GAUR8 - mila leiho zabalik

Ezkerra eta agertokien araberako politika eraginkorra


Artikulu hau idazten ari naizenean Britainia Handiko herritarrak bozkatzen ari dira. Argitaratzen denerako, ordea, hauteskundeetako emaitzak ezagutuko ditugu. Alegia, lehen ministroa Theresa May edo Jeremy Corbyn izango den jakingo dugu. Une honetan, duela bi aste ez bezala, aukera biak dira posible, zintzoak izateko laboristek irabaztea zailagoa dirudien arren. Corbynen kanpaina bikaina izan da, benetan indartsua eta ikusgarria [hemen Birminghameko mitin batean: goo.gl/XB0mWS]. Ez du aurretik esana ez zuen ezer esan, baina askok esateko zuena entzun nahi izan dute orain. May, ordea, bere kalkuluak nola okertzen ziren ikusi ahala izu-ikaran erori da. Neurritasuna galdu du eta berarentzat zentrala zen lidergo sendoaren ideiarekin kontraesankorra den ahulezia erakutsi du. Adibidez, gorputz-lengoaia aldatu zaio, are nabarmenago atentatuen ondoren, baina baita kontserbadoreen hauteskunde-manifestua defendatzeko orduan ere [Andrew Neilek BBCn egindako elkarrizketa hau horren adibide garbia da: goo.gl/iqh01m].

Batak edo besteak irabazi, politika zeharo desberdinak egingo dituzte. Jakina, Jonathan Powellek “The New Machiavelli” liburuan maisuki azaltzen duenez, beren politikak aurrera ateratzeko izango dituzten mugak itzelak izango dira, Mayrenak baino askoz itzelagoak Corbynenak. Azken batean, neoliberalismoan sistema gobernuaren gainetik dago. Boterean dagoenak herrialde bat eta jendarte bat aldatzeko askoz ere ahalmen gehiago ditu, noski. Aukerak hain irekiak dauden herrialde batean, ordea, galtzaileak politikak egiteko tarte txikia du, baina Politika egiteko aukera handiak ditu.

Garaiotan, iritzi publikoak dituen aldaketa etengabeekin, egiturek dituzten ezegonkortasunekin eta herritarren hauteskundeetako leialtasunaren ahultzearekin, hauteskunde emaitzak eta jendartearen izaera berdintzeak aldaketa politikorako aukerak ahultzen ditu. Donostian egunotan izan diren europar ezkerraren Study Days bikainetan aipatu nuenez, Trumpek irabazi zuen, baina Sandersek irabazteko aukera erreala izan zuen, Corbynek duen bezala. Jendartea berbera da, baina agertoki batean eta bestean aukerak desberdinak dira; ondorioz, estrategia desberdinak behar dira, eta ez dakit ez baterako ez besterako prest ote gauden. Sistemak fatalismoa indartzen du eta gure aurreiritzi eta nostalgiek gainontzekoa egiten dute. Adibidez, ez dugu Venezuelan kolpe bat emateko zain egon behar [irakurri Luismi Uharteren hau: goo.gl/vp2FG1], Brasilen jada kolpea eman dute-eta. «Chavez eta Lula ez ziren berdinak», esango du baten batek. Ezta Rousseff eta Maduro ere, diot nik. Urrutira joan gabe, espainiar Estatuan Podemosen arazo nagusiena ez da galtzea izan, baizik eta agertoki horretarako planik ez izatea. Eskoziar independentistak, ordea, prest zeuden. Hona etorrita: komunikabide indartsuak aurka izan arren aldaketa politikoa eman bazen, orain komunikabide horiek ahulagoak direnean, ez bota zure galeren errua beraiei.

Etxekalte ariko naiz, akaso, baina nire ustez ezkerrak abokatuak, kazetariak eta filosofoak baino beharrezkoagoak ditu uneotan ingeniariak eta ekonomialariak. Kontakizunean pattal gabiltza, eta ez dut honetan gure ardura zuritu nahi, baina are eskasagoak dira gure errepide-mapak, gure inbertsioen errentagarritasuna eta gure agertokien araberako aurreikuspenak. Efikazak bagara, gauza handiak egiteko gai gara (Arantxa Tapia bezalako “eskuineko estajanovista” berrien aurrean gure lanerako grina eta sakrifiziorako gaitasuna motelduta daudela iruditzen zaidan arren), baina batere efizienteak ez gara, gauzak egiteko inbertitzen ditugun indarrak neurgabeak dira-eta. Gure artean ez da ideologikoki “errentagarritasun politikoaren” kontzeptuaren kontra dagoenik falta; are, gastatutako indarren eta lortutako emaitzen arteko harremana aztertzearen beraren kontra daudenak ere badira, marjinalak direla sinistu nahi badut ere. Gure printzipioen sendotasunari buruzko kezkarik ez dut, baina errealitatearen analisi zuzenak eta estrategia eraginkorrak behar ditugu, printzipio horiek ez ditzaten gure amaierako helburuak ito. Errealismo politikoa materialismoaren anaia txikia da, eta beren arerioa idealismoa da. •