GAUR8 - mila leiho zabalik

Inkisizioak ez du amaierarik


Orain pare bat aste gertaturikoak gogoetarako bidea ematen duela uste dut. Zegamako sendalari bati Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 27.000 euroko isuna jarri izana. Bezero bati erreakzio alergikoa eragin zion ukendu batek eta salaketa jarri zion. 88 urte ditu Solita Apaolazak eta 40 urte daramatza horretan, arbasoen jakinduriaz baliatuta egin du ibilbidea.

Txikitatik eduki dut sendabelarrekiko jakin-mina, mendian barrena horiek ezagutzekoa eta baita horietatik eratorritako krema, ukendu, olio eta abarrak egitekoa ere. Albisteak mindu nau, baina ez nau harritu, herri jakinduriarekiko interes eza nabaria baita gurean, enpresa farmakologiko eta biomedikuntzaren mesedetan. Euskal Herrian ezagutza handia izan da sendabelarren inguruan, eta transmisio horren erakusle badira egun hainbat lagun, asko eta asko emakumeak gainera. Baina belaunaldiz belaunaldi transmitituriko ezagutzarekiko babes falta ikaragarria dago, eta, gainera, egun zientifikoki frogatzen ez den orok ez duenez zilegitasunik, ba...

Baina, bestalde, egia da, medikuntza ofizialak eskaintzen duen medikalizazio basatia dela-eta, edo maizetan ere, denerako alternatiba ezaren eraginez, gero eta jende gehiagok jotzen duela medikuntza ofizialetik at dauden bestelako jardunbideak ezagutzera, probatzera eta erabiltzera. Kontziente izanik, noski, beste edozein sendagaien moduan, ardura, erabilera egokia eta konfiantza eskatzen dituztela. Ardurarena garrantzitsua dela deritzot; aspirina bat hartzen dugunean, horrek sor ditzakeen albo kalteez ohartu behar dugu, onartu egin behar ditugu, gure gorputzean erabiltzen dugun orok baduelako eraginik. Galdera bat datorkit burura: medikuntza ofizialak eskaintzen dituen sendabideak hartu eta horiek ondoeza sorrarazten digutenean, herriko medikua, farmazeutikoa edo Bayer salatzen al ditugu? Txikia txikitzea errazagoa da beti.

Denetarako erremedio santurik ez dago, eta uste dut osabideak holistikoa izan behar duela; gorputza, emozioak eta espiritua lantzea beharrezkoa direla, alegia. Horregatik, arlo honetan ere, ez ditut gustuko betiko dikotomiak: ona eta txarra, zilegia eta iruzurra, medikuntza ofiziala eta medikuntza naturala... Bata edo bestea. Osagarriak ere izan daitezke, nahiz eta bi mundu ikuskera ezberdin izan. Beste behin ere, jakinduria kolektiboak beldurra sorrarazten du, eta, horren aurrean, erantzuna zaplaztekoa da. Eskerrak sutan erre ez zituzten sorginen ilobak oraindik bizirik dirauten (diraugun). •