GAUR8 - mila leiho zabalik

Loturen libertatea


Datorren hilabeteak, urriak, egun seinalatu asko dizkin guretzat. Edo seinalatuak ditun lotzen gaituzten familia soketan behintzat. 6an, sei urte beteko ditun etxeko osaba hil zela. 12an, 62 egingo dizkin aitak. 17an, lau urte beteko ditun amaren aldeko aitona hil zela, eta 26an, 50era helduko dun ama. Egun seinalatu horiei guztiei, ordea, beste bat gehituko dien hik. Urriaren 4an alde egingo baitun putzuaren beste aldera, duela lau urte bezala, han egongo haiz urriko eta datozen hiruzpalau hilabeteetako egun seinalatuetan.

Baina urriaren aurretik, hire bizitzan beste egun seinalatu bat sortzeko bokazioa izan dinagu kuadrillako neskek. Gaurkoa izango dun egun hori, misterio handirik baliatu ez badugu ere, agurtzeko afaria eta parranda antolatu ditugulako. Misteriorik eza nire izaeraren parte dun, badakin kosta egiten zaidala ilusioa egiten didaten gauzak isilpean edukitzea. Eta uste dinat hik ere nahiago dunala, guztia sorpresan jasotzea baino, zenbait xehetasun kontrolpean izatea.

Hiretzat abenturaren hasiera izango dena, etxekoren batentzat atzerako kontaketa ere izango dun: amak, seguru asko, joan orduko jarriko din atzera kontua martxan; eta hasiko dun itzultzeko zenbat egun, aste, hilabete falta diren kontatzen. Nik ahal dunan ondoen pasatzea opa dinat, ahal dunan gehien gozatzea, egunerokotik ihes egiteko hartu nahi dunan distantziak itzuleran gauzak beste era batera ikusteko perspektiba ematea.

Bitartean, ea norekin partekatzen ditudan edozein taberna eta jatetxetako platerak. Ea norekin komentatzen ditudan BECeko finaleko eta hara arteko saioetako bertsoaldiak. Ea nork bidaltzen dizkidan Interneteko deskontu orrietan ikusitako eskaintzak. Behintzat, Whatsappez komunikatzeko aukera izango dinagu, GIFak bidaltzeko obsesio zoroa sartzen zaidanerako ondo etorriko dun.

Badizkinagu egun batzuk hi joan aurretik eta itzultzen haizenean ere izango dinagu zertaz aritu. Bitartean, gozatu! Errime musika taldeko lagunek dioten bezala: «Libertatea delako zeri lotu hautatzea». •