GAUR8 - mila leiho zabalik

«Literazia» emantzipatzailea helburu


Ez diot alfabetatze deitu nahi izan. Ingelesetik zuzen hartuta, irakurri eta idazteko gaitasunari halaxe deitu diot, «literazia». Alfabetatzeaz aritzea maiz egokitu zaigu gurean, eta euskaldun andanak praktikara ere eraman du ariketa zail hori. Zaila diot, batzuentzat lortezina den bezala eta beste batzuentzat harrigarriki leun, gehientsuenentzat gogor xamarra delako hizkuntza bat barneratzeko prozesua –nahiz eta, noski, gustuko bidean aldaparik ez–. Aspektu kulturalak albo batera utzita, soilik ikuspegi fisiologikotik bada kontuan hartzeko esfortzua garunean dakartzan aldaketa sakonak kontuan izanik. Atera kontuak, irakurtzen ikasteak berak talamoan ere aldaketak eragiten baditu, zelako lotura berri eta sakonak ekarri behar dituen hizkuntza bat ikasteak. Izerdiak gorabehera, zorionak baino eskerrik asko guztioi lerrootatik bidenabar!

Eta talamoarena esan dut, pasa den asteko aurkikuntza ekarri nahi dudalako lerrootara. Max Planck, Indiako Ikerketa Biomedikoaren Zentroa eta Hyderabad Unibertsitateko ikerlarien artean egin dute ikerketa hitz bat bera ere irakurtzeko gai ez ziren 30 eta 40 urte arteko emakumeekin. Sei hilabeteren buruan bi herenek irakurtzeko gaitasuna eskuratuta, emaitza harrigarriak behatu dituzte emakumeon garunetan eman diren aldaketei so. Jakina zen irakurtzen ikastean lotura berriak sortzen zirela garunaren kanpoaldean, kortexean, egoera berrietara azkar egokitzen den aldean hain zuzen. Ikerlariok behatu dutenez, aldiz, irakurtzeko ikasketa prozesuak garunean eragiten duen berrantolaketa uste baino sakonagoa da, talamo eta garun-enborrean ere aldaketak antzeman direlarik.

Garun helduaren plastikotasunaren berri ematen du aurkikuntza honek, eta poztekoa da, besteak beste, hizkuntza eta lengoaia berriak ikasteko erronka potoloa baitugu garaiotan. “Literazia” klasikoki testuak irakurri, idatzi eta aritmetikarako gaitasunarekin lotzen den arren, gero eta gehiago zentzu zabalean ulertzen da eta hizkuntza, zenbakiak, irudiak edota konputagailuak barnebiltzen ditu, baita ulermenerako zein komunikatzeko jakintza lortzea eta kultura bateko sistema sinboliko dominanteak erabiltzeko oinarrizko baliabideak eskuratzea ere. Hainbat herrialdetan “literazia” kontzeptua zabaltzen ari da, teknologiaren bidezko jakintzarako sarrera eta testuinguru konplexuak ebaluatzeko gaitasuna barnebiltzeraino. Labur-labur esateko, ingurune sozialarekin harremantzeko gaitasunaz ari garela “literaziaz” ari garenean.

Zutabe honetan gero eta maizago aipatzen dudan aferaz ari naiz berriz ere, informazio eta komunikazio teknologia berriek belaunaldi ezberdinen artean eragiten dituzten ulermen arrakalez. Joera berriekiko kritiko aritzen naiz normalean, “Egon” artikuluan aipatzen nuen bezala, adibidez, irakurketa sakona arinagatik aldatzea kontzentrazio eta hausnarketa gaitasunaren galera ekartzen ari dela azpimarratzerakoan, baina ez da nahikoa (ez eta logikoa) berriari uko egitea. Berriari aurre egin behar zaio, eta zaharretik dugun eskarmentutik berriaren sorreran, sorkuntzan, eragin. Esan nahi baita, komunikatzeko erabiltzen ditugun tresnak, gailuak eta programak, edota ikus-entzunezkoen lengoaia eta erabilera, besterik gabe irentsi ordez, gure egin behar ditugula, eta egoki deritzogun moduan erabili, poliki-poliki emantzipazioa helburu behar luketen lengoaia propioak eraikiz, “literazia” hegemoniko homogeneizatzailea erreproduzitu ordez.

Ariketa zaila denik ezin uka, eta kezkatzeko arrazoiak apika itxaropentsu izatekoak baina handiagoak dira egun, baina Indiako emakumeek erakutsi bezala helduek uste baino gaitasun handiagoa dugu berria eraikitzeko, inertziari aurre egiteko, horren urrun joan gabe, bertatik bertara, euskaldun berri guztiek erakusten diguten bezala. Zaila da, baina beste biderik ez dago inperio kulturalari aurre egingo badiogu. Hamaika koloreko gizateria helburu, ekin diezaiogun “literazia” berri eta emantzipatzaileari, eta egin dezagun, euskaratik eta euskarara! •