GAUR8 - mila leiho zabalik
HITZA, «ATZEKOZ AURRERA»

Alderantzikatutako hiztegia, eguneratu eta osatua, sarean

Lehen hiztegi alderantzikatua, «Atzekoz aurrera», duela hogeita hiru urte argitaratu zuen UZEIk, baina Euskaltzaindiaren arau gehienak ondoren argitaratu dira. Hartara, informazio zaharkitua izatea baino kentzea hobetsi eta eguneratzeari ekin zioten. Sarean dago berriro ere, gaurkotua eta osatua. Alderantzikatua baina ez aldrebesa.


Ez da kontu berria, berritua baizik; eguneratua, alegia. Alderantzikatua baina ez aldrebesa. UZEI euskal terminologia eta lexikografia zentroak duela 40 urtetik euskararen lexiko orokorraren zein espezializatuaren esparruan gauzatu dituen proiektu ugarietako bat da “Atzekoz aurrera” hiztegia. Ez da berria, izan ere, 1994an argitaratu baitzuen, eta, orain, Euskaltzaindiaren arau guztiak eta Terminologia Batzordeko gomendioak aintzat hartuta, eguneratu eta osatu egin du.

Ohiko hiztegiak bezala barik, “Atzekoz aurrera” hitz amaieren arabera dago antolatuta, zazpi hamarraldi lehenago Resurreccion Maria Azkuek iradokitako moduan, hain zuzen. Euskal hizkuntzalari handiak “Morfologia Vasca” lan mardulean «errima hiztegi» baten beharra nabarmendu zuen 1923an: «Badira beste hainbat [hizki], gaur egun beraien irismena ezagutzen ez badugu ere, Errimaren Hiztegi on bat dugunean arrakasta handiagorekin aztertu ahal izango ditugunak». Premia hura asetzeko agindua eman zuen bera buru zuen erakundeak, Euskaltzaindiak, hain zuzen: «Ez dut jarraituko adjektiboen gaikako atzizki analogoak zerrendatzen, horren interesa duenak luze gabe topatuko baititu gure [euskaltzain] urgazle batek, guk hala eskatuta, egin behar duen Errimaren Hiztegian».

Bitxia ematen du Azkuek «errima hiztegia» esan izana, eta hala iruditzen zaio Miriam Urkia UZEIko Lexikografia Saileko buruari ere. Azkuek “Morfologia Vasca” obran «errima» esan bazuen ere, «lan horretan atzizkiei buruz ari da, atzizkiak zituen aztergai, eta testuinguru horretan esan zuen errima hiztegi bat behar dela», dio Urkiak. Ez dirudi, beraz, bertsolaritza gogoan zuenik, hainbat gramatika elementu ondo aztertzeko tresna bat baizik. UZEIren hiztegia nolabait errima hiztegia dela diotsagu Miriam Urkiari, eta berak baietz dio, hori «ere» badela, azken batean euren lana hitzak atzekoz aurrera antolatzea izan dela eta horrek errimarako balio duela, baina aldi berean atzizkiak ematen dituztela, seguruenik Azkuek buruan zuena, hain zuzen.

Gramatikari gisa erreparatu bide zion, beraz, horrelako hiztegi baten beharrari; hala ere, Azkue hiztegigilea ere bazen, besteak beste “Diccionario Vasco-Español-Francés” obra erraldoiaren egile; baina etnografia arloan ere ikerketak egin zituen, “Euskalerriaren Yakintza” lekuko, eta “Cancionero popular vasco” euskal folklorearen harribitxia argitaratu zuen, 1000tik gora kantu bilduta; gainera, haren aita, Eusebio Maria, poeta izan zela kontuan izanda, uste izatekoa da Resurreccion Maria bertsozalea ere bazela. Nekez pentsatuko zuen, baina, hamarkada batzuk geroago bertsolaritzak gaur egun dituen tamaina eta estatusa lortuko zituenik. Ezustekoa izango luke berak orain dela mende bat eskatutako hiztegiaren erabiltzailerik nagusietakoak bertsolariak direla ikusiko balu. Bat dator Miriam Urkia, «eta ordenagailu bat ikusiko balu...», erantsi du barrez. Edonola ere, argi samar dago “Atzekoz aurrera” bertsolarientzat tresna aproposa dela, Andoni Egañak 1994ko edizioko hitzaurrean idatzi zuenez: «Oso da baliagarri hitzak atzekoz aurrera sailkatu dizkigun hiztegia. Errimek ere modak jasaten dituzte eta garai batean inork erabiltzen ez zuen halako hitz hura gero denok erabiltzen dugu, norbaiti, behin, bururatu zitzaiolako. Miatu beraz, inor inoiz jabetu ez zen horrexen bila. Baina kontuz! Hau ez da bertsotan ongi egiteko inolako bermea. Hobetoxeago egitea ez al da nahikoa?».

Azkuek esandakoa baino denbora luzexeagoa igaro zen “Atzekoz aurrera” hiztegia argitaratu arte, baina hizkuntzalari lekeitiarra ez zen haren premia sumatu zuen bakarra. Esan bezala, UZEIk 1994an argitaratu zuen lehen aldiz paperean, baina kontsultatzeko ez zen erosoa, atzekoz aurrera irakurtzen ikasi beharra baitzegoen; ondoren, beraz, «garai hartako diskete xelebre bat» kaleratu zutela dio Urkiak, eta geroago Interneten jarri zuten, baita informazioa eguneratzen joan ere. Kontuan izan beharra dago artean Euskaltzaindiaren arau gutxi zegoela argitaratuta, 24 baino ez, eta harrez geroztik beste 156 emango zituela. Hartara, arauak agertu ahala aldatzen zihoazen, erretiratzea erabaki zuten arte, informazio zaharkitua edukitzea baino kentzea hobe zela iritzita.

Orain informazio guztia eguneratu eta sarean jarri dute, www.uzei.eus/atzekoz helbidean. Eta aurrerantzean errazago eguneratuko dute, oraingo sistemek hartarako aukera handiagoa ematen baitute.

Eguneraketa lanetan zebiltzala, hiztegia sareratzeko eskaera ugari izan dituzte. Bertsozale Elkartearekin bazuten lehendik harremana, baina eskaera batez ere eskoletatik iritsi zitzaien, dirudienez, ikasleek eta irakasleek sarri erabiltzen baitute hiztegia ariketak egiteko. Halaber, ikertzaileak ere hiztegiaren ohiko erabiltzaileak direla dio Miriam Urkiak.

“Atzekoz aurrera” hiztegiak 53.000 sarreratik gora ditu, gehienak lexiko orokorrekoak, baina eguneroko hizketan gehien erabiltzen diren terminoak ere ageri dira. Bestetik, hainbat kategoriatako sarrerak dira: izen arruntak, adjektiboak, adberbioak, determinatzaileak, izenordainak, aditzak, lotura-elementuak, esaerak eta onomatopeiak. Beste batzuk, berriz, ez dituzte sartu: izen propioak, forma deklinatuak, adizki jokatuak eta laburtzapenak.

 

UZEI, berrogei urteko jakituria eta eskarmentua

UZEI euskal terminologia eta lexikografia zentroa irabazi asmorik gabeko elkartea da. Euskara arlo guztietan egoki eta zuzen erabiltzea du helburu, erabiltzen den gunera eta unera egokituta, alegia. Horretarako tresnak eskaintzeko lanean jardun du berrogei urtean, lexiko orokorraren eta espezializatuaren esparruan.

UZEIko Lexikografia Saila Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren lantaldearen arduraduna da. Sail horrek hiztegi osagarriak ere lantzen ditu, hala nola Sinonimoen Hiztegia. Euskaltzaindiarekin elkarlanean zenbait proiektutan parte hartzen dutenez, haren irizpideak oso barneratuta dauzkatela dio Miren Urkia saileko buruak, eta, forma berriak erabili behar dituztenean, oraindik araurik eman gabe ere, ondo dakitela nondik jo.

Lexiko espezializatuaren arloan, aitzindaria da UZEI. Euskalterm Terminologia Bankua sortu zuen eta gaur egun berak kudeatzen du, Lakuako Gobernuaren Terminologia Batzordeko partaide baita.

Ez ditu horiek zeregin bakarrak, ordea. Besteak beste, XX. Mendeko Euskararen Corpusa egin zuen eta itzulpen-corpusak kudeatzeko sistemak garatzen dihardu; arlo berezietako itzulpen eta lokalizazioak egiten ditu informatikan, medikuntzan, zuzenbidean, arkitekturan, enpresa-kudeaketan eta beste zenbait arlotan; teknologia berriak ere oso garrantzitsuak dira UZEIren lanean, eta nabarmentzekoa da arlo horretan Hobelex lexiko-zuzentzailea.

“Atzekoz aurrera” hiztegiari dagokionez, Bertsozale Elkarteak begi onez ikusi zuen proiektua, eta orain ba omen dago bi erakundeen arteko elkarlanerako asmo bat, haren berri jakinarazi ez badute ere, oraingoz ez baitago guztiz lotuta. Miriam Urkiak dioenez, UZEIk baliabideak dauzka eta Bertsozale Elkarteak esango die zer interesatzen zaion, zer eta nola egin nahi duten.

Gomendagarria da oso www.uzei.eus webgunera bisitatxoa egitea. Arrisku bakarra, bisitatxoak luze jotzea.