GAUR8 - mila leiho zabalik

Garai bereziak


Ahal duenarentzat behintzat uda deskonektatzeko garaia izan ohi da, pilak kargatzekoa, urtean zehar egiteko aukera edo patxada izan ez dugun hori egiteko tartea, egunerokotasunetik distantzia bat hartzeko aukera. Aldiz, abuztuan zehar, determinanteak izan daitezkeen gertaerak harilkatu daitezke Katalunian. Beraz, deskonektatu bai baina Kataluniatik datozkigun berriak gertutik zaindu beharko ditugu uda honetan.

Esaten denez, momentu historiko bat bizi denean ez da ezohikotasunaren kontzientzia izaten, a posteriori baino ezin daiteke pertzepzio hori izan. Gauza normalak gertatzen ari dira hemen: Rajoyk Auzitegi Nazionalean deklaratu du eta esan du berak presiditzen zuen alderdiaren aurrekontuaren berri ez zuela. Zalaparta sortu du horrek baina ustelkeria gauza erabat normala da Espainiako sistema politikoan. Pobreek Mediterraneoan hiltzen jarraitzen dute; gure kontzientziak astindu bai baina normaltzat jotzen ditugun paisaia mediatikoaren parte diren irudi dramatikoak telebistan berriro ere. Ahal duena opor bidaian doa, beste batzuek uda sasoiko lan prekarioren bati helduko diote. Herrietako jaiak, batzuk bukatu ahala beste batzuk hasi. Gauza normalak, ezohikotasunik ez.

Alabaina, Espainiaren historia modernoan inflexio puntu izan daitekeen azelerazio momentu baten atarian egon gaitezke. Datozen bi edo hiru urteetan gertatzen denak Espainiaren –eta ondorioz, Estatuaren barneko nazioen– etorkizun politikoa markatu dezake, eta ezohiko garai hori irailean zehar Katalunian gertatzen denak estreinatu dezake. Hipotesi bat baino ez da, baliteke horrelakorik ez gertatzea, baino nago oso kontuan hartzeko hipotesia dela. Edozein kasutan, Kataluniatik datozkigun berriek ikasturte hasiera bizia iragartzen dute ezbairik gabe.

Bien bitartean, urte politikoaren hondarrean gaudelarik, bilana egiteko sasoia ere bada. Atzera begiratu eta orain urtebete zer egoeratan geunden erreparatzen badiogu, ikasturte honetan aurreratu dena asko da. Bestelako balantze sakonagoetan sartu gabe, egindakoa zerrendatzeak iragandako urte politiko honen dimentsioa erakusten digu: Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen erronka, Sorturen kongresu birfundatzailea, Ernai eta LABen kongresuak, armagabetzea, EH Bilduren kongresua, EPPKren eztabaida. Abian eztabaida prozesuak mahaigaineratu zuen erronka: ezker abertzalea birfundatzea, fase politiko honetan askapen prozesua hauspotzeko gai izango litzatekeen ezker abertzale bat osatzea. Bada, birfundazioaren inplementaziorako ikasturtea izan da neurri handi batean iragandako hau. Eta emaitza txukuna izan delakoan nago termino orokorretan.

Baina mundua ez da gelditu ezker abertzalea barrura begirako lanetan ari zen bitartean. Eta uste dut badagoela asinkronia bat garai politiko honen tempus-en eta ezker abertzalearen barne tempus-en artean. Asinkronia hori zuzentzea nahitaezkoa da, izan ere, datozen bizpahiru urteak garrantzi berezikoak izango dira, eta ezker abertzale indartsu baten ekarpena ezinbestekoa izango da: Espainiako krisi politiko-territorialak zer norabide hartzen duen ikusiko da, zeina Kataluniako prozesu independentistaren oraingo fasearen itxierak baldintzatuko duen neurri handi batean; Euskal Autonomia Erkidegoan, estatus politikoaren eguneratze prozesuak zer norabide hartuko duen ebatziko da; Nafarroan, aldaketaren gobernuaren etorkizuna erabakiko da; Euskal Elkargoa martxan jarri eta fase berri bat gorpuztuko da Ipar Euskal Herrian; eta gatazka armatuaren ondorioen konponbidea zein oinarriren gainean eraikiko den ebatziko da, besteak beste.

Iragan den urte politikoa barrura begirako lanetarako izan bada, datorren honek indarrak askatzekoa behar du izan. Garai bereziak datoz. •