GAUR8 - mila leiho zabalik

Munduaren sorrera oso gauza narrasa da


Etxeko atarian erratza pasatzen ikusi nuen Maria, 80 urte inguruko andrea, Siziliako Zafferana herrian. Etna sumendiak egunak igaro zituen gasak, keak eta errautsak zerura botatzen, eta haizeak hego-ekialderantz jo zuenean, Zafferana herria bost zentimetroko geruza beltz batekin estali zuen. Handiena makinek kendu zuten, baina oraindik ere hauts fina herrira erortzen ari zenez, autoak garajeetan sartu behar izan zituzten, balkoietan zintzilikatutako arropak jaso, errepide irristakorretan seinaleak jarri, eta Mariak etsipen geologikoz pasatzen zuen erratza atarian. Magmaren jarioa, lurrazal kontinentalaren birsorkuntza, orogenia eta horrelako gauzak oso ondo daude, baina munduaren sorrera oso gauza narrasa da eta norbaitek pasa behar du erratza.

Astebete geroago, Etna baretu zenean, bigarren saio bat egin nuen tontorrerantz igotzeko. Tontorrera igual ez, tontorrerantz behintzat. Stefano ezagutu nuen, Torinoko mendizalea, Citelli aterpetxeko zaindaria. Galdetu nion ea ez ote zen aspertzen, Alpeetako gailur batetik bestera ibili ondoren, orain beti mendi berean egoteaz. Eta esan zidan Etna ez dela beti mendi bera. Zortzi hilabete eskas zeramatzan bertan eta ordurako erupzio asko ikusi zituen, paisaia etengabe eraldatzen ari zen. «Eta zertarako bilatuko ditut mendi berriak, etengabe aldatzen ari den batean bizi banaiz!».

Europako sumendirik garaiena da Etna (3.322 metro), Gipuzkoa erdiaren adinako azalera hartzen du eta munduko aktiboenetako bat da. Jarioek ez dute arrisku handiegirik sortzen eta errautsek ongarritutako magaletan mahastiak eta baratzeak lantzen dituzte siziliarrek. Baina mendizaleek oso kontutan hartu behar dute Etnaren egoera une oro: erupzioak daudenean, debekatuta dago eremu jakin batzuetan barneratzea. Stefanok taldeak gidatzen dituenean, adi ibili behar du lur beroegiak zeintzuk diren, gasak nondik irteten diren eta haizeak errautsak eta harriak norantz botatzen dituen jakiteko.

Gaua aterpetxean pasa nuen. Hurrengo goizean erauntsia ari zuen: zaparradak, haizeteak, hogei metrora ikusten uzten ez zuen laino trinkoa. Tregoa baten zain egon nintzen eguerdira arte. Egonezinez, euripean ibilalditxo labur bat egin nuen, pinu eta urkien artean igo nintzen mendi-hegal beltz batean gora, boten azpian elurra eta errauts beltzaren karraska entzuteak gustua eman zidan. Baina oso erraza zen basoan galtzea, elurretan, lainopean, eta berehala itzuli nintzen aterpetxera. Haserre.

«Ez ezazu aurpegi hori jarri –esan zidan Stefanok–. Euriari esker, hemendik atera ahal izango duzu. Errautsa garbituko du errepidetik. Bestela, hemen gelditu beharko zenuke bihar arte gutxienez».

Aurreko udazkenean hirugarren saiakera egin nuen Etnako tontorrerantz. Tontorrera igual ez, tontorrerantz behintzat. Sapienza aterpetxean hasi nintzen orduan, 1.900 metrotan, laba kolada oso berri baten albotik gora. Laba kolada hura, ibai ilun petrifikatu hura, Sapienza inguruko jatetxe baten atzeko hormaraino iritsi zen duela hamasei urte: teilatua azpian hartzeko unean bertan gelditu zen. Txori bat jateko zorian dagoen suge beltza zirudien, ahoa zabalik, geldi. Koladaren albotik igo nintzen, krater berrien magaletatik, laba zelai zaharragoetatik. 2.800 metrora iritsi nintzenean, elurra mara-mara botatzen hasi zen eta hodei trinkoak sumendian behera zetozela ikusi nuen. Buelta eman nuen.

Horrelakoetan, mendizale zuhurrek esaten dute lasai egin behar dela atzera, mendia hor egongo delako beti. Hor egongo da Etna, bai, baina hurrengoan ere desberdina izango da. •

www.anderiza.com