GAUR8 - mila leiho zabalik

Helduen botereaz eta beste


Hilabeteak daramatzat helduen boterea kontzeptu gisa plazaratu duten hainbat iritzirekin buruan jira eta buelta. Helduen boterea zapalkuntza forma bat gehiago litzateke iritzi horien arabera, zapalkuntza nazionalaren, sozialaren eta patriarkalaren maila berekoa; eta beraz, helduak zapaltzaileak estatu inperialisten, burgesiaren edota sistema patriarkalaren zentzu berean, gutxi-asko. Saiatu arren ez dut aurkitu tesi hori nire buruan enkajatzeko modurik. Egin ditut ahaleginak, ez igual behar bestekoak; saiatuko naiz etorkizunean ere bide beretik, ia heldulekurik aurkitzen diodan.

Asteazkenean Joxe Azurmendik hitzaldia eman zuen Martin Ugalde kultur parkean. Bere ibilbide intelektualaren helduaroan dagoen Joxek estatuari, nazioari eta euskarari buruz argitaratu berri duen azken lana izan zuen hizpide. Uste dut erraz aitor diezaiokegula Joxe Azurmendiri Euskal Herriak eman duen pentsalari emankorrenetakoaren kondizioa. Bere liburuak irakurri dituenari, edo bere hitzaldiak entzun, harridura sortzen dio bere erudizioak. Maila horretako begirada sakonik zaila da aurkitzen eta, zalantzarik ez, herri egitasmo batek ezinbestekoa du Joxek eta bere belaunaldiko zenbaitek izan duen irismen filosofikoa.

Asko esatea izango da agian, baina baliteke XX. mendeko 50eko hamarkadakoaren antzerako egoera batean aurkitzea orain herri gisa, distantziak distantzia. Ziklo historiko bat agortu den pertzepzioa gero eta nabarmenagoa da hainbat esparrutan, eta orain artean baliagarri izan zaizkigun paradigmak zalantzan jartzen ari dira aurrerabideak irudikatu nahian. Garai hartako aberastasun intelektualak lozorrotik esnatu zuen herri hau eta askapen bide berriak irudikatzeko arnasa eman zion. Antzerako ahalegin baten beharrean geundeke orain ere. Anartean, diskurtso berriei tentuz heltzeko diosku Joxek, enpatxurik gabe ahal dela.

Izan ere, Joxek hainbat lanetan defendatu duen tesietako bat Euskal Herria krisian aurkitzen dela dioena da, modernitatearekin enpatxatu garelako eta digestioa egin ezinik gabiltzalako, oso modu arruntean esanda. Behin baino gehiagotan azaldu duenez, bere belaunaldiari hiru edo lau iraultza batera egitea tokatu zaio, eta hori ez da gauza naturala ikuspegi antropologikotik, politikotik zein kulturaletik.

Beldur naiz garaiak eskatzen duen berrikuntza intelektualetik urrun, postmodernitatearekin enpatxatzeko bidean ez ote goazen oraingo honetan. Are enpatxu larriagoa lehenarekin konparatuz gero. Zilegi bekit kritika: helduen boterearen kontu honi postmodernitatearen ilunak ikusten dizkiot nik. Hasteko, sistemak gaztetasuna erabat gainbaloratzen duela esango nuke. Denak behar du berria –azaleko gaztetasuna– iraungitze azkarreko gizartean. Gainera, teknologia berrien diktadurak gizarte sistematik erauzten du hipermoderniaren abiadari eusteko gai ez dena. Zentzu horretan, nire esperientzia guztiz kontrakoa da: herri batzarretan jende adindua uzkurtua ikusi dut bere burua ezgaitzat jota gazteen gaitasun teknikoen aurrean.

Gizarte tradizionaletan –baita gurean ere– adinduek estatus berezi bat izan dute, onarpen bat, errespetu bat, helduen boterearen diskurtsoak hankaz gora botatzen duen urteetan metatutako jakintza eta esperientzia baloratu eta zaintzen zuena. Kontrara, lehen esperientziaren “benetakotasuna” aldarrikatzen da. Baina are kezkagarriagoa deritzot diskurtso horrek –edota bere defentsaren bueltan emandako iritziek– gaztetasuna nola interpretatzen duten; maiz erantzukidetasuna gazte esperientziarekiko kontraesanean jarriz, eta, gogoak esandakoa egiteko eskubidearen izenean, ardura konpartituei ihes egiteko ateak irekiz. Nire aburuz, XX. mendeko iraultza eta askapen prozesuak gidatu zituzten gazteak –gurean eta munduan barrena– balio batek ezaugarritu zituen beste batzuen gainetik: heldutasunak, hain zuzen; ez zentzu biologikoan, baina bai politikoan. Hau da, herri baten etorkizunaren zama bizkar gainean hartzeko heldutasuna izan zuten, beraien ekintzei zentzu historikoa ematekoa. Eta horrek, nire uste apalean, zerikusi gutxi du gaztetasuna sakralizatzearekin.

Gainontzekoan, heriotza gertu sumatu dugu beste behin, eta bizitza laprastada puta bat baino ez dela gogorazi digu. Arrivederci, Zinku! •