14 OCT. 2017 Berrikuntza teknologikoa hizkuntzaduna da Montse Maritxalar EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria Programazio-lengoaiak erabiltzen ditugu ordenagailuen portaera aginduen bidez kontrolatzeko. Arau sintaktiko eta semantikoak jarraitzen dituzten hizkuntza artifizialak dira programazio-lengoaiak. Baina lengoaia hauek hizkuntzarik ez izateak ez du esan nahi teknologia hizkuntzagabea denik. Teknologiaren erabiltzaile zein sortzaile gisa aritzen garenean komunikazio bide hautatzen dugun hizkuntzak eragin zuzena izango du etorkizuneko gizartean, are gehiago desabantailan dauden hizkuntzen kasuan, euskara kasu. Sakelakoa, ordenagailua edo tabletarekin elkarreragiten dugunean komunikaziorako hizkuntza hautatzen dugu, edo hautatzen digute; era berean, teknologia medio, beste pertsonekin elkarreragiten dugunean hizkuntzaren aukeraketa ere egiten dugu. Beraz, egun osatzen dugun euskal gizartearen egunerokotasuneko hizkuntza ohiturak ez dira bakarrik kale neurketetan islatzen direnak; egunerokotasuneko hizkuntzaren erabilera teknologiaren aterpean ere gertatzen ari da. Teknologia hizkuntzaduna da. Teknologiaren erabiltzaileek zein teknologiaren sortzaileek komunikazio bide gisa aukeratzen duten hizkuntzak eragin handia izango du hurrengo urteetan eraikiko dugun hizkuntza komunitatean. Hori dela eta, Euskal Herrian hainbat ekimen bultzatu dira dagoeneko. Besteak beste, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea Euskarazko Wikipedia sustatzeko sortu zen 2016an, auzolana eta jakintza askea sustatuz; Sustatu, euskaraz sortutako lehenengo weblog kolektiboa, 2001ean jaio zen, batez ere teknologia berrien inguruan informatzeko; Librezaleak aplikazio informatikoak euskaraz edukitzeko helburuz abiatu zen 2002an, softwarea euskaratzen duen edonori laguntza eskainiz; eta, IXA Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerketa taldea hizkuntzaren tratamendu automatikoan aritzen da 1987tik, euskararen gaineko ikerketa aplikatua xede nagusia izanik. Teknologia euskalduna bizirik dago. Nahikoa da urrian zehar egongo diren ekimenei begiradatxo bat ematea. Urriaren 26an Euskarabilduaren seigarren edizioa izango da Donostian, bertan komunikazioari eta marketinari buruz arituko dira gehienbat. Urriaren 20an euskal komunitatearen moodle esperientzien elkartrukerako hamaikagarren MoodleMoot jardunaldiak izango dira Gasteizen, aurten Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatuta. UEUk urteak daramatza unibertsitateko zein etengabeko prestakuntzan euskara hutsez; eta, azken urteetan, on line eskaintza hartu du ardatz estrategikotzat. Hilabete honetan antolatu dituen ikastaroei erreparatzen badiegu ondokoak aurkitzen ditugu: “Norberaren PLE-a osatzen”, “Moodle-n irakaskuntza eraginkorra nola”, “Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala” eta “R software askearen erabilera Natur Zientzietako estatistikan”; hauek guztiak euskaraz eta on line izateaz gain teknologiari buruzkoak ere badira. Bestalde, UEUk berak, EHUrekin batera, urriaren 20an hasiera emango dio bi graduondokoei, hauek ere euskaraz, on line eta teknologiari buruzkoak: “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan” eta “Itzulpengintza eta teknologia”. Aipatu ditudan guztiak hilabete honetan, Euskal Herrian, euskara nagusi eta teknologiari buruzkoak, teknologia bide dela. Poztekoa da gizarte euskaldunak erronka berriei aurre egiteko duen gaitasuna; trenak ez digu alde egingo, bertako bidaiariak baikara dagoeneko. •