatu Batuetan, eta bertan ere emakume batek gidatutako talde batean aritu nintzen. Emakume hark sekulako ibilbidea zuen eta erreferente oso garrantzitsua zen bere alorrean. AEBetan izan dudan esperientzia ere lagungarria izan da, panorama hemengoa baino hobea delako. AEBetan emakumeek toki esanguratsuagoa dute zientzian eta niretzat argigarria izan da bide propioa eta oso oparoa ibili duten emakume zientzialariak ezagutzea. Zientzian emakume batek bide propioa egin dezakeela ikusi eta ikasi dut AEBetan.

Egia da, hala ere, hemengo panorama desberdina dela, emakumeen rol zientifiko askoz gutxiago daude eta horrek emakume ikertzaile gazteen ibilbidea baldintzatzen du zalantzarik gabe. Ikusten baduzu emakume gehienek asko jota teknikari postuetan amaitzen dutela, ez direla lidergo postuetara iristen, horrek baldintzatu egiten du zure bidea. Niretzat, adibidez, oso garrantzitsua izan da lidergo postuetara iritsi diren emakumeak ezagutzea.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur. Garrantzitsua da horrelako egun bat izatea, ezta?

Baietz uste dut. Nik pentsatzen nuen arazo hau gaindituago zegoela, akaso AEBetan egon naizen ingurunean ez zelako hain bistakoa emakumearen diskriminazio egoera. Baina egia da hemengo egoera desberdina dela, txarrerako gainera. Karrera zientifikoaren hasieran dauden emakume horientzat oso garrantzitsua da horrelako egun bat izatea, nahi dutena egin dezaketela sinistu behar baitute.

Garrantzitsua da norberak bere aukeretan sinistea. Baina karrera zientifikoan mentoreak edo zaintzaileak izatea ere garrantzitsua da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Nire kasuan doktoratu osteko nire gainbegiralea beti nirekin egon da eta asko bultzatu nau, asko animatu nau benetan nahi dudana egin dezadan. Batzuetan nire talde propioa zuzentzeko zailtasunak izan ditut eta bestelako lan eskaintzak sortu zaizkit, teknikari postuetan-eta. Horrelakoetan berak beti motibatu nau ez nezan lan bat hartu besterik gabe eta nire proiektuan sinisten segi nezan. Niretzat oso garrantzitsua izan da bere bultzada. Zientifikoki hazten ikusi nau eta beti sinistu du nigan. Hori ezinbestekoa da.

Umetatik garbi al zenuen zientzialaria izan nahi zenuela?

Akaso joera bat agertzen nuen ja txikitatik. Gauzak ulertzeko beharra eta jakin mina beti izan dut. Akaso handitzean zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean ez neukan erantzun garbirik, baina ibilian-ibilian deskubritu dut nire bidea.

Etxekoek beti ulertu dituzte zure erabakiak?

Nire etxekoen eskuzabaltasuna oinarrizkoa izan da egin dudan bidean. Zortzi urte eman nituen AEBetan eta etxekoentzat ez da erraza izan, baina nire amak beti esan izan dit gustatzen zitzaidana egitea eta ni zoriontsua izatea nahi zuela. Akaso ez dute oso garbi ulertzen zer egiten dudan, badirudi beti ikasten ari naizela, beti paper artean, ez daukadala benetako lan bat... baina beti babestu naute nire erabakietan. Hori oso garrantzitsua izan da niretzat.