GAUR8 - mila leiho zabalik

Turismoak irentsi egingo gaitu


Turismoak kezka ugari sortuak ditu. Nagusiki uda partean ditugu jasaten bere albo kalteak, baina Donostia Europako kultur hiriburu izan den 2016az geroztik turismo basatiaren olatuak ez du etenik. Gipuzkoako hiriburuan bereziki etsigarria da egoera, nahiz eta gainontzeko hiriburuetan eta itsasertzeko hirietan ere eragina nabarmena den.

Turismo ereduaren eztabaida pil-pilean da eta Donostiako kaleetan ohikoak bilakatu dira herritarren protestak eta pintaketak, esaterako, “Tourists go home, refugees welcome”. Oinarrizko gauza asko daude arriskupean eta neurriak eskatzen zaizkie erakundeei eta arduradun politikoei.

Baina, turismoak lan aukerak eta mozkinak baino ez ote dakartza? Zein preziotan, ordea? Gaurko pagotxa ez ote da epe ertain eta luzerako miseria izanen?

Turismoaren benetako arazoa ez da soilik kaleetako jende andana. Baditu bestelako trabak; desagertzeraino kaltetzea kultur eredua, euskara, lehengaiak eta lan moldeak eta alokairuak izugarri garestitzea, besteren artean.

Turismo oldeak dakartzan multinazional harrapariek irensteko arriskuan gaude, McDonalds, PizzaQueen... Alde Zaharreko tabernak ere jada erasoa jasaten ari dira eta batzuk jada jabe berrien eskuetan ez dira gauza bera. Berezitasuna galduta, epe ertainean egungo Alde Zaharra galdu egingo da.

Herrialde folkloriko bat gehiago izan nahi ez badugu, kanpotik datorrena bertakoarekin uztargarria izateko behar beste neurri hartu egin behar dira, eta hori soilik bertakoen esku dago.

Dena den, arazoa ez da soilik hemengoa. Bartzelonako hainbat auzotan protesta aktibora jo dute eta bizi kalitatea babesteko beharra aldarrikatzen dute. Agintari batzuk bederen egoera itogarriaren larritasunaz ohartuta neurriak hartzeko prest omen daude.

Hemen bertakoak garenok beste herrialde batera joaten garenean kanpotar turista arduratsuak ote gara?

Turismoaren azaleko “glamourrak” uste baino ondorio pozoitsuagoak ekar ditzake. •