19 AOûT 2017 OSASUN AUTOGESTIOA Eneko Landaburu: «Lehenik bizitzaren artea dago, bizitza on, arin eta natural bat bizitzen ikastea, eta, gero, medikuntza» Burgosko Mena haranean den Cadagua ibaiaren iturburuan dagoen Uraren Etxean hartu gaitu Eneko Landaburuk. Hamarkadetan pilatutako jakinduria eta esperientzia oinarri, erreferentzia den higienista bilbotarrak medikuntzaren alternatiba bizitzen ikastea dela dio, ez beste medikuntza bat, ezta belarrak pilulen ordez erabiltzea ere. Mikel Zubimendi Berastegi Eneko Landaburu Pitarque (Bilbo, 1953) ez da ohiko medikua. Ez du mantal zuria jantzita jarduten, ez ditu egia errebelatutzat jotzen diren medikuntzaren uste asko jarraitzen. 1979. urtean Nikaragua sandinistako nekazariekin titulua estreinatu zuen bilbotarra dibulgazioaren zoro bat da. Asko irakurri eta asko idatzitakoa da. Besteak beste, “Integral” aldizkarian, “Egin” egunkarian eta irratian, “Punto y Hora de Euskal Herria” aldizkarian... aritu da medikuntzaz. Osasunaren inguruan hiru monografiko ere idatzi ditu: “Medikuntzari alternatiba, bizitzen ikasi”, “Zaindu zaitez konpa!” eta “Bat egin ezazu, konpa!”. Gero, hirurak bat eginda eta ordenatuta argitaratu zituen Txalapartak “Zaindu zaitez, konpa!” izenburupean. Euskal Herrira Atseden Etxeak eta Osasun Eskolak ekarri zituen, eta osasunaren autogestioaren aldeko Sumendi elkartea ere bultzatu zuen. Egun, Argentinako ipar-ekialdean bere neska-lagun oiondarrarekin batera dinamizatzen duen O’Paybo (guaranieraz “esnatzea” esan nahi du) atseden etxean dihardu. GAUR8k Burgosko Mena haraneko Cadaguaren iturburuan kokatuko Uraren Etxean egin du Landabururekin hitzordua. Indiano etxe dotore eta lasai horretan hartu gaitu bilbotarrak. Ahots goxo eta geldoarekin mintzo da, eskuak etengabe mugituz, eta bere hizketaldian pentsalari eta idazle askoren erreferentziak tartekatuz. Voltaire, Ivan Illich, Karl Marx edo Che Guevararen esanak ekartzen ditu elkarrizketara, bere esperientzia oinarri, ideia sinple eta bere sinplezian indartsu askoak eskaintzeko. Berdin ekartzen du elkarrizketara Marxen 1845eko “The German Ideology” liburua eta bertako «garai guztietan ideia menperatzaileak klase menperatzailearen ideiak dira» aipua edo 1960ko abuztuan Che Guevarak kubatar miliziari egindako diskurtsoa: «Sarri gure kontzeptu guztiak aldatu egin behar ditugu, ez soilik kontzeptu orokorrak, kontzeptu sozialak eta filosofikoak, baizik eta, batzuetan, baita kontzeptu medikoak ere…». Berdin Voltairen «medikuntzaren artea gaixoa entretenitzean datza, naturak gaixotasuna sendatzen duen artean» edo Illichen “Medical Nemesis” liburuaren konklusioa, hots, medikuntzak sendatu baino gaixotu egiten duela. Jakin-mina eta zentzuak bizkortuta dituela argi asko sumatzen zaio bere ezinak eta mugak umilki aitortzen dituen Landabururi. Bizitza ez medikalizatu «Osasun mailan industria farmazeutikotik independente diren informazio guneak» behar direla azpimarratzen du, Argentinan osasunaren autogestiorako liburutegi bat zabaldu berri dutela aipatuz. «Ideia horrek asko obsesionatzen nau. Ivan Illichena da idea. ‘Medical Nemesis’ liburua idatzi zuen; bonbazo bat izan zen, eskandalu bat. Bere konklusioa, datuetan oinarritutakoa, honakoa: medikuntzak sendatu baino gaixotu egiten du. Egia da batzuetan bizitzak salbatzen dituela, baina baita tratamenduetan jende pila bat gaixotzen dela ere. Duela gutxi mediku estatubatuar batek egindako ikerketa batean nabarmendu du medikuntza bera hirugarren postuan dagoela heriotza gehien eragiten duten arrazoien artean. Lehena arazo kardiobaskularrak dira, bigarrena minbizia, eta, hirugarrena, berriz, interbentzio medikuak». «Autogestioaren alde nago: jendeak informatuta egon behar du, autonomoa izan behar da, ez da medikuen esanaren hain menpeko izan behar. Osasungintza, eta Osakidetza partikularki, industria farmazeutikoak bahituta dago. Jendeak bere diruarekin ordaintzen du sistema eta diruaren zati handi bat industria farmazeutikoak eramaten du. Ni horren aurkako erresistentziaren tradiziotik nator», nabarmendu du. Etorri aparta du Landaburuk, hitz jario arina. «Orain badago medikuntza konbentzionalaren baitan ‘Ebidentzietan oinarritutako medikuntza’ deitzen den korronte bat, Ivan Illichi arrazoia ematen ari zaiona. Ikerketak ikertzen dituzten medikuak dira, metanalisietan adituak, eta publikazio zientifiko guztien konklusioak arakatu, erkatu eta konklusioak ateratzen dituzte. Adibidez, ez dago froga zientifikorik kolesterol altuak arteriak ixten dituela esateko. Horrenbestez, zertan gabiltza kolesterola jaisten efektu sekundario larriak dituzten pilulekin? Gehiegizko diagnostiko eta tratamendu bat gailentzen ari da. Bizitza medikalizatzen ari da eta jendea ez da ausartzen inolako erabakirik hartzen medikuaren baimenik ez badu, den-dena kontsultatu behar zaio, jaiotzatik heriotzaraino». Osasunaz hitz egitean denok jartzen dugu belarria, adi-adi, sexu, klase edo arrazaz gaindi denoi interesatzen zaigu gaia. Landaburuk, baina, ez du osasuna hainbeste gaixotasunarekin lotzen, ez du horri begira bakarrik jarduten. Bizitza bizitzeko modu eta jarrerekin lotzen du, bizitzaren artea landuz, bizitza on, natural eta arin bat bizitzea bere asmoen oinarrian jarriz. Bizitza on eta naturala landu «Badakizu zer? –jarraitu du hausnarketa– ‘Bizitzearen artea’ grekoz ‘higiene’ hitza da. Orain badirudi eskuak garbitzea esan nahi duela, horrekin lotzen da, baina jatorria oso bestelakoa da. Zentzu horretan, niretzat aurrena higienea dago, eta, ondoren, medikuntza. Gakoa hobe bizitzen ikastean datza. Nik beti esaten dut zenbat eta hezkuntza gehiago, orduan eta medikuntza gutxiago; zenbat eta gehiago ikasi hobe bizitzen, orduan eta gaixotasun gutxiago. Osasunaren eskola da hori: norbait gaixo dagoenean zerbait artatu, zerbaitez arduratu behar delako izan ohi da. Gakoa geldi geratu eta gorputzari hori egiten laguntzea da». Hau guztia oso kontu zabala dela azpimarratzen du. «Bizitzearen artea eta gure pentsatzeko prozesua ere lotuta daude, estresa baita gaixotasun askoren iturburua. Hobe elikatzea ere funtsezkoa da. Eta gero higiene kolektiboa dago, klase batek beste bat zapaltzea oinarri duen gizarte bat ez baita sekula osasungarria izango. Badakizu, nolako gizartea, halako medikuntza. Gizarte kapitalista batean halakoa izango da ere medikuntza. Medikuak mantal zuriarekin dabiltza baina oso baldintzaturik daude, bai industria farmazeutikoaren interes ekonomiko handien mende, bai indarrean dauden teorien mende ere». Bizitza on eta arin batez jardutean haurtzaroari garrantzia handia ematen dio, jakin-mina piztuta atxiki eta zentzuak bizkortuta izateari. Kezkaz honakoa gaineratu du: «Batzuetan haurrei jakin-mina hiltzen diete eskolan eta bertatik ‘errebotatuta’ ateratzen dira, zurrunduta, ataskatuta, gehiago ikasteko premiarik ez dutela ustez. Horrek, nolabait, bizitzaren zentzua zikiratzen duela uste dut». Mikrobioari gorrotoa Adibide txundigarriak botatzen ditu bere ideiak ilustratzeko. Sekula imajinatu gabeko loturak eskainiz eta inork gutxik dituen kezketan murgilduz. «Mikrobioari zaion gorrotoak» kezkatzen du: «Ez garamatza inora. Antibiotikoak mikrobioari ‘tiro egiteko’ erabiltzen dira, eta, txertoak, mikrobioetatik babesteko. Badirudi mikrobioak etsai ditugula. Kontua, baina, mikrobioak gure jatorria direla da: planetaren lehen izaki bizidunak mikrobioak izan ziren, hortik sortuak gara, mikrobioz beteta gaude, gure zelulen mitokondriak hor daude… Kultura biblikoaren eragin itzela dugu, Jainkoak sortu zuela mundua eta beste, baina, egun, badakigu bizitzaren jatorria mikrobioetan dagoela eta horrek zer pentsatu eman beharko liguke. Eskuak ez dakit zenbat aldiz garbitu beharra, xaboi antibakteriano horiek guztiak... Hainbat ikerketek diotenaren arabera, antibiotikoen eraginez naturan beharrezkoak ditugun mikrobioen desagerpena bultzatzen ari gara. Mikrobioaren suntsipenaren kultura berri honek bizitzaren jatorriaren inguruko gure ezjakintasuna erakusten du». Kontu hauen guztien inguruan asko ez dakiela aitortzen du etengabe. Horrek, baina, ez dio zalantza pizten duten galderak egitea eragozten. «Galdetzekoa da beste kontu bat ere: izaki bizidun guztiak autotrofoak edo heterotrofoak dira? Lehenek beren materia organikoa sortzen dute substantzia inorganikoetatik abiatuz, beren elikadura sortzen dute; horren adibide dira landareak. Baina guk ez, guk ez dakigu hori egiten. Animaliok landareen mende gaude bizi ahal izateko. Eta horrek agian bitamina gehigarrien inguruko egungo nahastea kuestionatzen du: laborategi batean garatu den zerbait asimila dezakegu landaretik pasa gabe?». Zehaztasun zientifikoaren alde Zehaztasun zientifikoaz galdetu diogu. Izan ere, Landaburu bezalako medikuei, oro har higienismoaren korronteari, zehaztasun zientifikoaren falta egozten zaie. Egia zientifikoaren aurkako inpertinente kuadrilla bat izatea egozten zaie, industria farmazeutikoaren aurka aritzen diren polemista hutsak omen dira... Beste batzuetan bezala, galdera batekin hasi du erantzuna: «Baina zientzia bera ez al da hori? Nik uste hori dela. Zientziaren aurrerabidea errebeldeek sostengatu dute. Benetako zientzialaria zalantzan murgildutako pertsona da, zalantzarekin dihardu. Ni zehaztasun zientifikoaren aldekoa naiz, erabat. Eta, horregatik, gure atseden etxeetan jendeak hobekuntzak nabaritzean, zehatz-mehatz kontatzeko eskatzen diet. ‘Hau egin nuen, eta gero hura, eta egunetara min hau joan zitzaidan’. Beste egoera eta lurralde batzuetan erabiltzeko oso baliagarria da». «Utzidazu, baina, zehaztasun zientifikoaren kontu honetan sakontzen. Oso inportantea dela deritzot. Zergatik? Izan ere, gaur egun industria farmazeutikoak gailentzen segitzen badu alternatiba fidagarririk ez dagoelako da. Ustezko alternatibak teoria eta metodo piloa dira: medikuntza txinatarra, akupuntura… Gauza piloa daude eta ikusi behar da zenbateraino den fantasia eta zenbateraino erreala. Nahaste-borraste handia dago: gaixotzen zarenean pilulak hartu behar dituzu eta terapien merkatu ikaragarria dago, galdu egiten zara bertan. Norbaitek zerbait egin behar du hori horrela izan ez dadin. Eta ja ez naiz sartzen gauza espiritualen merkatuarekin, beste munduaren kontuekin eta abar. Egun superstizio asko dago, ikaragarria da. Denetarako daude teoriak». Eta hari beretik tiraka, bere esperientzia oinarri, honakoa gaineratu du: «Galdera, baina, zera da: egun gailentzen den medikuntzak zehaztasun zientifikorik ba al du? Begira, etxe honetara mutil gazte bat etorri zen, ez dakit zenbat porro erretzen zituena eta burua apur bat nahastuta zuena. Bi antipsikotiko, bi antidepresibo, bi lasaigarri hartzen ari zen. Hori zehaztasun zientifikoa al da? Garunean sei pozoi mota sartzea zehaztasun zientifikoa al da?». Geldi geratu, animaliak bezala Farmakoen patenteak, copyrighta, dirua, lehen testu sakratu errebelatuak izan ziren bezala, osasungintzaren jainko berriak al diren galdetu diogu. «Ezin dugu ahaztu nondik gatozen eta non bizi garen. Diruak agintzen duen sistema sozial batean, medikuntza eta industria farmazeutikoa zer daude? Aparte eta isolatuta? Ez horixe! Begira zer egiten duten kolesterolarekin. Hasi ziren esaten 300tik behera osasungarria zela, gero 250, orain 200… eta zenbat eta gehiago jaitsi, orduan eta pilula gehiago saldu. Herritarrek horren aurrean kontzientzia hartu behar dute, beren buruak defendatzeko neurriak hartu behar dituzte». Atseden etxeetan eta osasun eskoletan dihardu Landaburuk. Baina arnasestuka egotera eramaten zaituen mugimendua onuragarria da, mugimendurik ez bada ezin duzulako amestu, ezin delako transzenditu. Atsedenak dena sendatzen badu eta era berean mugitu beharra badago, nola uztartu itxuran hain kontraesankorrak diruditen bi muturrok? «Guk diogu gaixotzean geldi geratzeko, animaliek egiten duten bezala. Gaixo zaudenean zure gorputzak behar duena horixe da. Orain badaukagu hemen lagun bat, gaztaroan heroina eta kokaina asko sartu zituena eta horiek utzitakoan tabakoarekin engantxatuta segitu zuena. Orain hanketan odol-fluxu falta du eta hanka mozteko arriskua. Hortxe, dudarik ez, ariketa pixka bat behar da, baina gainontzean kieto geratu beharra dago, frenoa bota. Gaixotzean erremedio asko hartzeko ohitura dago, gauza asko gorputzera sartzeko joera. Gure ustez, hori ez da bidea. Geldi egon, kieto eta jakin zure gorputzak baduela memoria kondentsatu bat, jakinduria handi bat eta zu sendatzea nahi duela. Emaiozu bakea eta lagun ezazu horretan! Gure gorputzak inteligentzia handia du, biziraupenerako instintu bat, bizitzen jarraitzeko prestatuta dago. Egin zaituen inteligentzia horrek guztiak senda zaitzake hobekien». Dardaratu lasai, estresa askatu Dardaratzeari, tentsioa eta estresa askatzeari, pertsonalki nola kolektiboki, garrantzi handia ematen dio. Tentsioa kudeatzen dakien komunitate bat osasungarria dela dio. Horren inguruko hausnarketa eskatu diogu. «Nik beti azpimarratzen dut gorputzak errekuperatzeko izan duen betidaniko gaitasuna. Sukarra eta hantura, adibidez, gorputzak errekuperaziorako dituen mekanismoak dira. Eta buruak ere baditu mekanismoak, naturak emandakoak. Nola errekuperatzen da beldur asko pasatu duen pertsona bat? Ba dardarka. Baina gure gizartean lagungarri diren prozesuok etsaitzat hartzen dira, lasaigarriekin erasotzen dira, ausarta ez den pertsona batekin lotzen dira. Baina, dardararik gabe zure bizi osoan koldarra izango zara, beti eramango duzu beldurra soinean. ‘Gizonon negarra, gizonon indarra’ kamiseta harekin gogoratzen naiz: negar egitea ez da ahuleziaren ikur, indarra berreskuratzeko modua baizik». Bukatzeko, Euskal Herri osasuntsu bat xede, azken hausnarketa bat utzi digu Landaburuk. «Jendeak gehiago parte hartu behar du osasunean. Ez dago hain otzan izaten jarraitzerik, aginteak esaten duenari men eginez. Zalantzan jarri behar ditugu kontu asko, eta, hori, pertsonalki eta herri gisa, osasungarria dela barneratu, horrela egiten dute aurrera gizarteek, zalantza landuz. Izan ere, oinarrizko gaixotasuna mendekotasuna da, dependentzia, autonomoa ez izatea, pentsamendu propioa ez izatea. Hori da sendatu behar dena, hori da beste gaixotasun guztien oinarria». «Bizitza medikalizatzen ari da eta jendea ez da ausartzen erabakiak hartzen medikuaren baimenik ez badu. Dena kontsultatu behar zaio, den-dena, jaiotzatik heriotzaraino» «Gazte bat etorri zen burua nahastuta, porroen eraginez. Bi antipsikotiko, bi antidepresibo eta bi lasaigarri hartzen ari zen. Garunean sei pozoi sartzea zehaztasun zientifikoa al da?» «Geldi egon eta jakin zure gorputzak baduela memoria kondentsatu bat, jakinduria handi bat eta zu sendatzea nahi duela. Lagun ezazu horretan! Horrek senda zaitzake hobekien» «Oinarrizko gaixotasuna mendekotasuna da, autonomoa ez izatea, pentsamendu propiorik ez edukitzea. Hori da sendatu behar dena, hori da beste gaixotasun guztien oinarria»