GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

«LEHEN JOLASA HAURREN KONTUA ZEN»

Juanan Ruiz | Argazki Press

Pilota ona da, taldean edo bakarka jolasteko atea irekitzen du. Jolasteko modu asko biltzen ditu pilotak bere baitan. Panpina jostailu ona da, harekin hitz egin dezakezu eta zuk nahi duzuna izan daiteke, imajinatzen duzun guztia. Esaldi pare bat esaten dituzten panpina horiek, berriz, tuntunak dirudite, hori bakarrik esaten dutelako, behin eta berriz. Aldiz, egiatako panpinak, zuk esan nahi duzun guztia esaten daki. Guraizeak tresna zoragarria dira, nahi duzuna moztu eta imajinatu dezakezuna eraikitzen laguntzen dizutelako. Francesco Tonuccik esanak dira horiek denak. Jolasa ez baitago jostailuan, jolasten denaren eskuetan, buruan, emozioetan, aldartean baizik. Tonucci, baina, kezkatuta dago, «jolasaren banalizazioa» gertatzen ari dela uste baitu. «Helduak jolasaz jabetu dira. Lehen jolasa ez zen gure ardura, haurren kontua zen. Helduek apenas sartzen zuten muturra. Batzuetan jostailuak sortzen laguntzen zuten, besterik ez».

Joan den asteburuan Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia izan zen Gasteizen. Horrelakoetan jolas askea nagusitzen da, pilarik behar ez duena, pantailarik gabekoa. Guraizeak, puxika bat, lokarri pusketa bat, goizean hustutako esnearen kaxa edota jogurt potoa lagungarri gerta daitezke, baina jolasa, berez, haurrak barruan darama. Haurra jolasa da. Libre ibiltzen utziz gero, segituan agertzen da.