GAUR8 - mila leiho zabalik

Isilarazitako trosta


Nire nerabezaroan oso gazte gutxik zituzten kuadrilla-lokalak eta gehienok kalean pasatzen genituen orduak, hotz zein bero izan. Eta nabarmen gogoan ditut, esaterako, gaztaroan herrian gaztetxerik gabe pasa genituen bizpahiru urteak. Junkie edo heroinazale ugari zeuden herrian orduan eta plaza berean elkarbizitza egiten genuen guztiok hala moduz. Urte haiek poliziaren ageriko jazarpenekoak ziren eta sarri plaza hartan batzen ginen gazteok artatu, dokumentazioa eskatu eta tarteka katxeatu egiten gintuzten, inongo emaitzarik lortu ez arren. Aldiz, gure ondoko junkiei eta tartean heroina ekartzen zietenei ez zieten inoiz arretarik jartzen.

Orduan kalean ematen genituen orduak eta ez genien kontu askori jaramonik egiten. Hortaz, gerora izan nuen Pepe Reiren eta luzaroan ikerketa-kazetaritzaren alorrean egin zuen lan itzelaren berri; Reik berak ibilbide oso luzea egin zuen, eta baita ere berak sortutako eskolak, “Ardi Beltza” zein “Kale Gorria” moduko proiektuen bidez. Asko arriskatu zuen Reik, eta guztia eman zuen ustelkeria kasuak argitara emateko, batez ere narkotrafikoaren eta poliziaren interesek bat egiten zuten kasu ilun horiek. Esker txarrekoak gara eta ez diogu inoiz merezitako guztia aitortu. Bere burua muturrera arte arriskatu zuen eta izugarri sufritu zuen, salatutakoek ez zutelako inola ere bakean utzi. Baina berak beti egin zuen aurrera, elementuetako asko kontra izan bazituen ere. Argi zeukan hainbat praktika ezin zirela onartu eta horiek argitara eman arte ez zuen amore eman nahi izan.

Esan bezala Reiren jomuga garrantzitsuenetakoak Gobernuko aparatuek eragindako gerra zikina eta hori elikatzen zuen narkotrafikoa izan ziren. Eta esan beharra dago alderantziz ere egin daitekeela irakurketa. Euskal Herrian askoren ahotan izan da uste hori: poliziak sartu zuela droga, nagusiki heroina, bertako gazteria moteltzeko eta indargabetzeko. Reik hainbat ikerketarekin azaleratu zituen uste horren gaineko zantzuak, baina ez zituen beste inork horiek guztiak batu.

Orain elgoibartar batek, Justo Arriolak, “A los pies del caballo. Narcotrafico, heroina y contrainsurgencia en Euskal Herria” liburu mardula idatzi du. Txalaparta argitaletxeak kaleratu duen liburuak hainbat adar ditu. Lehenik eta behin, atzerriko beste herrialde batzuetan poliziak zein inteligentzia zerbitzuek erresistentzia eteteko heroina erabili izanaren esperientziak orriotara ekarri ditu. Jarraian, Euskal Herrira etorrita bibliografia lan itzela eginez prentsan zein beste lanetan argitaratutako auziaren inguruko albisteak jaso ditu; eta bada zer irakurri... a ze bibliografia puska! Horren ingurukoak bata bestearen atzean jartzeaz gain, gai izan da poliziek 70eko hamarkada erditik 90eko hamarkada erdira arte atzemandako heroina kopuruen datuak ezagutzera emateko, eta garai horietako heroina zale kopurua eta kontsumo joerak parean jarrita ipurdi bistan utzi ditu horren atzemateen arduradunak, iritzi publikora begira bakarrik egiten zirelako, baina ez, ordea, heroina kaleetatik kentzeko. 500 orrialde inguruko lanean argudio ugari daude poliziek heroina sartu zutela sinisteko. Gomendatzen dizuet liburua irakurtzea.

Gainera, liburuaren ginda gisa, Arriolak berak 80ko hamarkadan zehar bere herrian, Elgoibarren, gertatutakoaz propio jasotakoa ere gehitu du. Heroinak eta, ondorioz, hiesak ere, nabarmen kolpatu zuen Gipuzkoako herri honen istorio latza, elkarbizitza eta herio gordin eta tristea. Izen-abizenekin gogoratu nahi izan ditu herrian heroinaren ondorioz hildako herritar guztiak, eta baita ETAk narkotrafikoaren aurkako kanpainetan eraildakoak ere. Hala, gure herrian halako sarraskia eragin zuen alor honetan ere Egia, Justizia eta Erreparazioa bermatzeko ahalegin itzela egin du. •