12 AOûT 2017 IKUSMIRA EKAITZAREN MEHATXUARI ZUTIK EUTSI DION EMAKUMEA Maddi Txintxurreta Baliteke emakumea itsasertzera hurbildu izana kopetilun sumatu duelako zerua. Agian bertaratu da zerua kontsolatzeko asmoz, edo, bestela, berarekin batera negar egitera, negar egitea ez baita koldarren gauza. Emakumea itsasoaren pareraino hurbildu da bere barrenak lasaitzeko. Zutik dirau emakumeak, nahiago duelako begietara begiratu datorrenari: alerta laranja Mexikon urakan arriskuagatik. Barkuaren uberak ez du marraztuko olatuek ondoren ezabatuko dutena ez besterik, eta berdin ezabatuko dira emakumearen oin arrastoak hondarretan ere. Baina ekaitza ez da hasi oraindik, eta artean badago tarterik itsasoa hazten eta zerua jaisten ikusteko. Dotore jantzi da zeru ilunari begi argiekin begiratzeko, etxerako itzulera mela-mela egiteko arriskua hartuta. Ekaitzak emakumea harrapatuko du edo emakumeak ekaitza? Talaia horretatik, lasaigarria suertatzen da eguneroko arrisku sotila den hori: «Kontuz! Ontziratze eta lehorreratze gunea». Maddi TXINTXURRETA