29 AVR. 2017 IKUSMIRA PUSKA HANDI BAT GERNIKAN UTZI ZUTEN HAURRAK Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS Amagoia Mujika Telleria «Bezperan estreinatu nituen praka luzeak eta amak esan zidan kontuz ibiltzeko zikindu barik. Babeslekura sartu ginenean erabat lohituta zeuden eta kezkatuta nengoen, galtzak zikinduz gero amak errieta egingo zidalako». Hamalau urte zituen orduan, eta orain ere hamalau dituela dio, laurogeita hamalau. «Bat-batean, bonbak botatzen hasi ziren eta denok lurrera jauzi egin genuen presaka. Lurra sartzen zitzaigun ahora. Gogoratzen dut beste haur bat negarrez hasi eta esaten zuela; ‘ama, ama, yo fui el que te comi el chocolate’. Hark pentsatzen zuen han hilko zela eta bekatu hura konfesatu behar zuela hil aurretik». Bederatzi urte zituen orduan. 1936ko gerrak eta hark errenkadan ekarritako sarraskiak haurrek kontatzen dizkigute egun, orduan haur zirenen ahotsek baino ez baitute hizketan segitzen. Orduko haurrek beren puska handi bat utzi zuten Gernikan. Gerora izan diren pertsona helduek puska hori gabe moldatu behar izan dute. Zerk kontatzen dio haur batek beste bati 80 urte geroago? Zein usain, kolore eta testura dituzte oroitzapenek 80 urteren ondoren? Zenbat gau eman dituzte esna 80 urtean? Argazkian elkarri kontuak esaten dauden Luis Iriondoren eta Crucita Astelarraren memoriek badute nork entzuna. Beste askorenak itzali egin dira, pena handiz, inork entzunak izan gabe. Argazkiari begira, baina, duela laurogei urte Gernikan puska bat utzi zuten bi haur horiek ikus daitezke.