GAUR8 - mila leiho zabalik

Ametsen eraiste neurtua


Harreman baten bukaeran, egoerari aurre ez egitearren, bota ohi den esaldi famatuarekin laburbildu daiteke dena: ez zara zu, ni naiz. Arazoa ez baita erreka. Erreka bat baino ez balitz, laster eramango lituzkete beraien makina-hondeatzaileak bertaraino, lurrak hemendik hara mugitu, hormigoizko hormak eraiki, eta uraren ordura arteko bidea beste leku batetik behartzeko. Ez da agintaldi hasieran bizikletaz eta orain motorrez ibiltzea nahiago duen (h)ego haizeak jotako alkate baten gerra partikularra. Ez da etxeak erortzear daudelako. Ez da auzotarren segurtasuna bermatzeagatik ere. Ez da argindarrik ordaintzen ez duten “okupak” handik botatzea helburu duen erabaki politiko soila. Errekaleor da, gaur eta hemen, lurrazalean okupatzen dugun eremu txiki honetan, goikoen eta behekoen arteko borrokaren erreplika bat gehiago. Interes pribatuak interes publikoarekin talka egiten duen lekua eta momentua da. Mundu mailako gerra intimoa. Berdin gerta daiteke Chiapasen bihar, eta Frantzian etzidamu. Antzekoak izango lirateke aitzakiak eta argudioak han eta hemen.

Ezer berririk ez antzarek noraezean hegan jarraitzen duten zerupeko zati zehatz honetan. Behin-behineko egoera batean bizitzera eraman gaituen erokeria neoliberalaren oldarraldi berri baten aurrean gaude. Maroto, diru sarrerak bermatzeko errentaren aitzakian boto batzuk lortzeagatik, jendarteko sektore babesgabeenaren kontra tematu zen moduan, ekin dio bideari orain jeltzaleen akolitoak. Boto batzuen truke –eta hori da tristeena– gero eta aberatsagoa den proiektu kolektibo batekin bukatzea erabaki du. Horretarako aukeratutako aitzakiak dira gutxienekoa. Bulegoren batean egindako kalkulu politiko baten ondorio den edo hiriko aurrekontuak aurrera ateratzeko izan zituen zailtasunengatik mendeku hartu nahi duen? Batek daki. Bakoitza bere tokian jartzeko balioko du behintzat.

Gure euskal oasian dena dekoratua den garai honetan, gauza asko utzi ditu agerian hiriaren kanpoaldean abandonaturiko langile auzoa okupatzeak. Errekaleor herritarrek ahanzturatik berreskuratutako auzo bat delako. Pertsonei eta lurrari etekina ateratzea helburu duen lehiaren diziplina zalantzan ipintzen duen auzolan kooperatibo aberatsa. Eta instituzioetatik hainbeste aldiz errepikatzen zaigun herritarren parte hartzea lekuren baten errealitate bihurtu bada, hori Errekaleorren izan da. Eraikuntzaren negozioak, urteetan etxebizitzekin espekulatzen ibili direnen egitasmoak, krak egin duen lekuan bertan hain zuzen ere.

Bada XX. mendeko historian, John Adams konpositore estatubatuarrak 1987an estreinatutako operagatik ez balitz, oharkabean pasako zen pasarte kurioso bat. Operak Nixonek 1972an, ping-pong erakustaldi baten aitzakian, Mao Zedongekin elkartzeko asmotan Txinara egindako bidaia kontatzen du. Vietnameko gerra eta komunisten aurkako sorgin-ehiza direla-eta, AEBetako presidente guztien artean preseski laudatuena ez bada ere, bera izan zen Txina bisitatu zuen lehena. Operaren lehen ekitalditik hasita, nabarmen geratzen da estatubatuarrek anfitrioien ohiturak eta kultura ulertzeko dituzten ezintasunak. Operaren bukaera aldean, Pekin utzi bezperako elkarrizketan, Maok bere bizitzako ametsa Asia osoan iraultza handi bat egitea dela aitortzen dio Ameriketako Estatu Batuetako politikariari. Nixonek, aldiz, berak bere jabetzapeko hanburgeseria bat edukitzearekin amesten duela erantzuten dio.

Bidaia hartatik bi urtera, Watergate auziaren ondorioz, dimisioa eman behar izan zuen Richard Nixonek. Ez dakigu hanburgeseria batean lanean eman ote zituen bere azken egunak. Mao Zedong handik lau urtera hil zen, eta gaur egun oraindik, bera da mundu mailan Txinako iraultzaren sinbolo nagusia.

Badakizu, garrantzirik ez duten gauzen artean, garrantzi gehien dutenak bihurtzen ditugula sarri askotan, garrantzizkoenak. Errekak lehortu daitezke, edo lurpean desagertu, gutxien espero duzun lekuan berriro lurrazalera agertzeko. •