GAUR8 - mila leiho zabalik

Desberdintasunen gainetik, sintonia


Aste honetan bertan hamarkada luze batez beraien berririk izan ez ditudan bi lagunekin egin dut topo: biekin opor lekuetan –baina ez espresuki leku jendetsuetan– eta biekin kasualitatez. Oso-oso atseginak izan dira bi topaketok eta geldiune lasai bat eginez lehengo eta oraingo kontuak izan ditugu berbagai, denboran atzera eta aurrera eginez: norberaren bilakaera, lagun komunen gorabeherak, gurekin jada ez daudenak, pasarte gogoangarriak… Bi kasuetan besarkada eta irribarrea partekatuta agurtu dugu elkar. Ez dugu telefono zenbakirik trukatu, baina sentsazioak –oso onak– hor gelditu dira gure baitan. Harritzekoak dira batik bat bi alderdi: bata, hain konektatuta, fitxatuta, sailkatuta eta “eskuragarri” gauden garaiotan hamabost urtean baino gehiagoan aurretik harremanetan jarri ez eta elkarren berri ez izatea. Eta bestea, hainbeste denbora igarota, elkar ikustean, nahiz eta tartean mila bizipen, esperientzia eta eraldaketa izan eta bai kasu batean zein bestean niganako (edo ni beraienganako) hain desberdinak izan, elkarrekiko hain feeling onari eustea naturaltasun osoz. Izan ere, gure aspaldiko lagun taldean baziren (eta badira) ideologikoki zein sozialki pentsaera ia muturrekoak zituztenak eta agian are eta muturrekoagoak bilakatu direnak. Hori izan zen, hain zuzen ere, poliki-poliki aldentzen joatearen arrazoi nagusiena, batzen gintuenak kenduta beste gauza askok norabide desberdinetara eraman gintuztela. Hala, zerk definitzen du lagun esamoldea? Nortzuk sartzen dira multzo horretan? Nire ustetan, gertukoagoak eta iraunkorragoak direnez gain, jakina, baita ere luzaroan elkar ikusi ez eta horretarako ahaleginik egin gabe eta seguruenik bizimodu, interes zein zaletasun erabat desberdinak izan arren, elkar topo egiterakoan halako sintonia eta sentsazio onak elkarri transmititzea lortzen dutenak, alajaina.

Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut gure bizitzan zehar izan ditugun harreman ugariez; zer esanik ez gazteagoak ginen garaian! Kalean egiten genituen ordu ia guztiak eta harreman sakonak egiten genituen jende askorekin. Are gehiago, Euskal Herrian bizi arren kalean hainbeste egote honek naturaltasunez eragiten zuen harremantzean eta, ondorioz, kuadrillakoez aparte –horregatik Euskal Herriko salbuespenezko erreferentzia– beste lagun ugari egiten genituen. Bitxia egiten zait bizitzan zehar harreman estuak izan ditudan pertsonetako asko gogoratzea –eta nahiz eta oraindik ere asko oso estimuan izan– batzuek eta besteok bidezidor desberdinetatik ekin diotela/diogula ohartzea. Arrazoi berezkorik gabe, haserrealdi eta hausturarik gabe gehienetan… Baina bizitza bidegurutzez josita dago eta nonahi erabakiekin arre edo so egin behar dugu une oro. Hala ere, jakin badakit –ez da inongo kontsolamendua, baina bai, aldiz, barreneko poza– horietako gehienak alboan jarriko liratekeela behar izanez gero; eta nik ere hala jokatuko nukeela.

Eta honekin alderatuta, sare sozialen kontua. Sozialtzat daukat nire burua baina ez diet sare sozialei harremanak egiteko edo sakontzeko erabilerarik ematen. Ziur asko luzaroan ikusi ez ditudan lagun horiek –eta beste asko– sarekatu ahal izango nituzkeen aspaldi –eta hala egin beharko nuke inoiz premia handirik banu, jakina–, baina, esaterako, Facebook-en harreman hotz bat izan baino nahiago dut uda honetan asteon gertatu den bezala hala aurkitu eta aurrez aurre elkarren berri izan; are gehiago, aukeran orain bezala opor erritmoan, horretarako ganorazko tartetxo bat hartuta gainera.

Izan ere, distantziak erlatiboak dira. Teknologia eta garraioei dagokienez, guztia gertuago dago, bai, baina gertuago adierak ez dakar derrigorrean gertutasuna. Hala, esaterako, Irlandan dudan lagun minari urtean bizpahiru aldiz telefonoz deitzen diot. Eta, aldiz, ondoko herrian bizi diren lagunekin ez naiz aspaldi elkartu. •