GAUR8 - mila leiho zabalik
EBALUAZIOA IRUTEN

Hezkuntza eta pertsona bera ulertzeko modua aldatzera garamatzan gogoeta

Ebaluazioa sakon lantzen hasi da LAB, hezkuntza iraultzeko giltza baita. Kalifikazioarekin nahasten da, notekin, eta ikasle, guraso zein irakasleek presioz bizi dute. Martxoaren 18rako jardunaldia prestatu du sindikatuak, aditu eta esperientzien eskutik eztabaida bultzatzeko asmoz. Jende guzia gonbidatu du, denok ukitzen gaituen gaia delako.


LABek Iruten dinamika jarri zuen martxan joan den ikasturtean, langileek, bakoitzak bere txikitasunetik eta egunerokotik, hezkuntza sistema propioaren bidean pausoak eman ditzaketela azaltzeko. Ikasturte honetan, zehazki, ebaluazioa lantzea erabaki du, hain justu LOMCEko azterketa guztiak eta PISAkoak tokatzen diren unean.

Sindikatuak ikusten du planto ekimena indartu dela, baina uste du ordua dela ofentsibara pasa eta herri edo estatu egiturak sortzen hasteko, Euskal Herriko ebaluazio agentzia kasu.

Ruben Iglesias LAB Hezkuntzako kideak jakinarazi digunez, jada lanean hasi dira ikastetxeetan informazio-formazio saioak eginez. Lehenbizi, langile, familia eta ikasleei aditzea da asmoa, «askotan eurekin kontatu gabe hartzen baitira erabakiak».

Ikusten ari dira denek nahiko modu negatiboan bizi dutela ebaluazioa. Presioa sentitzen dute. Orduan, ebaluazioa helburua izan beharrean irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren elementu bat izatea planteatzen du sindikatuak, hobetzeko balio duena eta ez zigortzeko.

Irekita duen bigarren lan lerroa jardunaldiena da. Horien bidez eztabaida soziala ireki nahi dute.

Desikasteko beharra

Alde batetik, barreneko ebaluazioa dago, ikasleari egiten zaiona. Kalifikazioarekin nahasten da, eta, Iglesiasek dioenez, kaltegarria da denentzat, zama bat, nota onak zein txarrak atera. «Ikaslea pertsona bezala bere osotasunean garatu ahal izateko beste urrats batzuk egin behar ditugu. Eta ebaluazioa ezin da lotu notekin, baina ezta azterketa batzuekin soilik ere. Horretan aditu guztiak ados daude eta pentsatzen dute gaur egungo ebaluazio ereduak ez duela laguntzen aurrera egiten, gehiago dela zigortzeko eta zama ikaslearen gainean jartzeko hobekuntzarako baino».

Esplikatu duenez, ebaluazioaren bidez hutsuneak identifikatu eta horiek zuzentzeko estrategiak jarri behar dira mahai gainean. «Hori da ebaluazioaren funtzioa; ez ikasleen sailkapen bat egitea. Ikusten dugu irakasleek zeresan handia dutela baina nahiko modu tradizionalean ulertzen dugula oraindik ere hezkuntza bera: etsaminak, kontrolak, notak… Familiek ere oso barneratuta dute hori. Noten arabera arduratzen gara edo ez, baina, bitartean, prozesu guztian ez dugu parte hartzen».

Defendatu duenez, gaur egungo ebaluazioa desikasi eta bertzelako definizio bat bilatu behar diogu. Eta garrantzitsua da administrazioak, langileek, baina baita familiek ere horren beharra ikustea.

Proba “objektibo” batzuen bidez neurtzen dira edukiak. Irakasleak zuzentzen du azterketa eta 6 bat edo 3 bat jartzen du. «Familia etortzen denean umeak suspenditu duela-eta etsamina erakusten zaio. Kale non egin duen ikusi eta horrekin konformatzen gara. Baina probek balio behar dute ikasleak berak zuzenketa egiteko. Ez dugu horretara bultzatzen. 3 bat daukat. Listo, suspenditu dut. 10 bat daukat, dena dakit».

6 zer da, 3ren bikoitza? Zer erran nahi dute zenbakiek? Bertzetik, orain arte edukiak memoriaz ikasteari eman izan zaio garrantzia. «Baina jada ikusten dugu horrek ez duela balio eta bestelako eredu batera urratsak egin behar ditugula. Ikasleak pertsona bezala gaitasun batzuen jabe izan behar du gizartea aldatzeko».

Horretan ebaluazioa «gakoa» da, metodologia, pedagogia eta helburuak finkatzen dituelako. «Berau aldatzen badugu hezkuntzaren ikuspegia aldatuko dugu, pertsona ulertzeko modua. Orain ikasleak eremu kognitiboan soilik ebaluatzen ditugu. Baina adimen emozionala, sentitzeko modua… hori ez da kontuan hartzen. Eta pertsona osotasunean hezi eta ebaluatu behar da».

Ez ikaslea soilik, sistema osoa

Kanpo ebaluazioari dagokionez (LOMCE, Heziberri, PISA...), LAB sindikatuaren irakurketa da lehenik herri bezala erabaki behar dugula zer-nolako kanpo ebaluazioa nahi dugun, edo halakorik nahi ote dugun. Bigarrenik, ez du karga akademikorik eduki behar. Diagnostikorako bakarrik balio behar du. Funtzioa ezin da izan rankingak egitea.

«Ez da ikaslea soilik ebaluatu behar, sistema guztia baizik: irakasleak, familiak, berritzeguneak, inspektoreak… Sistema guztiaren logikak ematen baitu emaitza. Ezin dugu zama ikaslearen gainean jarri bakarrik. Baldintzak ere neurtu behar dira. Errealitateak desberdinak dira eta ezin ditugu denak modu berean ebaluatu».

Ruben Iglesiasek agertu duenez, proba bakarra erabiltzen da ikasle guztientzat, nahiz eta hauek garapen maila ezberdina izan. «Basoko animaliei, jirafak, krokodiloak, elefanteak, tximuak… honako proba jartzearen parekoa da: igo zuhaitzera! Hori da uneotan egiten ari garena. Justua da?».

Lau azterketa ezberdin jarriz gero, «horren azterketa errazagoa zen», kexatuko da ikaslea. «Hori familiengana iritsiko da eta familiak eskolara joango dira. Eztabaidagarria da hori. Nire ustez, bakoitza bere garapenean dago eta batek agian ikaragarrizko aurrerapena egin du baina eskolaren estandarrean 5era ez da iritsiko. Bestea, berriz, artista bat da baina ez du ezer egiten eta 7 ateratzen du. Zeinek ikasi du gehiago? Nola neurtuko dugu hori? Hausnarketa hori jarri nahi dugu mahai gainean. Pertsona bakoitza desberdina da eta hezkuntzak izan behar du bakoitzaren potentzial guztia garatzeko bide bat».

Heldu den ikasturtean bertze pauso bat eman, eta eragileen arteko eztabaida bat sustatu nahi du LABek, «zer-nolako ebaluazioa nahi dugun erabaki eta dekalogo bat osatzeko».

Ikastetxe pilotuak

Ikastetxe pilotu batzuekin lanean ari dira etorkizuneko ebaluazio eredu berri hori jorratzen hasteko. «Badugu borondatea, egin dezakegu. Goazen txikitik hastera pixkanaka-pixkanaka zabaltzeko. Lagin bat da: hiriburu bateko ikastetxe handi bat, landa eremuko eskola txiki bat...». Hego Euskal Herrian ari dira, hogei bat ikastetxetan. Gainera, herrialde bakoitzean eskaintza zabaldu dute, jardunaldi ireki bat, inor kanpoan ez gelditzeko. «Jendeak ongi hartu ditu. Gogotsu dago gaia lantzeko. Denok izan gara ebaluatuak eta denok dugu inguruan ebaluatutako norbait». Ipar Euskal Herrian lanketa egiteko nahia badute, baina momentuz ez dago baldintzarik horretarako.

Datorren larunbatean, martxoaren 18an eginen dituzte jardunaldiak Hernaniko Orona-Ideon. Lore Erriondo (EHU), Alexander Barandiaran (Huhezi) eta Ane Ablanedo (eskola alternatiboak) adituek beren proposamenak plazaratuko dituzte, eta Txintxirri Elorrioko ikastolak eta Arrankudiagako eskolak beren esperientziak kontatu.

Oro har jendarteari zuzenduta dago eta denak gonbidatzen dituzte parte hartzera, eskolan zein eskolaz kanpo hezten garelako. Denok hezten dugulako nolabait. Aldez aurretik izena eman behar da, adituek sortuko duten material bat banatuko dutelako, jardunaldietara gaia pixka bat landuta eramateko. Aldez aurretik galderak bidaltzeko aukera ere emanen dute. Helburua da jendeari hitza ematea da, eztabaida irekitzea eta zalantza eta ideiak plazaratzea. Izena emateko: www.iruten.eus.