GAUR8 - mila leiho zabalik
BRIGADISTEN BEGIRADA

Askapenako brigadistek Palestinan eta Kuban ezagututakoaren berri eman dute

Askapenak urtero antolatzen dituen brigada internazionalistak dagoeneko Kuban, Palestinan, Italian, Mexikon eta Brasilen izan dira. Venezuela, Bolivia, Argentina-Uruguai, Bretainia eta Herrialde Katalanetakoak ere ateratzeko prest daude. Han ikusi eta bizi izandakoen kronikak bidaltzen hasi dira brigadistak.


Kuban Galfisa (Grupo de América Latina de Filosofia Social y Axiologia) institutua izan dute bidelagun Askapenako brigadistek. «Sozialismoan filosofiak duen garrantzia nabarmentzen saiatu izan dira; hala, Herri Hezkuntzaren [Educación Popular] bidez, herri mugimenduan gogoeta sustatuz; arrazoiaz aparte, emozioak ere beharrezkoak direla nabarmenduz. ‘Ekintza-parte hartze’ metodologiaren bitartez, ekologia, feminismoa, estetika (herri artea) lantzen dituzte», azaldu dute brigadistek.

Kubako ekonomiaren gaur egungo erronkez eta zailtasunez hitz egin dute: «Eguneratze ekonomiko batzuk gertatzen ari dira Kuban. Orain arte, Kubaren enpleguaren %95 Estatuaren menpe zegoen, eta horrek enplegu osoa ekartzen bazuen ere, arazoak ere ekartzen zituen. 2008tik aurrera norbere kabuz lan egiteko baimenak aldatzen joan dira. Sektore pribatuaren eta publikoaren arteko harremanek kontraesanak sortzen dituzte, ekonomiaren subjektu berrien sorrerak (autonomoak, estatuaren soldatapekoak ez direnak, kooperatibistak…) berarekin ekarri baitu eztabaida eta arautzeko beharra».

Bestalde, gaineratu dutenez, «emakumeen gehiengoak sektore publikoan egiten du lan eta pribatuan lan egiten dutenek lan erreproduktiboetan dihardute. Sektore pribatuetan soldata handiagoak jasotzeak publikoa eta kualifikatua den lana uztea ekarri du, lan erreproduktibo pribatu eta prekarizatuetan lan egiteko».

Bertako errealitatea zuzenean ezagutzeko, Habanako Colon auzoan [Consejo Popular de Colon] egon ziren, eta bertatik bertara ikusi zuten auzokideen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin prebentzio sozialaren arloan diharduten taldeen lana. «Gainpopulazioa zein zailtasun sozioekonomikoak dituen gunea izanik, kontseiluaren lan karga handituz doa», azaldu dute. Coloneko CDRn (Iraultza zaintzeko Batzordea) ere egon ziren eta bertan iraultzarekiko konpromisoa eta komandante izandako Fidelekiko maitasuna helarazi zieten: «Helarazi ziguten indarra eta borrokarako grina izugarria izan zen». Horrez gain, jabetza eta honen kudeaketaren inguruan dauden forma anitzak ezagutu, eta kooperatiba berriei Galfisak egiten dien jarraipen lanaren berri izan zuten: «Herri Hezkuntza metodologia bezala erabiliz teoria praktikara eramatea da helburua».

Bestalde, Georgina Alfonso, Filosofia Institutuko zuzendari eta Galfisako kideak feminismoari buruz emandako hitzaldian Institutu horren hainbat ikerketaren berri izan zuten. Horietako bat emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoa da: «Ikerketa hau testigantza desberdinetan zentratu zen, kubatar emakumeek sufritzen zituzten indarkeria mota desberdinak ezagutzeko. Blokeoa zela indarkeria honen sorburu nagusia ondorioztatu zen. (...). Kuban ez dagoela feminista aitortzen den mugimendurik esan digu, baina antolatuta dauden emakume taldeek praktika feministak aurrera eramaten dituztela». Halaber, Herri Hezkuntzan oinarritutako hainbat esperientzia azaldu zizkieten: «Herriaren parte hartzea, antolaketa eta borroka oinarri dituen metodologia da. Helburu pedagogiko eta politikoa du, eta indibiduotik kolektibotasunera doan prozesua da».

Palestinan, begirada feminista

Aurten, lehen aldiz, ikuspuntu feministatik aztertu eta kontatu dute ikusitakoa Palestinako lurralde okupatuetan egondako brigadistek. Hasteko, Jerusalemen, Women Center erakundearen bi proiektu ezagutu zituzten: indarkeria matxistak eragindako biktimei laguntza ematea eta atxilotuak diren umeei babes legala eta bestelako zerbitzuak eskaintzea. Gero, Israelek bertan erabiltzen dituen okupazio estrategien inguruko azalpenak jaso zituzten: «Hala nola, etxegabetzea eta etxeen eraistea. Eraisketen kostua palestinarrei eurei ordainarazten diete; etxeak eraikitzeko baimenik ez, eta ondorioz edozein txoko hartu behar izaten dute bizilekutzat; tasak ordaindu arren ez dute zerbitzurik jasotzen; kontrol sozial eta poliziala –hiri zaharrean soilik 600 kamera inguru daude–, kolonoak eta soldaduak nonahi; segurtasun enpresa pribatuen kontratazioa, nazioarteko legeetatik Israel inpune atera dadin... ».

Brigadistek gaineratu dutenez, «okupazioak baditu milaka aurpegi eta ikusezinak diren hamaika murruk oztopatzen dituzte hamarnaka mundu horiek». Bizitakoak erakutsi die «israeldarrek ez dutela soilik lurra lapurtzen eta nola historiaren, kulturaren, janzkeraren eta tradizioaren jabetzean diharduten baita ere, haien okupazioa justifikatzeko».

Palestinar lurralde osoan gertatzen denaren ispilu ezin hobea da Hebron, eta hango berri ere eman dute: «Etsaiak ez baititu soilik herrixkak eta errepide nagusiak banatzen, Hebrongo biztanleek ezin dituzte alde zaharreko euren kale estu guztiak zapaldu, kaleak ere hesiz banatzen dituztelako. Zerua itsaso zikin bat da alde zaharreko bizilagunentzat, zaborrez beteriko burdinazko sarearen eta batez ere, kolonoen azpian erresistitzen baitute».

Hebronen Badia izan zuten bidelagun, Human Right Defenderseko kidea, eta haren etxean ezagutu zuten erakunde horrek giza eskubideen urraketa oro bistaratzen egiten duen lana. Horretarako kamerak erabiltzen dituzte eta eskoletan gazteei ere filmatzen erakusteko saioak egiten dituzte. 

Etxean zirela, Badiak dei bat jaso zuen. «Soldadu israeldarrak kide baten etxera sartzen ari ziren makina bat eramateko asmoz. Korrika abiatu ginen hiria zatitzen duen checkpoint batera. Bertan ikusi ahal izan genuen soldaduen erasoen filmaketa lana eta herritarren babesa kideekiko», azaldu dute brigadistek. Etxera itzuli zirenean Badiaren bi alabak ezagutu zituzten, eta nabaria zen aztoratuta zeudela. Alaba nagusiak azaldu zien etxerakoan eraso matxista jasan zutela: «Lehenengo konplizitate momentu bat izan genuen galdetu zigunean: ‘hau han ere gertatzen zaizue zuei?’. Halaxe sentitu genuen patriarkatuak guztiok zeharkatzen gaituela; kultura bakoitzean, espresio eta era ezberdinetan gauzatzen den arren».

Aida errefuxiatuen kanpamentua ezagutzera ere joan ziren. 1950ean eraiki zuten esparru hori, Jerusalem eta inguruetako herritarrak kanporatuak izan zirenean. «Bertakoen erresistentzia inon baino ikusgarriagoa egin zitzaigun. Rakel, juduen ama omen denaren hilobia babesteko 8 metroko harresiak bihurgune itogarria osatzen du Aida inguruan. Israeldarren eskola bat dago hilobiaren ondoan, horrek presentzia militarra areagotzea dakar, eta konfrontazioa egunerokotasunean», azaldu dute.

Azkenik, Women and Media Development erakundearen lanaren berri izan zuten Betleemen. «Media errealitatearen isla den heinean errealitatea eraldatzeko tresna gisa ulertzen dute. Emakumearen irudi estereotipatuarekin hautsi nahi dute eta emakume ahaldundu, jantzi, politikan parte hartzen duenari espazioa egin. Formakuntza eskaintzen diete beraien proiektuetan detektatzen dituzten beharrei erantzuteko eta subjektu aktibo bilakatzeko. (...) Emakumeak media sortzaile izateko formatzen dituzte, horrela haien ikuspuntua ezinbestean islatuko delako bertan».

Brasilgo lurraren aldeko borrokaren lekuko

«Kolonizazio garaitik hasi eta gaur arte, luzea eta gogorra bezain oparoa da Brasilgo lurraren aldeko borroka. Florestan Fernandes eskolan astebeteko formakuntza jaso dugu Brasilera etorri garen brigadistok, besteak beste borrokaren historiaren inguruan zein Movimento Sem Terraren (MST) helburu eta jardueraren inguruan ere», azaldu du Brasilgo brigadak.

«Gaur egun 300.000 familia daude asentatuta, eta 150.000 familia inguru kanpatuta. Oro har, 2 milioi pertsonak osatzen dute MST mugimendua. Antolakuntza mailan mugimendu oso interesgarria da MST», nabarmendu dute brigadistek. «Hainbat arlo lantzen ditu, maila nazionaletik kanpaleku eta asentamenduetaraino. Sektoretan antolatzen da MST: masa borroka, formazio politikoa, hezkuntza, produkzioa, komunikazioa, proiektuen garapena, generoa, giza eskubideak, osasuna, finantziazioa eta nazioarteko harremanak lantzen dituzte. Hainbat borroka molde uztartzen ditu: lur okupazioak, kanpalekuak, martxak, gose grebak, leku publikoen okupazioak, hirietako akanpadak, bankuen aurreko akanpadak, manifestazioak, ekimen kulturalak, mistika…», gaineratu, eta bereziki nabarmendu dute nekazaritza arloko erreforma herritarra garatzeko MSTk egiten duen aldarrikapena.