GAUR8 - mila leiho zabalik

Azaleko adimenak


Auzoan egin behar dituzten eraikuntza lan batzuen ildotik kezka handia sortu zaie askori. Azalpenak emateko hitzaldi batzuk antolatu ditu Londresko Udalak eta jende asko gerturatu da. Haserre dago jendea. «Goizean zein ordutan hasiko dira lanak? Asteburuetan ez dira kamioiak batera eta bestera ibiliko, ezta? Bizitegi-auzoetan errespetatu beharreko hots mailen arautzea ezinbestekoa da». Eta antzeko aipuak entzun ditut. Jendez gainezka dago aretoa. «Arratsaldea jai hartu dut hona etorri ahal izateko». «Loa asaldatzen badit, kexatu egin naiz».

Horrelakoak gara. Gure egunerokotasuna normaltasunetik ateratzen duten gauza praktikoen aurka segituan erreakzionatzen dugu. Jeneralizatuz, noski.

Lantegian inklusio astea da hau eta hainbat hitzaldi antolatu dira. Dislexia daukan gizon batek, desgaitasun horrek sortu dizkion trabak partekatu ditu, eginkizun batzuetarako bere trebetasuna zalantzan jarriz aurreiritziak entzun beharra tokatu zaio askotan. Minbizia gainditu duen emakume gazte batek, lanera itzultzean jasan behar izan zituen erreakziok kontatu ditu hurrena. Haur txikiak dituen beste emakume batek, amatasuna eta zuzendaritza postua bateragarriak direla eta oreka aurkitu daitekeela argudiatuz, bere ibilbide profesionalari buruz hitz egin du. Aste osoan zehar, bazkalorduan antzeko hitzaldiak eskaini dizkigute langile guztioi. Gelak ez dira bete. Jangela beti bezala toperaino beteta dago.

Uber taxi zerbitzuak Londres hirian ibiltzeko zuen lizentzia eten egingo zuela argitara eman zuen aurreko astean Londresko garraio erakunde ofizialak. Segurtasunari lotutako araudi batzuk ez zituela bete leporatu zion eta kontratatutako gidari batzuen jarrera desegokiak salatu zituen. Ez dituzte xehetasun guztiak argitara eman, baina emakumeei egindako erasoak ere tartean daude.

Izugarrizko arrakasta izan du Uberrek duela bost urte martxan jarri zenetik. Teknologia start-up bat bezala hasi zen, eta orain dagoeneko 40.000 gidari ditu kontratatuta Londresen, eta Uberreko ordezkariek azken egunetan esan duten bezala, 3,5 milioi pertsonak erabiltzen dute hirian haien zerbitzua. Enpresaren bigarren urteurreneko ospakizunetara joateko aukera izan nuen, eta enpresaren ekintzaile eta berritzaile aldeak garbi nabaritzen ziren: gauzak aldatzeko eta benetako aldaketa sozial bat sortzeko grina bistakoak ziren.

Sortu den iskanbilari erantzunez, Uberreko ordezkariak diskurtso emozionalarekin hasi ziren, haien langileen azalean jartzeko eskatuz, berrogei mila pertsona lanez kanpo utziko zituztela esanez; aniztasunaren kontra egindako erasoa zela ere esatera ausartu ziren batzuk, gidarien portzentaje handi bat gutxiengoan dagoen jatorrikoak dira-eta. Londresko jende askori komenentzia bat kentzen diotela ere esan dute behin eta berriz. Aipatzekoa da Uberrek eskaintzen dituen prezioak taxi tradizionalenak baina askozaz merkeagoak direla.

Change.org eskaera-plataforman 700.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena azken hiruzpalau egunetan, Uberri babesa emanez. Twiterren ere milaka eta milaka mezu argitaratu dira.

Hasierako erreakzio emozionaletik publikoki barkamena eskatzera pasatu da Uberren zuzendari orokorra, Dara Khosrowshahi. Gertaera jakin batzuk ekidin zitzaketela eta errore batzuk egin dituztela onartu ditu. Hemendik aurrera zuhurtzia handiagoz jokatuko dutela promesa ere egin du. Hiru aste ditu Uberrek apelazio formala aurkezteko.

Irudikatzen dituzue 700.000 pertsona erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen Bilboko kaleetan? Imajinatzen duzue jendeak arratsalde bat jai hartuko balu gure kulturaren aldeko eztabaida batera joateko?

Zenbaitetan irabazten digun funtsik gabeko adimenak. •