GAUR8 - mila leiho zabalik

Memoria


Batzuek badakite sanandresak, asentzioak, sanpedroak edo santu guztiak noiz izaten diren. Nik sanferminak bakarrik gogoratzen ditut, eta saninazioak. Badaude Realeko entrenatzaileen izenak hurrenkera zuzenean esateko gai direnak. Hitz egiten ari dira eta «emaztea abuztuaren 3koa da», esaten dute, eta zu zalantzaz beteta uzten zaituzte, eta haren nortasun agiria begiratu behar izaten duzu urtero opariren bat erosteko.

Memoria gauza bitxia da. Batzuek izenez, datez eta zenbakiz betetzen dute. Besteok irudi lausoz, bizipenez eta ametsez. Hasten zara bidaia baten kontakizuna egiten eta emazteak esaten dizu: «bidaia hori beste batekin egingo zenuen», lekuak eta oroitzapenak bat ez datozelako. Portugalera egin genuen bidaia luze batetik Lisboako San Jorge gazteluan ikusi nuen adineko gizon baten oroitzapena geratu zait. Zahartzean hura bezalakoa izango nintzela sartu zitzaidan buruan eta arratsalde osoa eman nuen hari begira eta ez nuen ondoan eseri eta galderak egiten hasi arteko onik izan.

Bavariako egonaldi batetik eguraldi ona zenean bertako baserritarrak belarra ebakitzera traktoreetan nola ateratzen ziren dut gogoan: 1 Formulan bezala, herioan ateratzen ziren bakoitza bere etxetik eta hasten ziren belarra ebakitzen. Konbentzituta nago zeinek belar fardo gehiago egin egiten zutela apustu, gauean taberna berean biltzen baitziren guztiak pitxar bana garagardo edateko eta iruditzen zitzaidan galtzaileak ordaintzen zituela guztiak.

Erroman hamar egun igaro eta Trastevereko enoteka bateko ardoaren gomuta gelditu zait, eta ezer gutxi gehiago. Demagun batzuen memoria zientzietakoa dela eta besteona letretakoa edo poetikoa.

Memoria historikoaz hainbeste hitz egiten dugun honetan Jesus Altuna antropologoak kontatu zidan istorio batekin gogoratu ohi naiz. Niauxko hartzuloaren barruan harritzar batez itxia milaka urtez egondako galeria bat aurkitu zuten, eta, harria kentzean, emakume eta haur baten oinaztura fosilizatuak ikusi zituzten: aurreko horman margoturik zeuden bisonteenganaino zihoazen eta sarrerara itzultzen ziren. Badirudi bisita horren ondoren erori zela sarrera ixten zuen harria. Zientzialariak oinazturak neurtzen ditu eta badaki zer adinekoak ziren emakumea eta haurra, baina ez daki bisonteen aurrean zer galdera egin zizkion umeak amari eta honek zer erantzun zion. Horretarako daude poetak. •